Oriok geldiezin jarraitzen du Hondarribiko Bandera irabazita
Oriok irabazi du Hondarribiko Bandera eta bere bolada bikainari jarraipena eman dio zazpigarren bandera jarraian lortuz. Arraun Lagunak azken luzean atzean utzi eta gero, oriotarrek bost puntuko abantaila lortu dute Euskotren Ligako sailkapenean.
Ligako lehen bi sailkatuek lehia estua izan dute hasieratik. Lehen luzean Arraun Lagunak izan da aurretik eta lan erditan bi segundoko errenta izan du Oriorekiko. Ziaboga egin bezain pronto, aldiz, oriotarrek aurrea hartu dute eta garaipenaren bila joan dira. Azkenean, bost segundora sartu da Arraun Lagunak. Hirugarren posturako lehian, Tolosaldea nagusitu da 11 segundora helmugaratuta. Laugarren amaitu du Donostiarrak, 17 segundora.
Euskotren Ligako sailkapen nagusian, Orio da lider sendoa 34 punturekin. Bigarren da Araun Lagunak, 29rekin. Hirugarren postuan Donostiarra dago 14 punturekin, eta laugarrenean Tolosaldea 13rekin.