Alavesek dena emanagatik, Real Madrilek erdietsi du garaipena (0-1)
Alavesek 0-1 galdu du Real Madrilen aurka Mendizorrotzan, eta, horrenbestez, ezin izan dio jarraipena eman Gironan lortu zuen garaipenari, jaitsierako postuetatik gehiago urruntzeko.
Chacho Coudeten taldea oso ondo aritu da lehen zatian, baina markagailuan Real Madrilek hartu du aurrea, Camavingak sartutako golari esker.
Atsedenaldia baino lehen, Soto Grado epaileak Kylian Mbappe kanporatu du, falta beldurgarria egin baitu, eta Carlo Ancelottiren taldea gizon bat gutxiagorekin aritu da hainbat minutuz.
Babazorroak saiatu dira, baina Madrilek atzera jo du, eta ondo babestu da bigarren zatian. Gainera, 70. minutuan, epaileak txartel gorria atera dio Manu Sanchezi, eta partida gehiago zaildu da etxeko taldearentzat.
Alaves indarrean hasi da, eta Carlo Ancelottiren taldeari asko kostatu zaio bere jokoa egitea. Babazorroek presio handia egin dute, baloia galtzen zuten bakoitzean, eta Real Madrili kontraerasoan ateratzea oztopatzen jakin dute. Gainera, Courtoisen ate ingurura ere arriskuarekin heltzeko ahalmena izan dute.
Hala ere, lehendabiziko abisua Madrilgo taldeak eman du 18. minutuan. Korner batean, Asenciok gola sartu du, baina Soto Grado epaileak baliorik gabe utzi du, jokaldia VAR-eko monitorean ikusi ostean, Rudigerrek Owono atezainari falta egin diola adierazita.
Sustoa gaindituta, Alavesek berean jarraitu du, eta Kike Garciak gola egiteko aukera izan du, area barrutik jaurtiketa eginda. Baloia gora joan zaio.
Handik gutxira iritsi da Real Madrilen 0 eta 1ekoa. Camavingak egin du area kanpotik baloia gogor astinduta.
Neurketa aldapa gora jarri zaio Chacho Coudeten taldeari, baina ez du atzera egin. Alderantziz, tinko jarraitu du, eta Carlos Vicentek abagune bikaina izan du berdinketa lortzeko.
38. minutuan gertatu da partidako jokaldi erabakigarria: Mbappek sarrera izugarria egin dio Antonio Blancori, zelai erdian, eta epaileak txartel gorria atera dio, falta VAR-eko monitorean berrikusi eta gero.
Real Madril jokalari bat gutxiagorekin geratu da, eta horrek emaitza iraultzeko itxaropena piztu du Gasteizko taldean.
Bigarren zatian, baina, Alavesi gehiago kostatu zaio arriskua sortzea, Ancelottiren taldeak pauso bat atzera eman baitu, jokalariak defentsa lanetan pilatuta.
Kike Garcia edota Toni Martinez saiatu dira, baina ez dute asmatu, eta minutuak igaro ahala, Real Madril lehen zatian baino erasoago egon da zelaian, bat gutxiagorekin aritu arren.
Gainera, indarrak berriro parekatu dira 70. minutuan, epaileak Manu Sanchez kanporatu duenean. Erdilariak Viniciusi falta gogorra egin dio, eta Soto Gradok txartel gorria atera dio, jokaldia VAR-eko monitorean berrikusi ostean.
Jokaldi hori ere erabakigarria izan da, eta partida aldatzea eragin du, Alavesen kaltetan, zelaian zuen abantaila bakarra galtzea ekarri baitio.
Indarrak berriro parekatuta, Real Madrilek bigarrena egiteko aukera izan du, Bellinghamen eskutik, eta babazorroak azken segundoraino saiatu dira. Baina ezinezkoa izan zaie. Gutxirekin irabazi du du Ancelottiren taldeak.
FITXA TEKNIKOA
0- Deportivo Alaves: Owono; Tenaglia, Mouriño, Abqar (Diarra, 76. min), Manu Sanchez; Antonio Blanco (Protesoni, 83. min), Joan Jordan (Guevara, 76. min); Carlos Vicente, Aleña (Cabanes, 83. min), Carlos Martin (Toni Martinez, 60. min); eta Kike Garcia.
1- Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Asencio, Rüdiger, Fran Garcia (Brahim, 77. min); Valverde (Ceballos, 92. min), Tchouameni, Camavinga; Arda Güler (Bellingham, 62. min), Mbappe eta Rodrygo (Vinicius, 62. min).
Gola: 0-1, min.34: Camavinga.
Epailea: Soto Grado. Txartel hori atera die Alaveseko Jordani, Carlos Martini eta Tenagliari, eta Real Madrileko Camavingari, Lucas Vazquezi, Viniciusi eta Courtoisi. Txartel gorria atera die Kylian Mbapperi eta Manu Sanchezi.
Zure interesekoa izan daiteke
Dafne Triviño: “Alavesek prozesuan sinetsi du, eta emakumezkoen taldea lehen mailara igotzea da saria"
Bigarren mailan hiru denboraldi gogor eman ostean, Alaveseko emakumezkoen taldea maila gorenean lehiatuko da datorren denboraldian. Dafne Triviño kirol arduradunak klubaren konpromisoa azpimarratu du. "Alavesek prozesuan sinetsi du", horren arabera, eta konfiantza hori funtsezkoa izan da emakumezkoen futboleko maila gorenera igotzeko helburua lortzeko.
Ander Guevara: “Alavesekin 100 partida betetzea gauza inportantea da niretzat"
28 urteko gasteiztarrak 100. partida jokatu zuen Arabako taldearekin aurreko asteburuan, Osasunaren aurkako derbian. Asteburu honetarako beste erronka bat dauka: Alavesek Realaren aurka jokatuko duen derbia irabaztea.
Sanchez Flores: “Ondo lehiatzeko eta aurkari ona izateko asmoa dugu”
Quique Sanchez Flores Alavesen entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du, Realaren aurkako derbiari buruz hitz egiteko. Aurkariaren kalitatea azpimarratu du, eta adierazi du ahalik eta ondoen lehiatzeko gogoz jardungo dutela. (Adierazpenak, gaztelaniaz).
Angel Perez, Realaren aurkako derbiari buruz: “Badakigu ez dela batere erraza izango, baina hiru puntuak nahi ditugu”
Angel Perez Alavesen jokalariak prentsaurrekoa eman du babazorroek asteburu honetan Realaren aurka jokatuko duten derbiari buruz hitz egiteko.
Toni Martinez: “Atzetik hasten zarenean partida bikoitza da"
Toni Martinez Alaveseko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Osasunaren aurka 2-2 berdindu ondoren.
Elene Errasti: “Egun berezia da, inoiz ahaztuko ez duguna"
Gloriosas Alaveseko jokalariak maila gorenera igo ostean hitz egin du.
Alaves Gloriosas lehen mailara igo da!
Europaren aurkako garaipenari eta Valentziarekiko puntu aldeari esker, Gasteizko taldeak igoera zuzena ziurtatu du.
Sanchez Flores: “Partida bakoitza irabaztera irten beste aukerarik ez dugu ikusten"
Quique Sanchez Flores Alaveseko entrenatzaileak "finala" balitz bezala hartu du igandean Osasunaren aurka jokatuko duten derbia. Geldialdiak Alavesi taktika lantzeko aukera eman diola azpimarratu du, partida horri begira baikor agertu da, eta "arima osoa" eta "energia guztia" jarriko dutela esan du.
Pablo Ibañez, igandeko Alaves-Osasuna derbiaz: “Partida oso berezia izango da niretzat”
Kirol ibilbide osoa Osasunan eman eta gero, Alaveseko erdilariak taldekide ohiak izango ditu aurkari Mendizorrotzan. Derbian, Gasteizko taldea saiatuko da islatzen Sanchez Flores entrenatzaileak jokalariei adierazi diena.
Andrea Esteban: “Asteburu honetan taldea maila gorenera itzuliko dela ziurtatzea espero dut"
Hain zuen, Valentziak Bartzelona B liderraren zelaian jokatuko du; beraz, Valentziak galdu edo berdintzen badu eta Alavesek Cacereño mendean hartzen badu, babazorroak maila gorenean arituko dira datorren denboraldian.