2025eko Euskal Herriko Itzuliko 4. etaparen profila, ibilbidea, ordutegia: Beasain-Markina-Xemein (169,6 km)
Apirilaren 10ean, ostegunez, 2025eko Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa jokatuko dute. Beasainen hasiko da, gerora Bizkaian sartu, berriro ere Gipuzkoara bueltatu, eta Bizkaian bukatuko da, Markina-Xemeinen. 64. Itzuliaren laugarren jardunaldiko ibilbideak 169,6 kilometro izango ditu, eta txirrindulariek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren zazpi mendate igo beharko dituzte; horietako bat, helmugarako hamar kilometro baino pixka bat gehiago geldituko direla igoko dute, 1. mailako Izua da. Maila horretako lehenengoa da, aurtengo ekitaldian, eta antolatzaileek hauxe diote horren gainean: "Hor erabakiko da, zalantzarik gabe, etapako garailea, eta sailkapen nagusiak ere aldeak izango dira". Tropela 13:03an hasiko da lanean, eta irabazleak 17:17tik 17:43ra bitartean altxatuko ditu besoak, helmugako pankartapean.
Hala, Itzuliak, Beasain atzean utzita, Zumarragan, Udanan eta Oñatin izango da, eta, ondoren, etapako lehenengo mendatea igoko dute ziklistek: 3. mailako Asentzio da hori, eta 44,2. kilometroan dago kokatuta. Orduan hasiko dira txirrindulariak Bizkaiko errepideetan barrena; Berrizetik igarota, Muniketa igoko du lasterketak. Hori ere bada 3. mailakoa da; hurrengo 45 kilometroetan, guztira, 3. mailako beste lau mendate gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek: Bizkaiko Behatokia, Orontzugarai, Lekoitzegane eta Merelludi. Muniketa ere kontuan izanik, horiek denak 72,3. kilometrotik 117,4. kilometrora bitartean izango dira.
129,6. kilometroan, eguneko aurreneko esprint berezia jokatuko dute; Mutrikun egingo dute, Mijoan. Hogei kilometroren buruan, Elgoibarren, Sigman, bigarrena izango da. Eta, jarraian, Izuarako igoerari ekingo diote; 1. mailako mendate horretan, txirrindulariek 3,5 kilometroko igoera egin beharko dute, eta batez besteko malda % 10,6koa du, baina, adi, Itzuliaren antolatzaileek hauxe nabarmentzen baitute: "Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo; aldiz, Matsaria industrialdetik joango da, baserri artean doan eta % 20ko maldak dituen errepide oso estu batetik".
Izuak helmugarako hamaika kilometro gelditzen direla du pankarta, eta hori igota, txirrindulariak, azkar-azkar jaitsita, Markina-Xemeinen izango dira, etapa jokatzeko. Bizkaiko herri horretan erabakiko da nor den 64. Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapako irabazlea.
Jarraitu etapa, zuzenean, 15:05etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 4. etapa (apirilak, 10)
Ibilbidea: Beasain – Markina-Xemein
Distantzia: 169,6 km
Hasiera-ordua: 13:03
Amaiera-ordua: 17:43 (38 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:17 (42 km/h)
Goranzko desnibel metatua: 2.881 metro
Mendiko saria: Asentzio (3. mailakoa), 44,2. kilometroan; Muniketako gaina (3. mailakoa), 72,3. kilometroan; Bizkaiko Behatokia (3. mailakoa), 80,9. kilometroan; Orontzugarai (3. mailakoa), 87,8. kilometroan; Lekoitzegane (3. mailakoa), 98,9. kilometroan; Merelludi (3. mailakoa), 117,4. kilometroan; Izua (1. mailakoa), 158,6. kilometroan.
Zure interesekoa izan daiteke
''Matxin'': ''Saiatuko gara Almeidak, etapa irabazita, lehen postuari eusten''
UAE taldeko zuzendariak, Joao Almeidak Itzuliko laugarren etapa eta lasterketako maillot horia eskuratuta, nabarmendu du nola portugaldarra ohitu behar den Itzuliaren ibilbideetara, alegia, nagusi diren mendate laburretara.
Etapa eta maillot horia Joao Almeidarentzat, Markina-Xemeinen, Itzuliko laugarren egunean
UAE taldeko portugaldarrak Izuan utzi ditu atzean aurkari guztiak, eta bakarka helmugaratu da; sailkapen nagusian, 30 segundora du Schachmann, orain arteko liderra. Alex Aranburuk, bikain beste behin, bosgarren postua lortu du.
Izuako igoerak Almeida aukeratu du 4. etapako irabazle eta Itzuliko lider berri
UAEko txirrindulari portugaldarra Izuako igoeran nabarmendu da -3,5 km-koa % 10,6ko maldarekin- eta garaipenarekin sailkapen nagusiko lidergoan kokatu da, Maximilian Schachmann Soudal Quick-Step taldeko alemaniarraren lekua hartuta.
Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristik Itzuliko 4. etapako Izuarako igoeraren xehetasunak eman dizkigu
2025eko Itzuliko laugarren jardunaldian, txirrindulariek Izua igoko dute, Matsaritik. Euskaltel-Euskadi taldeko Txomin Juaristi ziklistarekin izan gara, igoeraren nondik norakoak bertatik bertara aztertzeko.
Xabier Usabiagaren hausnarketa Itzuliko 4. etapako ibilbideaz: Izuako jaitsieran, teknika ezinbestekoa
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapa Beasainen hasiko da, Bizkaian sartu, berriro Gipuzkoara itzuli, eta Bizkaian bukatzeko, Markina-Xemeinen, eta ibilbideak 169,6 kilometro izango ditu. Xabier Usabiaga adituak etaparen analisia egin du.