EA SPORTS LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak sufrimendu handiarekin garaitu du Deportivo (3-2)

Talde txuri-urdina 3-0 joan da irabazten, baina, bigarren zatian, Deportivok bi gol sartu ditu hamar minutuan, horietako bat penaltiz, eta Reala jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak Pablo Marin egotzi duelako. 

SAN SEBASTIÁN, 11/10/2026.- El delantero de la Real Sociedad Gonçalo Guedes (c) disputa un balón con los jugadores del Deportivo Ximo Navarro (i) y Luismi Cruz (d) durante el encuentro de LaLiga entre la Real Sociedad y el Deportivo A Coruña que se disputa este domingo en el estadio de Anoeta, en San Sebastián. EFE/ Juan Herrero

Gonçalo Guedesek sartu du Realaren hirugarren gola. Argazkia: EFE

Realak 3-2 garaitu du Coruñako Deportivo igande honetan Anoetan, EA Sports Ligako 8. jardunaldiko partidan. Garaipena ondo bideratuta izan du Rino Matarazzoren taldeak, 3-0 joan baita irabazten, baina bigarren zatian asko zaildu zaio norgehiagoka, jokalari bat gutxiagorekin geratu baita, eta espero baino gehiago sufritu du hiru puntuak poltsikoratzeko.

Jon Martin, Arsen Zakharyan eta Gonçalo Guedes izan dira txuri-urdinen golegileak. Deportivoren golak, ostera, Mariano Sorianok eta Yeremayk (penaltiz) sartu dituzte.

Partidaren hasiera ez da ona izan. Realak bizitasun nahikorik gabe mugitu du baloia alde batetik bestera, eta ez du arriskurik sortu. Deportivok, berriz, defentsan lan ona egin du, eta ondo eutsi dio talde txuri-urdinari. Horrenbestez, lehendabiziko 25 minutuetan ezer gutxi gertatu da.

Pixkanaka-pixkanaka, baina, Rino Matarazzoren taldea suspertuz joan da, eta ordu erdia bete orduko iritsi da lehendabiziko gola. Jon Martinek sartu du, buruz, Carlos Solerrek egindako erdiraketa ederki baliatuta.

Markagailuan aurretik jarrita, txuri-urdinek martxa aldatu dute, abiadura gehiagorekin jokatuta, eta bost minutu geroago sartu dute bigarrena. Zakharyanek bidali du baloia sarera, jaurtiketa area ertzetik eginda.

Emaitza horrekin, Deportivok behera egin du, eta Realak nagusitasunez kontrolatu du neurketa, lehen zatia bukatu bitartean.   

Neurketaren hasiera aspergarria izan bada, bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Egoerak hala behartuta, Galiziako taldeak urrats bat aurrera egin du, eta indarrean ekin dio bigarren zatiari. Realak, ostera, baloia utzi dio, kontraerasora jokatzeko asmo garbia erakutsita. Eta, hain justu ere, horrela heldu da txuri-urdinen hirugarrena.

Defentsak baloia berreskuratu du Remiroren arean, eta pase luzea eman dio Gonçalo Guedesi. Aurrelari portugaldarra ziztu bizian abiatu da Realaren zelaitik Leo Romanen ateraino. Bidean inork ezin izan du gelditu, eta jaurtiketa bortitz batekin, sarera bidali du baloia: 3-0.

Matarazzoren taldeak bideratuta izan du norgehiagoka, baina hamar minutuan Deportivok estu eta larri jarri du. Mario Sorianok 3-1ekoa egin du 61. minutuan, eta handik bost minutura, Sesma Espinosa epaileak Deporren aldeko penaltia adierazi eta Pablo Marin egotzi du, txartel gorria aterata.

VAReko epaileak jokaldia berrikusteko denbora hartu du, eta zenbait minutuz nahasmena izan da, baina zelaiko epaileak hartutako erabakia berretsi du. Reala jokalari bat gutxiagorekin geratu da, eta Yeremayk gola sartu du, penaltiz: 3-2.

Gol horrek indarra eman dio Deportivori, eta baloiaren jabe egin da. Talde txuri-urdinak, berriz, asko sufritu du emaitzari eusteko, eta oso luze egin zaizkio partidaren azken 20 minutuak.

Deportivo gehiago izan da azken txanpan, baina erasoan ez du asmatu, eta Remirok geldiketa erabakigarriak egin ditu. Gainera, 89. minutuan, epaileak Amatucci egotzi du, Oyarzabali area ertzean falta egiteagatik, eta Galiziako taldea ere hamar jokalarirekin geratu da. 

Reala hiru goleko abantaila alferrik galtzeko zorian izan da, baina, azkenean, eta asko kostata izan bada ere, mendean hartu du Deportivo. 

1-0: Jon Martinen gola

2-0: Zakharyanen gola

3-0: Guedesen gola

3-1: Mario Sorianoren gola

3-2: Yeremayren gola

Publizitatea
X
Publizitatea
X