2024ko gizonezkoen Frantziako Tourra Italiatik irtengo da eta Nizan amaitu, 34 kilometroko erlojupeko batekin
Gizonezkoen 2024ko Frantziako Tourra Italiatik irtengo da, hain zuzen ere Florentziatik, ekainaren 29an, larunbatez, eta Nizan amaituko da, uztailaren 21ean, igandez, 34 kilometroko erlojupeko etapa batean. 111. aldiz jokatuko dute proba 2024an, eta, asteazkenean, Frantziako Tourraren antolatzaileek ibilbide osoa aurkeztu dute. Lasterketa Italian hasiko da, aurrenekoz, eta ez da Parisen bukatuko, hori ere historian lehenengoz. 2024ko Frantziako Tourra Apeninoetan, Italiako eta Frantziako Alpeetan, Erdialdeko Mendigunean eta Pirinioetan izango da, guztira bi erlojupeko izango ditu, eta asfaltatu gabeko errepide batzuk zeharkatuko ditu; azken horrek ere ez dauka aurrekaririk lasterketaren historian.
Berritasun asko daude, beraz, hurrengo Frantziako Tourrean. Horietako batzuk Olinpiar Jokoek sortuko dituzte. Parisen izango dira, 2024ko uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean, eta horregatik hasiko da Tourra ohi baino astebete lehenago, alegia, ekainaren azken larunbatean, uztailaren aurrenekoan egin beharrean. Hori da arrazoia, halaber, proba ez amaitzeko Frantziako hiriburuan.
2024ko Tourrak 3.492 kilometro izango ditu, eta, guztira, 52.230 metroko desnibela. Italian, San Marinon, Frantzian eta Monakon, izango ditu bi erlojupeko, zazpi mendiko etapa eta lau helmuga mendateetan. Parte-hartzaileek 27 mendate handi igo beharko dituzte: hiru Apeninoetan, bat Italiako Alpeetan eta 12 Frantziakoetan, hiru Erdialdeko Mendigunean, eta zortzi Pirinioetan.
Lehenengo etapa Florentzia-Rimini izango da, 206 kilometro izango ditu eta, antolatzaileen esanetan, Tourreko "inoizko hasierarik gogorrena" izango da, Apeninoetan barrena ibiliko baita, profil oso gorabeheratsuan. Aurreneko mendiko etapa gogorra "inoizko arinen" jokatuko dute, laugarren egunean hain zuzen: Galibier mitikoa igo beharko dute ziklistek, Valloireko helmugatik 19 kilometrora.
Jardunaldiek aurrera egin ahala, lasterketa berriro ere bueltatuko da Frantziako Alpeetara. Galibierreko etaparen ostean, baina, Tourra Borgoina-Franche-Comtera jaitsiko da, eta bertan egingo dute zazpigarren jardunaldia, 25 kilometroko erlojupeko bat; Nuits-Saint-Gerogesen hasi eta Gevrey-Chambertinen amaituko da, eta, nahiz eta tartean mendate txiki bat egon, laua da oro har, hau da, ona espezialistentzat.
De Gaulle jenerala omenduko dute, Colombey-les-Deux-Eglisesen (horren hilobia bertan dago), eta jarraian helduko diete asfaltatu gabeko errepideei, Troyesen hasi eta bukatuko den etapa batean. Lehen atseden egunaren ostean, haizea izan liteke protagonista hamargarren etapan, Erdialdeko Mendigunera heldu aurretik; han, etapa oso bizia izango da, Auvernia-Rodano-Alpeen artean. Etapako azken zatian, lau igoera egin beharko dituzte txirrindulariek; azkenak, Le Lioranen, ia % 6ko malda du, batez beste.
Aurreikuspena da hurrengo bi egunetako etapak trantsiziokoak izatea, eta ondoren Tourra Pirinioetan izango da. Bertan, jardunaldi bat Saint-Lary-Soulanen bukatuko da, Tourmalet eta Hourquette d'Ancizan igo ostean, eta beste etapa bat Plateau de Beillera iritsiko da; azken hori mendate oso luzea da, 15,8 kilometrokoa, bai eta gogorra ere (batez besteko malda % 7,9koa du).
Hurrengo bi egunetan atseden jardunaldia eta beste etapa lau bat izango dituzte parte-hartzaileek, baina jarraian Alpeetan izango dira berriro. Superdevoulyn eta Barcelonnetten amaituko diren etapak gorabeheratsuak izango dira, baina gogorrena Isola 2000koa da; azken hori amaierarako hiru egun geldituko direla jokatuko dute. Lehenago, Bonette gainditu beharko dute. Mendate hori ez da oso ezaguna, eta 2.800 metroko desnibela du; hain zuzen ere, errepidea horretarako egin dute espresuki, desnibel hori gainditu ahal izateko. 2024ko Tourreko gaina izango da. 22,9 kilometro ditu, % 6,9ko malda batez beste, eta zendu berri den Federico Martin Bahamontes omenduko dute bertan; izan ere, Bonette bost aldiz soilik igo da Tourrean, eta espainiarra izan zen lehenengo postuan aurrenekoan.
Nizatik gertu ere, etapa menditsua izango da, Paris-Nizako ohiko ibilbidean. Couillole mendatean bukatuko da eguna; hori 15,7 kilometroko igoera da, % 7,1eko malda duena. Azken erlojupekoak zehaztuko du erabat sailkapen nagusia, baina; bi mendate izango dira azken etapako ibilbidean (La Turbie, 8,1 kilometro, % 5,6, eta Eze, 1,6 kilometro, % 8,1). Profila ikusita, ez du ematen espezialistentzako etapa izango denik, baina, azken kilometroak lauak direnez, ez dago esaterik, halaber, kronoigoera denik.
2024ko gizonezkoen Frantziako Tourreko etapak:
1. etapa (ekainak 29): Florentzia – Rimini (206 km)
2. etapa (ekainak 30): Cesenatico – Bolonia (200 km)
3. etapa (uztailak 1): Plaisance – Turin (229 km)
4. etapa (uztailak 2): Pinerolo – Valloire (138 km)
5. etapa (uztailak 3): Saint-Jean-de-Maurienne – Saint-Vulbas (177 km)
6. etapa (uztailak 4): Mâcon – Dijon (163 km)
7. etapa (uztailak 5): Nuits-Saint-Georges – Gevrey-Chambertin (25 km, erlojupekoa)
8. etapa (uztailak 6): Semur-en-Auxois – Colombey-les-Deux-Églises (176 km)
9. etapa (uztailak 7): Troyes – Troyes (199 km)
1. atseden eguna (uztailak 8): Orléans
10. etapa (uztailak 9): Orléans – Saint-Armand-Montrond (187 km)
11. etapa (uztailak 10): Évaux-les-Bains – Le Lioran (211 km)
12. etapa (uztailak 11): Aurillac – Villeneuve-sur-Lot (204 km)
13. etapa (uztailak 12): Agen – Paue (171 km)
14. etapa (uztailak 13): Paue – Saint-Lary-Soulan (152 km)
15. etapa (uztailak 14): Loudenvielle – Plateau-de-Beille (198 km)
2. atseden eguna (uztailak 15): Gruissan
16. etapa (uztailak 16): Gruissan – Nimes (187 km)
17. etapa (uztailak 17): Saint-Paul-Trois-Châteaux – Superdévoluy (178 km)
18. etapa (uztailak 18): Gap – Barcelonnette (179 km)
19. etapa (uztailak 19): Embrun – Isola 2.000 (145 km)
20. etapa (uztailak 20): Niza – Col de la Couillole (133 km)
21. etapa (uztailak 21): Monako – Niza (34 km, erlojupekoa)
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan hasiko da 2026ko Frantziako Tourra, mendia eta Alpe d’Huezen itzulera protagonista dituela
2026ko Frantziako Tourrak badu mapa. Frantziako Tourra Bartzelonatik abiatuko da lehen aldiz, taldekako erlojupeko batekin, Montjuïcen, eta altuerako ibilbidea egingo du: bost amaiera maldan gora, hitzordu bikoitza Alpe d'Huezen, eta 3.333 kilometro guztira.
Frantziako Tourra Mont Ventoux mendatera helduko da
2026ko edizioa Lausanatik abiatuko da abuztuaren 1ean, eta hilaren 9an amaituko da, Nizan. Zazpigarren jardunaldian, Mont Ventoux mendatera igo beharko dute txirrindulariek; horrez gain, laugarren etapa 21. kilometroko erlojupekoa izango da.
Ferrand-Prevotek historia egin du Frantziako Tourra irabazita
Azkeneko etapa ere Vismako txirrindulari frantziarrak bereganatu du. Podiumean Demi Vollering herbeheretarra eta Katarzyna Niewiadoma poloniarra izan ditu ondoan.
Pauline Ferrand-Prevot frantziarrak Tourra erabakita utzi du, Madeleine mendatean erakustaldia emanda
Amaierarako etapa baten faltan, Ferrand-Prevotek 2:37ko aldea du Sara Gigante bigarren sailkatuarekin, eta 3:18koa Demi Volleringekin.
Maeva Squibanek bigarrenez jarraian irabazi du Frantziako Tourrean
Txirrindulari frantziarrak erakustaldia eman du eta bigarren egunez jarraian bakarka helmugaratu da.
Maeva Squiban gailendu da Amberten, bakarka, eta Kim Le Courtek maillot horiari eutsi dio, Frantziako Tourrean
Lasterketako 32. ekitaldiko aurreneko mendiko etapan, UAE taldeko txirrindulari frantziarrak eskuratu du garaipena; AG Insurance taldeko ziklista maurizioarrra, ordea, hirugarren tokian helmugaratu da, seigarren jardunaldian, eta sailkapen nagusian duen aldea, orain, zortzi segundo handiagoa da.
Lorena Wiebesek irabazi du Poitiersen, esprintean, eta Marianne Vosek Frantziako Tourreko lider jarraitzen du
Lasterketako 32. ekitaldiko laugarren etapan, ez da aldaketa nabarmenik izan sailkapen nagusian. Wiebesek, beste behin, erakutsi du munduko esprinterrik onenetakoa dela; astelehenean bezala, garaipena eskuratu du.
Lorena Wiebesek irabazi du Angerseko esprinta, eta Marianne Vosek maillot horia berreskuratu du, Tourrean
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarra, Europako egungo txapelduna bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tourrean; sailkapen nagusian, Visma-Lease a Bikeko herbeheretarra larunbateko etapan eskuratutako lehen postura bueltatu da.
Mavi Garcia nagusitu da Quimperren, eta Le Court horiz jantzi da
41 urteko Liv AlUla Jayco taldeko txirrindulariak 10 kilometro falta zirela ekin dio eraso erabakigarriari, eta 20 segundo inguruko tartea du taldearekiko.
Pogacarrek, Vingegaardek eta Lipowitzek osatu dute podioa
Tadej Pogacarrek irabazi du 2025eko Frantziako Tourra, Jonas Vingegaard bigarren izan da, eta Florian Lipowitz, hirugarren.