Hondarribia, garaile Castroko Banderan Urdaibai mendean hartuta
Hondarribiak irabazi du Castroko Bandera igande honetan (abuztuak 14) estropadan jaun eta jabe izan ostean. Gipuzkoako taldeak puntu bat jan dio sailkapen nagusian Eusko Label Ligako liderra den Urdaibairi. Bermeoko taldea bigarren izan da Castron.
Ohorezko txandako lehen luzean parekotasuna izan da nagusi Hondarribiaren eta Urdaibairen artean, baina hiru segundoko errentarekin irten dira gipuzkoarrak lehen ziabogatik. Bermeokoen ostetik maniobra hirugarren postuan egin du Ondarroak eta laugarrenean Cabok. BIgarren luzearen ostean Hondarribiak mantendu egin du Urdaibarekiko zuen hiru segundoko errenta; Ondarroak txandako hirugarren postuan jarraitu du Caborekiko abantaila handituta.
Hirugarren luzean utzi du estropada erabakita Hondarribiak, Urdaibarekiko zuen abantaila zortzi segundora handituta. Azken luzean erritmoari eutsi diote eta garaipena bereganatu dute 20:30eko markarekin. Urdaibai bigarren izan da, bost segundora. Bigarren txandan lehiatu den Donostiarrak 20:37ko marka egin du, eta hirugarren izan da estropadan bere txandan nagusi izan ostean. Bermeoko taldeak 34 ehunen soilik atera dizkio Donostiakoari. Laugarren amaitu du Oriok (20:45).
Estropadako bosgarren postua Getariarentzat (20:54) izan da, seigarren bukatu duen Santurtziri 36 ehunen aterata. Zierbenak (20:56) amaitu du zazpigarren, Ondarroak (21:03) zortzigarren, Kaikuk (21:07) bederatzigarren eta Cabok (21:08) hamargarren. Ares (21:12) izan da azken-aurreko, eta Lekittarra (21:14) azkena.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko liderra da Urdaibai (149 puntu) eta hiru puntu ateratzen dizkio bigarren den Hondarribiari (146 puntu). Donostiarra da hirugarren 144 punturekin, liderrarekiko bost puntura. Jaitsiera saihesteko lehian, Santurtzi (59 puntu) hamargarren postuan dago, Lekittarra (54 puntu) da azken-aurreko eta Ares (43 puntu) azkenengo.
Zure interesekoa izan daiteke
Ibai Camarero, Hondarribiko arraunlaria: “% 100a ematen dugu estropadetan eta emaitzak lortu ditugu”
Hondarribia bosgarren doa Eusko Label Ligako sailkapen nagusian. Ibai Camarero arraunlaria elkarrizketatu dugu eta egindako lanaren ondorio dela azaldu digu. Taldearen gaztetasunaren harira, “traineruan harrobiko hamaika arraunlarirekin” aritzea lortu dutela azpimarratu du, baita pozik dabiltzala ere.
26 urteko elkarlana du oinarri Hondarribiak
Euskotren eta Eusko Label ligak Hondarribian jokatuko dira igandean. Ama Guadalupekoa ontzia maila nagusian izan da beti txapelketa horretan, sortu zutenetik. Hiru zutabe nagusi daude lorpen horren atzean: Joxemi Elduaien presidentea, Mikel Orbañanos entrenatzailea eta Joseba Amunarriz patroia. 26 urte daramatzate klubean.
Belaunaldi aldaketa betean dago Hondarribia
Duela bi urte Hondarribiako zortzi arraunlarik taldea utzi zuten. Ondorioz, harrobiko hainbat arraunlari igo zituzten lehen taldera. Horien artean Iker Huarte, Mattin Colas eta Xabier Olaskoaga daude.
Miren Garmendia eta Joseba Amunarriz, denboraldiko patroirik onenak
Gaur banatu dira denboraldiko patroirik onenen sariak. Bai gizonen eta bai emakumezkoen kasuan Hondarribiko patroiei eman dizkiete, Miren Garmendia eta Joseba Amunarrizi, hain zuzen ere.