Realak porrota jaso du Sevillan, Matarazzoren taldearen partida eskasa egin du (1-0)
Alexis Sanchezek bigarren zatian sartutako golak erabaki du norgehiagoka. Realak minuturik onenak partida hasieran eta bigarren zatiaren hasieran izan ditu, baina ez du asmatu azken metroetan.
Alexis Sanchez, gola errematatzear. Argazkia: EFE
Realak 1-0 galdu du astelehen honetan Sevillaren aurka Ramon Sanchez-Pizjuan futbol-zelaian jokatu duen neurketan. Txuri-urdinek ez dute partida ona egin eta bigarren zatian ordaindu dute. Garaipenak jaitsieratik atera du talde andaluziarra, eta Alaves sartu du zuloan.
Sevilla nagusi izan da partidako lehen zatian, baina Donostiako taldearen area inguruan ez da fin ibili. Andaluziako taldea hamaika aldiz saiatu da, baina ez du asmatu, eta atsedenaldira 0-0ekoarekin iritsi dira.
Aldageletatik bueltan, Reala biziago hasi da, eta abagune guztiak baliatu ditu hasierako minutuetan. Oskarssonen erdiraketa batek ez du errematatzailerik aurkitu. Baloia Oyarzabalen aurretik pasa da, eta Barrenetxearen oinetan amaitu du. Haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora.
Alexis Sanchezek 49. minutuan aurreratu du Sevilla, Maupayk area barruan emandako pasea ederki aprobetxatuta, eta Remiro gainditu du. Txuri-urdinen defentsak nahiko makal jardun du jokaldi horretan.
Matarazzok Kubo zelairatu du, Sevilla estutzen saiatzeko. Reala baloiaz jabetu da golaren ostean, baina sakontasun handirik gabe. Bestalde, Sevillak beste aukera bat izan du kontraerasoan, 69. minutuan. Alexis Sanchezek beste pase bat eman dio Vargasi area barruan, baina suitzarraren jaurtiketa lekutara joan da, bigarren gola egiteko dena alde zuela zirudienean.
Entrenatzaile estatubatuarrak Yangel Herrera, Sucic eta Wesley zelairatu ditu. Azken txanpan, Agoumeren gol bat baliorik gabe utzi du epaileak, jokoz kanpo zegoelakoan. Matarazzoren taldeak erdiraketak egin eta baloiak area barruan sartu ditu partida amaieran, baina Sevillak ongi defendatu du eta Donostiako taldeak ezin izan du berdinketa lortu.