MUNDUKO PILOTA TXAPELKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal Selekzioak ezin izan du urre gehiago batu Mundialeko azken egunean

Frontballan, pilota egokituan zein pala motzean jokatutako finaletan galtzaile atera dira, zilarrezko dominak eskuratuz. Aldiz, Miren Larrartek brontzezko domina irabazi du frontballeko hirugarren postuagatiko lehian.
Euskadi Mundiala
Pala motzeko pilotariak. Argazkia: EITB

Euskal Selekzioko pilotariek ezin izan dute urreak batzen jarraitu igande honetan Buenos Aires eta Colonia del Sacramentoko (Uruguai) frontoietan jokatu dituzten Munduko Pilota Txapelketako finaletan. Frontballan, pilota egokituan zein pala motzean jokatutako finaletan galtzaile atera dira, zilarrezko dominak eskuratuz. Aldiz, Miren Larrartek brontzezko domina irabazi du frontballeko hirugarren postuagatiko lehian.

Frontballa

Gizonezkoen finalean, Julen Alberdi euskalduna eta Abraham Moctezuma mexikarra aritu dira aurrez aurre. Moctezuma hobeto hasi da, pilotari indartsu emanez eta Alberdi atzera egitera behartuz, eta berarentzat izan dira lehen sei tantoak. Hala ere, Alberdik egoerari buelta eman eta berdindu egin du markagailua beste sei tantorekin. Baina ezin izan dio erritmoari eutsi eta mexikarra nagusitu da lehen jokoan (6-10).

Bigarren jokoan ere ez du zorterik izan. Euskal ordezkaria atzetik joan da uneoro, eta  hiru tanto besterik ez ditu egin. Hala, Moctezuma nagusitu da 3-10, 2-0 orotara, eta Alberdik zilarrarekin konformatu behar izan du.

Emakumezkoen txapelketan, Miren Larrartek brontzezko domina irabazi du, hirugarren postuaren lehian Julieta Rengel venezuelarra garaituta. Bidaniako aurrelariak 0-2 (10-5 eta 10-8) gainditu du venezuelarra, mendean hartzeko borrokatu egin behar izan den partidan.

Pilota egokitua

Pilota egokituko finalean, German Elkorok eta Edorta de Antak Dorian Navarro eta Maxime Cabanne frantziarrak izan dituzte aurkari. Oso parekatuta hasi da jokoa, bi bikoteak tantoak trukatuz.

Baina tantoek aurrera egin ahala, frantziarrak erosoago sentitu dira frontoian eta aurrea hartu dute, lehen jokoa bereganatu arte (15-9).

Bigarren jokoko lehen tantoak euskaldunenak izan dira, baina hortik aurrera aurreko gidoi berdina jarraitu du partidak. Frantziako selekzioak aurrea hartu du berriz ere eta, oraingoan gehiago lehiatu ahal izan diren arren, euskaldunek porrot egin dute (15-9).

Hortaz, Elkoro eta De Anta ere zilarrarekin itzuliko dira etxera.

Pala motza

Euskadik eta Espainiak jokatu duten pala motzeko finalean, Esteba Gaubeka-Jesus Imanol Ibañez eta Carlos Baeza-Javier Insausti Galilea bikoteek neurtu dituzte indarrak.

Ondo hasi dute partida euskaldunek, markagailuan aurrea hartuz eta azkar batean tartetxo erosoa lortuz. Lehen jokoa euskaldunen alde erori da, 9-15, tanto bakoitza borrokatu behar izan dutelarik.

Bigarren jokoa, baina, oso bestelakoa izan da. Oraingoan Espainia izan da abantaila izan duena. Euskadi markagailuari buelta emateko zorian izan da bikain aritu den tantoei esker, baina ez du lortu eta, 15-11ko emaitzarekin, hirugarren jokora joan dira.

Azken tantoak biziak izan dira, urduritasun askokoak, eta 5-5ekoa sinatu arte, oso berdinduak. Hortik aurrera, Espainia hobea izan da, eta azkenean garaipena lortu dute, 10-5.

Hala, pala motzean ere zilarrarekin konformatu behar izan da Euskal Selekzioa.

Publizitatea
X
Publizitatea
X