Nico Denzek trantsiziozko etapa irabazi du Rivolin, ihesaldiko indartsuena izan baita
Bora hansgrohe taldeko Nico Denz txirrindulari alemaniarrak irabazi du 2023ko Italiako Giroaren hamabigarren etapa, ostegunean, Rivolin, helmugan izandako esprintean Tom Skujins (Trek) eta Sebastian Berwick (Israel) menderatuz. Ineos taldeko Geraint Thomasek ez du arazo handirik izan sailkapen nagusian lehen postuan dagoen ziklistak janzten duen maglia arrosari eusteko; trantsiziozko jardunaldia izan da, eta lasterketako indartsuenek indarra gorde dute, kontuan izanik ostiraleko etapa 1. mailako Crans Montana mendatean amaituko dela.
Hiru lasterketa handietan lortutako lehen garaipena du Nico Denzek. Alemaniarrak erakustaldia eman du egun osoan: lehenik, egunaren lehen zatian, tropela atzean utzi duen 30 gizonek osatutako taldean sartu da; gero, ia-ia 100 kilometro geratzen zirela, lasterketa buruan kokatu da, Skujinsekin, Berwickekin eta Alessandro Tonellirekin; jarraian, Colle Braida 2. mailako mendatean, harekin batera helmugaratu diren bi ziklisten erritmoari eutsi dio, Tonellik ez bezala; eta, azkenik, esprintean, nagusitasun handia erakutsi du beste bi iheslariak mendean hartzeko. Ausardia, indarra eta kemena izan ditu, eta merezitako saria jaso.
Asteazkeneko etapan, euskal txirrindularitzak nahigabea izan zuen, Oscar Rodriguezen eroriko larriagatik; nafarrak Giroa utzi behar izan zuen. Ostegunean, baina, Jonathan Lastra Cofidis taldeko bilbotarrak erakutsi du sasoi onean dabilela; bera ere sartu da ihes egin duen 30 ziklistak osatutako taldean, eta helmugan hemeretzigarren postuan sartu da. Sailkapen nagusian, hamazortzigarren tokian dabil, Thomasekiko bederatzi minutu eta segundo batera. Bizkaitar Giro ona ari da egiten.
Tarte batzuetan busti badu ere, aurreko egunetan baino gutxiago bota du; horrez gain, nahiko goiz argitu da garaipena ihesaldian zegoela, eta aurreko taldea, gainera, sakabanatuta geratu da, oraindik aurretik kilometro asko zeudela. Ondorioz, etapa garaipenaren lehian ibili ez diren txirrindularien lana asteko gainerako etapetan baino lasaiagoa izan da.
Nico Denzek lortutako garaipen handia, horrenbestez, oso bestelakoa izan litekeen beste egun baten atarian izan da. Giroaren hamahirugarren etapa, ostiralekoa, Borgofranco d'Ivreatik irtengo da, eta Crans Montana mendatean amaitu. 199 kilometro izango ditu, eta 1. mailako hiru mendate: Grand Saint-Bernard, Croix de Coeur eta Crans Montana; hain zuzen, helmuga azken horretan izango da. Badirudi eguraldi oso desatsegina izango dela, eta horrek areagotu egingo du etaparen gogortasuna; azterketa zaila dute, beraz, Geraint Thomas liderrak eta bere aurkariek, Giroa irabazteko lehian jarraitzeko.
12. ETAPA
Etapako sailkapena
1 - DENZ Nico (BORA) 4:18:11
2 - SKUJINŠ Toms (Trek) m.t.
3 - BERWICK Sebastian (Israel) +0:03
4 - TONELLI Alessandro (Green Project) +0:58
5 - FRIGO Marco (Israel) +2:07
6 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +2:20
7 - BETTIOL Alberto (EF Education) d.b.
8 - SCARONI Christian (Astana) d.b.
9 - HESSMANN Michel (Jumbo) d.b.
10 - BAUDIN Alex (AG2R) d.b.
19 - LASTRA Jonathan (Cofidis) +3:46
Sailkapen nagusia
1 - THOMAS Geraint (INEOS Grenadiers +49:02:05
2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:02
3 - ALMEIDA João (UAE) +0:22
4 - LEKNESSUND Andreas (Team DSM) +0:35
5 - CARUSO Damiano (Bahrain) +1:28
6 - KÄMNA Lennard (BORA) +1:52
7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +2:32
8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d.b.
9 - DE PLUS Laurens (INEOS) +2:36
10 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +2:48
18 - LASTRA Jonathan (Cofidis) +9:01
------------------------------
Zure interesekoa izan daiteke
2026ko gizonezkoen eta emakumezkoen Italiako Giroko ibilbideak aurkeztu dituzte
Gizonezkoen lasterketak 40,2 kilometroko erlojupeko bat eta goi-mendiko bost etapa izango ditu; emakumezkoenak, berriz, bederatzi etapa izanen ditu, aurreko bi ekitaldietan baino bat gehiago.
2026ko Italiako Giroa Bulgariatik irtengo da
Miroslav Borshosh Bulgariako Turismo ministroak agerraldi ofizial batean iragarri duenez, 2026ko Giroko lehen hiru etapak Bulgarian izango dira.
Elisa Longo Borghini italiarrak irabazi du Giroa, eta Liane Lippertek azken etapa
Italiarrak 4. egin du azken etapan, Marlen Reusser 3.aren eta Anna van der Breggen 2.aren atzetik. Lipperten denbora beran helmugaratu da Van der Breggen, eta 8 segundora sartu dira gainerakoak.
Sarah Gigante australiarrak irabazi du Giroko 7. etapa, eta Elisa Longo jarri da lider
4:44:14ko denborarekin helmugaratu da Gigante, Longo Borghini heldu da ondoren, 45 segundora, eta Isabella Holmgren kanadarra izan da hirugarren, 1:14ra.
Lippert nagusitu da Giroko seigarren etapan, eta Reusserrek maglia arrosari eutsi dio
Lippertek hamaikagarren garaipena lortu du profesional mailan, Fenix-Deceuninck taldeko Pauliena Rooijakkers (2 segundora) eta Lidl-Trekeko Shirin van Anrooij (46 segundora) gaindituta.
Lorena Wiebesek eskuratu du Monseliceko esprinta, eta Reusserrek maglia arrosari eutsi dio, Italiako Giroan
SD Worx-Protime taldeko esprinter herbeheretarrak, hala, hamabost garaipen daramatza 2025eko denboraldian; horietako bi, Giroan. Anna van der Breggen taldekidea, gainera, sailkapen nagusiko hirugarren postura igo da.
Lorena Wiebesek irabazi du Trenton, esprintean, eta Anna Hendersonek lider jarraitzen du, Italiako Giroan
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarrak bereganatu du lasterketako hirugarren etapa, eta Lidl-Trek taldeko ziklista britainiarrak sailkapen nagusiko lehen postuan segitzen du. Usoa Ostolaza mendiko sailkapeneko lider jarri da.
Anne Hendersonek irabazi du Aprican, eta maglia arrosa jantzi du, Italiako Giroan
Lidl-Trekek taldeko txirrindulari britainiarrak Dilyxine Miermont CERATIZITeko ziklista frantziarra menderatu du, eta garaipena eskuratu; gainera, sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarri da, Movistar taldeko Marlen Reusser igandeko irabazlearen ordez.
Marlen Reusserrek indarrean hasi du Italiako Giroa
Movistar taldeko suitzarra gailendu da Giroari hasiera eman dion erlojupekoan, eta liderraren maillota jantzi du. Lotte Kopecky belgikarra eta Elisa Longo izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Ostolaza, Santesteban eta Amondarain, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak Italiako Giroan izango duen taldean
Alice Arzuffi, Arianna Fidanza eta Laura Tomasi italiarrek eta Yuliia Biriukova ukrainarrak osatuko dute euskal taldeak lasterketara eramango duen zazpikotea; proba igandean hasiko da, uztailaren 6an.