Aritz Elustondok jokalari txuri-urdin izateari utziko dio denboraldi amaieran
Klubak jokalariari jakinarazi dio bi aldeak lotzen dituen kontratua ez duela berrituko. Beasaingo futbolariak, kapitainetako batek, 2014ko abenduan egin zuen debuta, eta 310 partida ofizial jokatu ditu lehen taldean ibili den 11 denboraldietan.
Aritz Elustondo eta Mikel Oyarzabal kapitainak, Errege Koparekin. Argazkia: EFE
Aritz Elustondok jokalari txuri-urdin izateari utziko dio denboraldi honen amaieran, Realak ohar batean jakinarazi duenez. Klubak jokalariari jakinarazi dio bi aldeak lotzen dituen kontratua ez duela berrituko. Horrenbestez, Beasaingo futbolariak, taldaren kapitainetako batek, amaiera emango dio talde txuri-urdinean egin duen ibilbideari.
Aritz Elustondok 2014ko abenduan egin zuen debuta, Oviedon, Kopako partida batean. Egun hartatik gaur arte, 310 partida ofizial jokatu ditu lehen taldeko kide izan den 11 denboraldietan.
“Zelai barruan eta kanpoan eredu, Aritz edozein taldetan ezinbesteko den jokalari horietako bat izan da”, azpimarratu du Realak. “Etengabeko errendimenduko futbolaria izan da eta beti jokatzeko prest egon da azken hamarkadan txuri-urdinen aulkitik igaro diren entrenatzaile guztiekin”, erantsi du taldeak.
Lau partida geratzen dira aurretik, horietako bi Anoetan jokatzekoak, eta familia txuri-urdin osoak Elustondori “merezi bezala” agur esatea espero du Realak. “Handienetako bat badoa. Gutako bat. Eskerrik asko denagatik, Aritz”, esanaz amaitu du oharra talde txuri-urdinak.