Hamar mendate puntuagarri izango dira 2025eko Itzulia Women lasterketaren hiru etapetan
2025eko Itzulia Women lasterketa maiatzaren 16an hasiko da, ostiralez, hiru etapa izango ditu, eta hilaren 18an amaituko da, igandez. Asteazkenean aurkeztu dute lasterketaren laugarren ekitaldia, eta hauek izango dira etapak: Zumarraga-Agurain, Ugao-Igorre eta Donostia-Donostia. Ibilbidean, mendiko sailkapenerako puntuagarriak izango diren hamar mendate igo beharko dituzte parte-hartzaileek; horietako bat, hain zuzen ere Jaizkibel, 1. mailakoa izango da, hiru 2. mailakoak, eta 3. mailako sei. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, hiru etapak emango ditu, zuzenean, 12:00etatik aurrera.
Hauek dira 2025eko emakumezkoen Itzuliaren hiru etapak:
1. etapa (maiatzak 16, ostirala): Zumarraga-Agurain, 148,5 kilometro
Lasterketako lehenengo etapa Zumarragako Udaletxe Plazan hasiko da maiatzaren 16an, ostiralez, 9:31n, 148,5 kilometroko ibilbidea du, eta Agurainen amaituko da, 13:18tik 13:43ra bitartean. Gipuzkoan eta Araban barrena ibiliko dira txirrindulariak; ekitaldi honetako etaparik luzeena da.
Ziklistak, Zumarraga atzean utzita, Legazpin, Udanan eta Oñatin izango dira, 42,8. kilometroan 3. mailako Arlaban igo baino lehen. Araban sartuta, 74,4. kilometroan, Agurainen, 2025eko Itzuliko aurreneko esprint berezia jokatuko dute, eta, jarraian, 2. mailako Opakua igo; mendate horretako pankarta 83,5. kilometroan da, 7,1 igoerak kilometro ditu, eta batez besteko malda % 5,8koa du. Lehen eguneko mendaterik gogorrena da, hala.
Kanpezun, 105,9. kilometroan, etapako bigarren esprint berezia izango da, eta lasterketa, gerora, 3. mailako Azazetara abiatuko da; hori 126,4. kilometroan dago. Puntu horretan, Aguraingo helmuga 22 kilometroa izango dute txirrindulariek; Arabako udalerri horretan jakingo dugu zein ziklistak eskuratzen duen garaipena Itzuliko lehenengo etapan, eta irabazleak, hori gutxi balitz bezala, beste sari eder bat ere erdietsiko du, alegia, lasterketako maillot horia janztea.
2. etapa (maiatzak 17, larunbata): Ugao-Igorre, 116 kilometro
Ugaoko Udarriaga kalean hasiko da, 10:24an, maiatzaren 17an, larunbatez, 2025eko emakumezkoen Itzuliaren bigarren etapa. Jardunaldiak 116 kilometro izango ditu, eta Igorren bukatuko da, 13:20tik 13:40ra bitartean; ziklistak Bizkaian hasiko dira, Arabara pasako dira gero, eta, azkenean, Bizkaira sartuko dira, berriz ere.
Etapako lehen kilometroetan, Arrankudiagan, Aretan eta Laudion gozatuko dute Itzuliaz, lasterketa Orozkora iritsi aurretik; jarraian, 26,6. kilometroan, parte-hartzaileek 3. mailako Bikotxgane igoko dute. Jaitsiera bukatuta, Artean izango dira ziklistak, eta horiek Lamindao igoko dute; 2. mailako mendatea da Lamindao, zortzi kilometrokoa, eta batez beste, % 4,9ko malda du. Etapako 36,3. kilometroan izango da.
Igorren eta Lemoan izango da lasterketa gerora, eta, 71. kilometroan, 3. mailako Gerekiz igoko dute. Atsedena hartzeko tarte txikia izanda, 80,1. kilometroan, Arrieta igoko da Itzulian; hori ere bada 3. mailakoa, eguneko laugarren eta azken mendate puntuagarria. 95,9. eta 110,3. kilometroetan, hurrenez hurren, hau da, ia-ia etapako azken hogei kilometroetan, Larrabetzuko eta Lemoako esprint bereziak jokatuko dituzte. Igorren izango da helmuga, eta Bizkaiko udalerri horretan argituko da, besteak beste, nork lortzen duen eskubidea sailkapen nagusiko liderrari dagokion maillot horia janzteko, Itzuliko azken etapan zehar.
3. etapa (maiatzak 18, igandea): Donostia-Donostia, 112,6 kilometro
Aurreikuspena da 2025eko Itzuliaren hirugarren etapa erabakigarria izatea. Donostian hasiko da, eta Gipuzkoako hiriburuan bertan amaitu, 112,6 kilometroko ibilbidea eginda, eta Gipuzkoan osorik jokatuta. Txirrindulariak maiatzaren 18ko 10:07an irtengo dira Alderdi Ederretik (igandea da), eta antolatzaileek kalkulatu dute irabazleak 13:04tik 13:22ra bitartean altxatuko dituela besoak, helmugako pankartapetik.
Donostiatik, Itzulia Añorgara, Hernanira, Astigarragara eta Oiartzunera abiatuko da. Jarraian, Jaizkibelerako igoerari ekingo diote txirrindulariek, alegia, probako ekitaldi honetako mendaterik gogorrenari. Jaizkibelek 7,9 kilometro ditu, eta, batez beste, % 5,6ko malda; etapako 42,4. kilometroan izango du pankarta.
Irun atzean utzita, ziklistek 3. mailako Gurutze igoko dute, 60,8. kilometroan. Pasai Antxo irtengo da kalera txirrindulariak txalotzeko, eta, 75,6. kilometroan, Donostian berriro, eguneko aurreneko esprint berezia jokatuko dute; bigarrena Usurbilen izango da jokoan, 87,2. kilometroan, Mendizorrotz igo baino lehen. Azken mendate hori, 2. mailako Mendizorrotz, erabakigarria izan liteke, kontuan izanik gogorra dela eta helmugarako hamar kilometrora dagoela. 6,4 kilometroko luzera du, eta batezbesteko malda % 5,2koa dauka.
Mendatea jaitsita, Itzuliko parte-hartzaileak ia-ia helmugan izango dira, eta han geldituko da erabat argi 2025eko Itzulia Womeneko palmaresa.
Zure interesekoa izan daiteke
Bredewold: ''Gustuko ditut esprintean amaitzen diren egun gogorrak''
Mischa Bredewoldek irabazi du 2025eko Itzulia Womeneko 1. etapa. Iazko lehendabiziko bi etapa garaipenak ere bereak izan ziren. Herbeheretarrak begiz jota zeukan Aguraingo helmuga.
Garaipena eta lidertza Mischa Bredewoldentzat, Agurainen
Itzulia Womeneko 1. etapa esprintean bukatu da, eta Aguraingo helmugan Mischa Bredewold izan da azkarrena. Anna van der Breggenek eroriko larria izan du helmugarako 8 kilometro falta zirenean.
2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako azken kilometroa eta esprinta
Mischa Bredewold SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra gailendu da Agurainen, Itzulia Womeneko aurreneko etapan; halaber, Bredewoldek, esprinta eskuratuta, maillot horia ere bereganatu du.
Bredewold nagusitasun handiz gailendu da Agurainen, eta bera izango da Itzuliko lehen liderra
Lehendabiziko etapa esprintean bukatu da, eta Mischa Bredewold izan da azkarrena helmugan. Anna van der Breggenek eroriko larria izan du helmugarako 8 kilometro falta zirenean.
Anna van der Breggenek erorikoa izan du Itzulia Womeneko 1. etapan
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra helmugarako 7,8 kilometro gelditzen zirenean erori da. Faborito nagusietakoa denak lasterketan jarraitu ahal izan du, eta etapa amaitu du.
2025eko Itzulia Womeneko 1. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zumarraga-Agurain (148,5 km)
Laugarren ekitaldiari hasiera emateko, aurtengo etaparik luzeena jokatuko dute. Txirrindulariak Gipuzkoan eta Araban barrena ibiliko dira, eta hiru mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte; horietako bat, Opakua, 2. mailakoa da.