Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala murriztu dute baldintza meteorologiko txarrak iragarri baitituzte
Irteera Zegamako plazan izango da, 16:00etatik aurrera (hori ez da aldatuko), baina helmuga Itzubiagako txabolan izango da; aldaketa hori kontuan izanik, lasterketak 5 bat kilometroko ibilbidea izango du, eta desnibel positiboa 760 metrokoa izango da.
Kilometro Bertikala ostiral honetan izango da. Argazkia: Europa Press.
Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikaleko Segurtasun Batzordeak ostiralean jokatuko duten probako ibilbidea aldatu eta murriztea erabaki du, baldintza meteorologiko txarrak iragarri baitituzte, eta goialdean eguraldiak okerrera egitea aurreikusi baitute.
Ohar baten bidez azaldu dutenez, azken orduetan izandako euriteek, goialdean dabilen haize biziak, dagoen ikuspen txikiak eta bidea irristagarri egoteak eragin dute antolatzaileek erabakia hartzea, parte-hartzaile, boluntario eta lasterketan lanean dabiltzan pertsona guztien segurtasuna bermatze aldera.
Hala, irteeran ez da aldaketarik izango, eta Zegamako plazatik abiatuko dira, 16:00etatik aurrera, banaka, erlojuaren kontra; helmuga, baina, Itzubiagako txabolan izango da, alegia, hasiera batean tarteko puntua zen tokian (ibilbide osoko denboretako kontrola egiten zuten bertan).
Aldaketa hori kontuan izanik, lasterketak 5 bat kilometroko ibilbidea eta 760 metroko desnibel positiboa izango ditu. Hasierako aurreikuspena zen Irauleko gainera igotzea (1.520 metrora) eta desnivel positiboa 1.015 metrokoa izatea.