Euroliga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kosner Baskonia ondo lehiatu da Olympiakosen aurka, baina ezin izan du garaipena eskuratu (90-80)

Euskal taldeak partida ona jokatu du, oso zaila den kantxa batean, baina, azkenean, galdu egin du, eta bolada txarrean jarraitzen du Euroligan.

Evan Fournier (Olympiacos) eta Trent Forrest (Baskonia)

Trent Forrestek 11 puntu sartu ditu. Argazkia: Europa Press.

Kosner Baskoniak galdu egin du, Olympiakosen aurka, 90-80, 2025-2026 denboraldiko Euroligako hogeita hamabigarren jardunaldian, Pireon, ostegun gauean. Horrenbestez, euskal taldeak Europa mailako txapelketako azken postuetan jarraitzen du, eta ezin izan dio amaiera eman horretan daraman bolada txarrari; hori bai, partida ona egin du, eta ondo lehiatu da oso zaila den kantxa batean.

Grezian jokatutako norgehiagokan, Paolo Galbiatiren gizonak aurretik izan dira markagailuan  lehenengo bi laurdenetan. Atsedenaldian, emaitza 41-40koa zen, eta, hala, Baskoniak aukera guztiak zituen garaipena lehiatzeko; hirugarren laurdenean, Olympiakosek zazpi puntuko aldea bereganatu du, azken hamar minutuak gelditzen zirenean 69-62 gailentzen ari baitzen.

Azken zati horretan, Greziako taldeak hamaika puntuko abantaila ere jarri du (73-62koan, 77-66koan eta 80-69koan), baina Baskoniak ez du amore eman, eta soilik laura jarri da, 82-78koan. Euskal taldeak ezin izan du markagailua erabat irauli, eta, azken finean, Olympiakosek garaipena poltsikoratu du, partidako minutu erabakigarrietan.

Kosner Baskoniako jokalariak, orokorrean, ondo aritu dira, baina nabarmentzeko modukoa da nola Eugene Omoruyik hamazortzi puntu sartu dituen; Luwawu-Cabarrotek beste hamalau egin ditu, eta, gainera, bost errebote harrapatu.

Fitxa teknikoa

90 – Olympiakos (19+22+28+21): Walkup (2), Dorsey (15), Ward (3), Vezenkov (20) eta Milutinov (17) -hasierako bostekoa-, Peters (3), Papanikolau (3), Fournier (6), Joseph (4) Jones (15), Morris (-) eta Mckissic (2).

80 – Kosner Baskonia (24+16+22+18): Forrest (11), Villar (4), Radzevicius (2), Omoruyi (18) eta Diakite (11) -hasierako bostekoa-, Luwawu-Cabarrot (14), Spagnolo (1), Frisch (9), Simmons (10) eta Nowell (-).

Epaileak: Emin Mogulkoc (Turkia), Tomislav Hordov (Kroazia), Sergio Silva (Portugal). 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X