Frantzia, AEBko selekzioa kaleratu ostean, eta Australia finalerdietan izango dira
Frantziak irabazi egin dio Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) selekzioari (79-89) Txinan jokatzen ari den Saskibaloiko Munduko Txapelketako final-laurdenetan, eta, hartara, estatubatuarrak dominen borrokatik kanpo geratu dira. Australia ere ostiralean lehiatuko diren finalerdietan izango da Txekiar Errepublikari gailendu eta gero (82-70).
Azken bi txapelketako (2010 eta 2014) garaileak ezinean ibili dira frantziarren aurrean. Urdinak jaun eta jabe izan dira erreboteen arloan (28-44), eta ehuneko hobeak pilatu dituzte jokoan zehar egindako jaurtiketetan zein jaurtiketa libreetan.
Evan Fournier eskoltaren (22 puntu, 3 errebote eta 4 asistentzia) eta Rudy Gobert pibotaren (21 puntu eta 16 errebote) gidaritzapean Frantzia 10 puntuz irabazten izan da atsedenalditik bueltan (43-53, 22. min). Ondoren, estatubatuarren erreakzioa etorri da, eta partida amaitzeko hiru minuturen faltan lehia guztiz parekatuta egon da (76-76).
Dena den, frantziarrek aurrea hartzea lortu dute berriro (76-80) Fournierrek ahurpalaz utzitako saskiratze bati esker eta Goberten birrintze baten bidez. Gerora heldu dira Nando de Colok jaurtiketa libreen gunetik lortutako lau saskiratzeak, neurketa behin betiko erabakita utzi dutenak.
Donovan Mitchellen (29 puntu eta 6 errebote), Marcus Smarten (11 puntu) eta Kemba Walkerren (10 puntu) ekarpenak ez dira nahikoa izan Gregg Popovichek zuzentzen duen taldeak txapelketan aurrera egien jarrai zezan.
Hartara, Frantziak Argentinaren aurka jokatuko ditu txapelketako finalerdiak datorren ostiralean, Pekinen, Euskal Herriko 12:00etan.
Fitxa teknikoa:
89 - Frantzia (18+27+18+26): Evan Fournier (22), Frank Ntilikina (11), Rudy Gobert (21), Amath M'Baye (2), Nicolas Batum (6) –hasierako bostekoa– Axel Toupane (1), Vincent Poirier (-), Nando de Colo (18), Andrew Albicy (5), Paul Lacombe (-), Mathias Lessort (3) eta Louis Labeyrie (-).
79 – Ameriketako Estatu Batuak (18+21+27+13): Kemba Walker (10), Donovan Mitchell (29), Miles Turner (2), Joe Harris (5), Harrison Barnes (4) –hasierako bostekoa–, Brook López (-), Khris Middleton (5), Mason Plumlee (-) Marcus Smart (11), Jayson Tatum (-), Derrick White (4) eta Jaylen Brown (9).

Patty Mills, Australiako joko-antolatzailea. Argazkia: EFE
Bi ordu lehenago, Espainia eta Australia izango dira aurrez aurre lehendabiziko finalerdian. Ozeaniarrek Txekiar Errepublikako selekzioaren lepotik bereganatu dute dominen lehian izateko eskubidea.
Europa erdialdeko taldeak 25 minutu eutsi dio norgehiagokari (43-43); aitzitik, hurrengo hiru minutu eta erdian jaso duen 14 eta 0eko partziala (57-43) erabakigarria suertatu da neurketaren nondik norakoan.
Australiarren aldetik, Patty Mills izan da, beste behin ere, izar nagusia (24 puntu, 6 asistentzia eta 4 errebote), Goulding eskoltaren jarioarekin batera (14 puntu). Txekiarren artean, berriz, Tomas Satoransky joko-antolatzailearen jardun ikusgarria nabarmendu da (13 puntu, 13 asistentzia eta 9 errebote), baita Patrik Auda pibotarena ere (21 puntu).
Fitxa teknikoa:
82 - Australia (17+16+30+19): Matthew Dellavedova (9), Patty Mills (24), Joe Ingles (6), Aron Baynes (6), Jock Landale (7) –hasierako bostekoa–, Andrew Bogut (10), Mitch Creek (2), Chris Goulding (14), Nic Kay (4) eta Nathan Sobey (-).
70 – Txekiar Errepublika (17+13+18+22): Tomas Satoransky (13), Ondrej Balvin (0), Jaromir Bohacik (8), Vojtech Hruban (2), Martin Kriz (4) –hasierako bostekoa–, Tomas Vyoral (-), Lukas Palyza (-), Martin Peterka (7), Jakub Sirina (-), Blake Schilb (5), Pavel Pumprla (10) eta Patrik Auda (21).
Zure interesekoa izan daiteke
NBAk Los Angeles Lakers taldea saltzea du: Mark Walter enpresariak erosi du 10.000 milioi euroren truke
Frankizia Buss familiaren eskuetan zen 1979tik, ligako ezein taldek egin duena baino denbora gehiago da.
Chauncey Billups entrenatzailea eta Terry Rozier jokalaria atxilotu dituzte, legez kanpoko apustuengatik
Portland Trail Blazers taldeko entrenatzailea eta Miami Heat taldeko jokalaria aske utzi dituzte jada.
Oklahoma City Thunder, NBAko txapeldun
Oklahomako taldeak bereganatu du NBAko eraztuna, Indiana Pacersi Finaletako zazpigarren eta azken partida irabazita (103-91).
AEB munduko beste taldeekin neurtuko da NBAko All Star txapelketan
Adam Silverrek, NBAren mandatariak, asteazken honetan aurreratu duenez, 2026ko All Star txapelketak aldaketak dakartza, izan ere, Estatu Batuetako taldea munduko beste taldeen aurka ariko da nor baino nor gehiago.
NBAk Europan liga bat sortzea aztertuko du FIBArekin
FIBAk eta NBAk proiektu bateratu bat iragarri dute Europako liga bat garatzeko, oraingoz zehaztapen askorik gabe, baina kontinentean saskibaloia iraultzea eragingo luke eta Euroligari erronka handia joko lioke.
Boston Celtics 6.100 milioi dolarren truke erosi dute, AEBn inoizko zenbatekorik handiena ordainduta
Bill Chisholm enpresariak akordioa itxi du Grousbeck familiarekin, alegia, frankiziaren jabeekin, horretako gehiengoaren partizipazioa erosteko.
Ibon Navarrok zuzendutako Unicaja, Kopako txapeldun
Unicaja Malaga da 2025eko Errege Kopako txapelduna, finalean Real Madrili gailenduta, 93-79ko emaitzarekin. Ibon Navarro gasteiztarrak zuzendutako taldeak final bikaina jokatu eta titulua bereganatu du.