Badajozek Kopatik kanpo utzi du Eibar (3-1)
Eibarrek ez du jarraituko Errege Kopan, merezimenduz galdu baitu ostegun honetan Badajozen aurka (3-1), txapelketako final-hamaseirenetako kanporaketan.
Armaginek arriskua sortuz ekin diote neurketari, lehenengo minutuan Extremadurako taldearen ateko langaren aurka jo baitu baloiak, eskuin aldetik erdiratutako jokaldi batean. Hori bai, Fobi atzelaria izan da bere atean gola sartzetik gertu egon dena, arriskua alderatzeko ahaleginean.
Aitzitik, hurrengo minutuetan, etxekoak izan dira jokoaren ekimena bereganatu dutenak, eta 21. minuturako 2-0 irabazten jarri dira. Lehendabiziko gola kontraeraso batean etorri da, eta Fobi bera arduratu da Badajozen lehena erdiesteaz, Ekhi Bravo ezker hegalekoaren defentsa gainditu ostean (8. minutua).
Handik gutxira, jokalari berak izan dira protagonista berriz ere Eibarren area barruan, Ekhik penaltia egin baitio Fobiri, eta hala adierazi du epaileak. Alex Correderak ez du etxekoen bigarren gola erdiesteko aukera paregabea huts egin penalti puntutik.
Nuevo Vivero futbol-zelaian bildutako ikusleak zoratzen zeuden, Bigarren B Mailan ari den etxeko taldea garbi ari baitzitzaion nagusitzen Lehenengo Mailakoari. Dena den, Charles armaginak Badajozeko zaleen poztasuna zertxobait eten du 27. minutuan, Traorek penaltia egin baitio Eibarko aurrelariari, eta brasildarra bera arduratu da markagailuko aldea murrizteaz (2-1).
Badajozek ez du behera egin gol hori jaso ostean, eta ia berehala hirugarrena erdiesteko parada izan du geldikako jokaldi batean, baina Caballeroren ahalegina Yoelen atetik kanpora joan da gutxigatik (31. minutua).
Lehiak ez du bizitasunik galdu atsedenaldira heldu bitartean, eta Eibar gailentzen joan da apurka-apurka, baina aukera garbirik sortu gabe.
Bigarren zatia hastearekin batera, Jose Luis Mendilibarrek lehen aldaketa egin du, Cubero aldageletan utzi eta Edu Exposito berdegunean jarrita.
Tarte horretan, neurketaren erritmoa asko baretu da, baloi-jabetza gipuzkoarrena zelarik erabat, baina kostatu egiten zitzaien aurkariaren atean arriskua sortzea.
Aitzitik, lau minuturen buruan (57an eta 61ean) Marik eta Quique Gonzalezek bi abagune nabarmen izan dituzte, area barrutik egindako bi jaurtiketaren bitartez, baina Garrantxo etxekoen atezainak aldendu egin ditu ahal izan dituen moduan.
Zoritxarrez armaginentzat, balizko berdinketatik 3 eta 1ekora igaro da markagailua. Extremadurakoek korner bat atera dute, eta lehen zutoinean jauzi egin duen Pablo Vazquezek baloia doi-doi ukitu du sare barrura bidaltzeko, defentsa eta atezaina ustekabean harrapatuta.
Gol horrekin kanporaketa guztiz erabakita geratu da, hortik eta aurrera gipuzkoarrak ezinean ibili baitira. Edu Expositok azken saiakera egin du urrutitik, baina langatik gora joan da bere jaurtiketa.
Fitxa teknikoa:
3 – Badajoz: Garrancho, Fobi, Morgado, Vazquez, Traore, Bikoro, Sergi Maestre, Guzman (Aquino, 65. min), Caballero, Corredera (Portero, 89. min) eta Santamaria (Candelas, 80. min).
1 – Eibar: Yoel, Correa (Tejero, 63. min), Cubero (Edu Exposito, 45. min), Paulo Oliveira, Ekhi Bravo, Cristoforo, Sergio Alvarez, Mari, De Blasis, Quique Gonzalez (Sergi Enrich, 74. min) eta Charles.
Golak: 1-0, 7. min: Fobi. 2-0, 20. min: Corredera (penaltiz). 2-1, 28. min: Charles (penaltiz). 3-1, 71. min: Pablo Vazquez.
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Guzman eta Maestre (Badajoz); Correa eta Cristoforo (Eibar).
Zure interesekoa izan daiteke
Eibarrek laugarren garaipena jarraian lortu du Ceutaren aurka (3-0)
Armaginek zazpi jardunaldi jarraian daramatzate puntuak lortzen, eta play-off postuak lortzeko lehian sartu dira.
Eibarrek amaiera eman dio bolada txarrari, Costa Adeje Teneriferen aurka puntu garrantzitsua lortuta (0-0)
Eibarrek balio handiko puntua bereganatu du gaur Costa Adeje Tenerife ligako laugarren sailkatuaren aurka, defentsan talde lan bikaina eginda. Horrenbestez, armaginek bederatzi porroteko bolada txarra eten dute, eta horrek lasaitasuna emango die hurrengo neurketei konfiantza gehiagorekin aurre egiteko.
Anaitz Arbilla: “Taldea prest dago osteguneko partidari aurre egiteko"
Anaitz Arbillak prentsaurrekoa eman du ostegunean Sanseren aurka jokatuko duen partidari begira taldea nola dabilen azaltzeko. Jokalari nafarrak taldeak azkeneko boladan izan duen hobekuntza nabarmendu du.
Eibar igotzeko postuetara begira jarri da, Las Palmas garaituta (3-1)
Kanarietako taldearena izan da baloiaren jabetza, baina armaginak askoz eraginkorragoak izan dira areatan. Javi Marton funtsezkoa izan da garaipena lortzeko, bi gol sartu baititu.
Burua altxatu ezinik segitzen du Eibarrek (2-1)
Eibarrek 2-1 galdu du Deportivoren aurka Coruñan jokatu duen partida, Iara Lacostak egin duen golari esker markagailuan aurreratu bada ere. Horrenbestez, bederatzigarren porrota jarraian jaso dute armaginek.
Eibarrek burua altxatu ezinik jarraitzen du, Real Madrilen aurka ere galdu du eta (0-1)
Eibarrek 0-1 galdu du Real Madrilen aurka, F Moeve Ligako 23. jardunaldian, etxean. Eibarrek etxean jokatutako 11 partidatan bost gol besterik ez ditu sartu, eta Real Madrilen aurkako partidarekin zortzigarren porrota jasan du jarraian.
Eibarrek play-offekin amesten jarraitzen du Andorra mendean hartu ostean (0-1)
Eibarrek bigarren garaipena jarraian lortu du etxetik kanpo, Andorrari 0-1 irabazita, Peru Nolaskoainen golari esker. Talde armaginak zortzi partida kateatu ditu galdu gabe, eta igotzeko play-offean postu bat lortzeko aukerak ditu oraindik.
Eibarrek zazpigarren porrota jaso du jarraian, Espanyolen aurka, Bartzelonan (2-0)
Dinamika txarra izan arren, talde armaginak 17 punturekin jarraitzen du sailkapenean, Alhamak mugatutako jaitsiera postuetatik zortzi puntura.
Eibarrek etxeko bolada eten du, Burgosen aurka golik gabe berdinduta (0-0)
Armaginek gola egiteko aukera argiak izan dituzte, baina ezin izan dute Burgosen atea zulatu.
Eibarrek madarikazioa hautsi eta denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo (0-1)
Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu du, Leganesen aurka 0-1 irabazita, Peru Nolaskoainen golari esker.