Oriok gero eta gertuago du Euskotren Ligako titulua, Getariako Ikurrinan nagusitu ostean
Orio nagusi izan da beste behin eta ligako titulua gero eta gertuago du. Getariako Ikurrinan nagusitzeko, bigarren luze aparta baliatu dute oriotarrek, Arraun Lagunak atzean utziz eta denboraldiko zortzigarren bandera jarraian lortuz.
Estropadaren hasieran nabarmena izan da ligako bi protagonista nagusien arteko parekotasuna. Lehenengo luzea ia parean egin dute, eta ziabogara segundo bakarreko errentarekin iritsi dira oriotarrak. Hori bai, bigarren luzean ligako liderrek beste martxa bat sartu dute eta Arraun Lagunakek ezin izan dio eutsi. Oriok 9 segundo atera dizkio Arraun Lagunaki helmugan. Hirugarren posturako borrokan, gaur, Donostiarra izan da nagusi 11 segundora helmugaratuta. Tolosaldea laugarren izan da 12 segundora.
Euskotren Ligako sailkapen nagusian, Oriok abantaila gero eta handiagoa du. Lau estropadaren faltan, 38 puntu ditu liderrak. Bigarren da Araun Lagunak, 32rekin. Hirugarren postuan Donostiarra dago 16 punturekin, eta laugarrenean Tolosaldea 14rekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Elorza: “Errotazioak eginda txalupa ondo ibiltzea oso garrantzitsua da guretzat”
Iñaki Elorza, Orioko arraunlariari, gaurko estropada lurretik ikustea tokatu zaio. Hala ere, oso kontentu dago bere taldearen garaipenarengatik eta, bereziki, traineruak erakutsi duen mailarengatik, nahiz eta arraunlari aldaketak egin azken estropadarekin konparatuta. Hurrengo estropadetan ezin direla lasaitu ere esan du, beste ontzien maila oso altua baita.
Xanti Zabaleta: “Ilusio handiz gaude, etxeko estropadan gure lana erakutsi nahi dugu”
Hamairu arraunlari berri ditu Oriok aurtengo denboraldian, eta igandean etxean ariko da Euskotren Ligako estropadan. Denboraldiko hitzordu berezienetako bat izango da oriotarrentzat, zaleen aurrean lehiatzeko aukera izango baitute. Xanti Zabaleta entrenatzaileak adierazi duenez, taldeak ilusioz bizi du etxeko estropada. “Etxeko parrokiaren aurrean denboraldi hasieratik egindako lana erakutsi nahi dugu, baita taldeak dituen gogoa eta ilusioa ere”, esan du Zabaletak.
Euskotren Ligako Orio taldeko 16 arraunlarik oharra kaleratu dute, Zuzendaritza kritikatuz
Oharrean diote Zuzendaritzak zalantzan jarri duela eta ez dituela baloratu taldeak 2025eko denboraldian egindako lana, lortutako emaitzak eta izandako profesionaltasuna. Horrez gain, salatu dute gutxietsiak izan direla emakumeak izateagatik.