Galbiatik Baskonian jarraituko duela baieztatu du
Italiako entrenatzaileak zurrumurru guztiak isilarazi ditu baskoniarren aulkian jarraituko duela iragarrita.
Paolo Galbiati Kosner Baskonia taldeko entrenatzaileak ostiral honetan baieztatu duenez, Gasteizko taldean jarraituko du datorren denboraldian. Horrela, azken asteetan aukera horren inguruan sortu diren zalantzak argitu ditu.
Entrenatzaile italiarrak zurrumurru guztiak isilarazi ditu baskoniarren aulkian jarraituko duela iragarrita. "Zarata guztia bertan behera utzi nahi dut. Presidentearekin (Josean Querejeta) hitz egin dut eta oso lasai eta pozik nago zaleekin sortu dudan loturagatik", iragarri du lonbardiarrak Unicajaren aurka garaipena lortu ostean eta ACBko titulua lortzeko play-offen atarian.
Ligako balantzeaz galdetuta, 4 garaipen eta 5 porrotekin hasi ondoren, 25 partida irabazi eta 9 galdu dituztela azpimarratu du.
"Pozik nago taldeburu izateagatik, liga izugarria baita", erantsi du.