Remco Evenepoel, Europako txapeldun, esprint apoteosiko batean Ciccone garaituta
Giulio Ciccone ezustekoa eman eta urrea lortzeko zorian izan da, baina azken metroetan Remco Evenepoelek aurrea hartu dio, ozta-ozta izan bada ere; foto finisha erabili behar izan dute irabazlea nor izan den jakiteko. Christian Scaroni italiarra izan da hirugarrena.
Remco Evenepoel eta Giulio Cicconeren arteko esprinteko foto finisha. Argazkia: UEC cycling
Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak irabazi du Eslovenian jokatuko den Europako Txapelketa, esprint estu batean Giulio Ciccone txirrindulari italiarra ozta-ozta garaituta; foto finsha erabili behar izan dute irabazlea bietako zein izan da argitzeko.
Brontzezko domina, berriz, Christian Scaronirentzat izan da. Txirrindulari italiarra bakarka helmugaratu da, ia minutu batera.
Txirrindulariek 196,3 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute, Ljubljana eta Sencur artean. Evenepoelek eta Cicconek 4 ordu, 16 minutu eta 37 segundo behar izan dituzte ibilbidea osatzeko.
Txirrindulari belgikarra erori egin da helmugarako 38 kilometro falta zirenean, Mozjanca igotzen ari zirenean, baina ez du minik hartu eta berehala altxatu da lasterketan jarraitzeko. Gainera, handik kilometro batera jo du eraso erabakigarria, Cicconerekin batera.
Bi txirrindulariak elkarrekin egin dute aurrera, eta tartea zabaldu dute, gainerako faboritoak atzen utzita. Horrela, biak batera iritsi dira azken kilometrora, eta elkarrekin lehiatu dute garaipena.
Azken bihurgunean, Cicconek aurrea hartu dio Evenepoeli, eta zuloa irekitzea ere lortu du. Belgikarrak sekulako ahalegina egin behar izan du hura harrapatzeko, eta biak batera helmugaratu dira, esprint ikusgarri batean. Hain estua izan da lehia, bietako bat ere ez dela ausartu garaipena ospatzera.
Azkenean, teknologia erabilita, garailea Evenepoel izan dela baieztatu dute, eta belgikarrak gogotik ospatu du. Ciccone, berriz, zilarrarekin konformatu behar izan da.