MUNDUKO PILOTA TXAPELKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi partida irabazita eta bat galduta ekin dio Euskal Pilota Selekzioak Argentinako Munduko Txapelketari

Nagore Martin eta Julen Alberdik euren lehiak bereganatu dituzte, Munduko Pilota Txapelketako lehen jardunaldian. Gizonezkoen gomazko paletan, aldiz, Mexikoko ordezkariak Unai Sagarzazu eta Julen Loidi baino gehiago izan dira.

Nagore Martín de Euskadi celebra ante Maider Ardanaz Dufur de España este jueves, en el Mundial de Pelota Vasca 2026, en Buenos Aires (Argentina). EFE/ Nehuen Rovediello

Nagore Martin bere neurketan lortutako tantoetako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Euskal Pilota Selekzioak bere hiru partidetatik bi irabazi ditu bart, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren (FIPV) Munduko Txapelketaren hogeigarren edizioko estreinako jardunaldian. Txapelketa urriaren 15etik 24ra bitartean ari da jokatzen Argentinan eta Uruguain.

Nagore Martin, garaile faborito nagusiaren aurka

Estreinaldia ezin hobea izan da; izan ere, emakumezkoen gomazko pilotako paletan, 30 metroko pilotalekuan, Nagore Martin gasteiztarrak Maider Ardanaz Espainiako ordezkariari irabazi dio. Ardanaz txapeldun izan zen iaz jokatutako Nazioen Ligan, eta, hartara, txapelketa bereganatzeko faborito nagusia da.

Nagore oso indartsu atera da, arriskatuz, eta, tanto ugari pilatu ditu alde (10-6 jarri da aurretik). Aitzitik, Ardanazek erreakzionatu egin du 10-9ra arte, baina euskal pilotariak, oso sendo itxi du lehen seta (15-11). Bigarrenean, ordea, aldatu egin da joera: Ardanazek estutu egin du, eta set oso lehiatuaren ondoren, 8-15 irabazi du. Hirugarren eta azken setean, Martinek, oso kontzentratuta bera, tanto bakoitza borrokatu du, 8-4 ihes egin du eta 10-4 itxi du partida.

Julen Alberdiren erakustaldia frontballean

Bere aldetik, Julen Alberdi zizurkildarrak goitik behera menderatu du Andoni Larzabal Frantziako selekzioko jokalaria, gizonezkoen frontballean. Lehen tantoak oso lehiatuak izan badira ere, denak izan dira Alberdiren aldekoak, eta lehen seta 0-10 bereganatu du. Atsedenaldiaren ostean, Larzabal bere jokoa aldatzen saiatu da, baina euskal pilotariak bikain erantzun du: hasierako 1-1ekoaren ondoren, bederatzi tanto jarraian kateatu ditu eta 1-10eko emaitzarekin itxi du partida.

Galdu Mexikoren aurrean

Azkenik, gizonezkoen gomazko pilotako paletan, 30 metroko pilotalekuan, Euskal Pilota Selekzioak Mexikoren aurka neurtu ditu indarrak, urrea lortzeko faboritoaren aurka. Lehen setean, Unai Sagarzazuk ezin izan du Molina geldiarazi (3-15). Bigarren setean, bi selekzioek pilotariz aldatu dute: Mexikok Olvera kantxaratu du eta Edu Lobato euskal hautatzaileak Julen Loidi sartu du. Loidi, joko gogor eta azkarrarekin, aurretik joan da markagailkuan setaren hasieran, baina, azkenerako, amore eman behar izan du Olveraren aurrean (10-15). Horrenbestez, Mexikok garbi erakutsi du zergatik den urrea irabazteko hautagai nagusia.

1. jardunaldiko emaitzak:

  • Emakumezkoen gomazko pilotako paleta (30 m) : Nagore Martin (Euskadi) vs Maider Ardanaz (Espainia): 2-1 (15-11, 8-15, 10-4)
  • Gizonezkoen frontball-a: Andoni Larzabal (Francia) vs Julen Alberdi (Euskadi): 0-2 (0-10, 1-10)
  • Gizonezkoen gomazko pilotako paleta (30 m): Molina eta Olvera (México) vs Unai Sagarzazu eta Julen Loidi (Euskadi): 2-0 (3-15, 10-15)
Publizitatea
X
Publizitatea
X