Euskal txirrindularitzako eta Frantziako Tourreko maillot adierazgarrienak egongo dira ikusgai Euskadin
2023ko Frantziako Tourra uztailaren 1ean hasiko da, Bilbon, eta lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira. Lehen etapa Bilbon hasi eta amaituko da, bigarrena Gasteiztik abiatu eta Donostian izango du helmuga eta hirugarrena Zornotzatik irtengo da Baionan bukatzeko.
Hori dela eta, Bilbok, Gasteizek eta Zornotzak euskal txirrindularitzako eta Frantziako Tourreko maillot adierazgarrienen erakusketa hartuko dute. Adrian Jimenez Rubioren bildumak txirrindularitzako zaleei, eta, oro har, herritarrei kirol honen historiaz gozatzeko aukera emango die, ekipazio bereziak ikusgai jarrita.
Erakusketak bi parte izango ditu. Alde batetik, euskal txirrindulari eta taldeen eta Itzuliko maillotak (erlojupekoetarako jantziak barne) ikusi ahalko dira, eta, bestetik, Frantziako Tourreko sari nagusietako elastikoak (maillot horiak, berdeak, motadunak eta zuriak) egongo dira ikusgai, proba honetan parte hartu duten zenbait talderen edizio bereziekin batera. Gainera, Santinik (Tourraren babesle ofiziala) aurtengo edizioko zortzi maillot ofizial utziko ditu, sari bakoitzeko bi.
Horrela, ekainaren 1etik 15era bitartean, Tourreko arropak Bilboko Zabalgune eraikinean egongo dira ikusgai, eta Euskadiko hiriburuan, aldiz, euskal txirrindularitzarekin lotutako gainerakoak. Ondoren, bi hiriburuen arteko trukea egingo da; ekainaren 16tik 25era bitartean, Bilbon erakutsiko dira euskal txirrindularitzarekin lotutakoak, eta Gasteizen, Tourrekoak, ekainaren 16tik 29ra arte. Erakusketa osoa Zornotzan egongo da ikusgai ekainaren 30a eta uztailaren 8a bitartean, Zelaieta zentroan.
Bilduma ikusgarria
Taldeen (KAS, Euskaltel Euskadi, SKY, Movistar, Astana, Quick Step…) eta gaur egungo txirrindulari ezagunen (Mikel Landa, Omar Fraile, Pello Bilbao, Izagirre anaiak, Gonzalez de Galdeano, Joseba Beloki, Abraham Olano, Mikel Nieve, Haimar Zubeldia, Juanma Garate, Bingen Fernandez, Julian Gorospe…) elastikoez gain, bitxiak ere ikusi ahalko dira, hala nola Igor Astarloak Cofidis taldearekin munduko txapelketa irabazi zueneko maillota, Javier Mauleonek Mapei GB 1996 mitikoan erabilitakoa eta Jon Unzagaren 'Italiako Giroa' bertsioa, Javier Otxoa zenaren 2000. urteko Kelme Halcon Viajes taldekoa, taldekideek sinatutakoa, 'Gemeaz Cusin Zor' Espainiako txapeldunarena, Jesús Ibañez Loyo arabarraren 'Italia' edizioa, Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa historikoen janzkiak eta abar. Itzuliko liderraren maillotak ere izango ditu ikusgai, Vingegaard, Roglic eta Alejandro Valverderenak, besteak beste.
Frantziako Tourreko onenak bereizten dituzten ekipazioei dagokienez, Tadej Pogacar, Chris Froome eta jada erretiroa hartuta duten Miguel Indurain, Bernard Hinault, Eddy Merckx, Alberto Contador, Carlos Sastre eta Luis Ocaña txirrindulari ohien maillot horiak erakutsiko ditu. Erregulartasuneko maillot berdeen artean, Peter Sagan, Erik Zabel eta Oscar Freirerenak egongo dira, baita mota gorridunak ere; Samuel Sanchez, Tony Rominger, Julian Alaphilippe eta mendiko saria zazpi aldiz irabazi duen Richard Virenque ziklistenak, esaterako. Azkenik, Frantziako lasterketako gazterik onena bereizten duten zurien artean, Egan Bernal, Nairo Quintana, Andy Schleck eta 45 urterekin oraindik jardunean dagoen Oscar Sevilla txirrindulariarenak erakutsiko ditu. Santini etxeko maillot ofizialak ere izango dira, 2023ko Grand Depart Pays Basque ediziokoak, hain zuzen.
Gainera, maillot bakoitzaren ondoan azalpen bat egongo da, txirrindularia identifikatu, ezagutu eta zein urtetan jantzi zuen zehazteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan hasiko da 2026ko Frantziako Tourra, mendia eta Alpe d’Huezen itzulera protagonista dituela
2026ko Frantziako Tourrak badu mapa. Frantziako Tourra Bartzelonatik abiatuko da lehen aldiz, taldekako erlojupeko batekin, Montjuïcen, eta altuerako ibilbidea egingo du: bost amaiera maldan gora, hitzordu bikoitza Alpe d'Huezen, eta 3.333 kilometro guztira.
Frantziako Tourra Mont Ventoux mendatera helduko da
2026ko edizioa Lausanatik abiatuko da abuztuaren 1ean, eta hilaren 9an amaituko da, Nizan. Zazpigarren jardunaldian, Mont Ventoux mendatera igo beharko dute txirrindulariek; horrez gain, laugarren etapa 21. kilometroko erlojupekoa izango da.
Ferrand-Prevotek historia egin du Frantziako Tourra irabazita
Azkeneko etapa ere Vismako txirrindulari frantziarrak bereganatu du. Podiumean Demi Vollering herbeheretarra eta Katarzyna Niewiadoma poloniarra izan ditu ondoan.
Pauline Ferrand-Prevot frantziarrak Tourra erabakita utzi du, Madeleine mendatean erakustaldia emanda
Amaierarako etapa baten faltan, Ferrand-Prevotek 2:37ko aldea du Sara Gigante bigarren sailkatuarekin, eta 3:18koa Demi Volleringekin.
Maeva Squibanek bigarrenez jarraian irabazi du Frantziako Tourrean
Txirrindulari frantziarrak erakustaldia eman du eta bigarren egunez jarraian bakarka helmugaratu da.
Maeva Squiban gailendu da Amberten, bakarka, eta Kim Le Courtek maillot horiari eutsi dio, Frantziako Tourrean
Lasterketako 32. ekitaldiko aurreneko mendiko etapan, UAE taldeko txirrindulari frantziarrak eskuratu du garaipena; AG Insurance taldeko ziklista maurizioarrra, ordea, hirugarren tokian helmugaratu da, seigarren jardunaldian, eta sailkapen nagusian duen aldea, orain, zortzi segundo handiagoa da.
Lorena Wiebesek irabazi du Poitiersen, esprintean, eta Marianne Vosek Frantziako Tourreko lider jarraitzen du
Lasterketako 32. ekitaldiko laugarren etapan, ez da aldaketa nabarmenik izan sailkapen nagusian. Wiebesek, beste behin, erakutsi du munduko esprinterrik onenetakoa dela; astelehenean bezala, garaipena eskuratu du.
Lorena Wiebesek irabazi du Angerseko esprinta, eta Marianne Vosek maillot horia berreskuratu du, Tourrean
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarra, Europako egungo txapelduna bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tourrean; sailkapen nagusian, Visma-Lease a Bikeko herbeheretarra larunbateko etapan eskuratutako lehen postura bueltatu da.
Mavi Garcia nagusitu da Quimperren, eta Le Court horiz jantzi da
41 urteko Liv AlUla Jayco taldeko txirrindulariak 10 kilometro falta zirela ekin dio eraso erabakigarriari, eta 20 segundo inguruko tartea du taldearekiko.
Pogacarrek, Vingegaardek eta Lipowitzek osatu dute podioa
Tadej Pogacarrek irabazi du 2025eko Frantziako Tourra, Jonas Vingegaard bigarren izan da, eta Florian Lipowitz, hirugarren.