Errege Kopako finala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kopako finaleko emozio guztia gerturatuko digu EITBk: Atletico Madril-Reala partida zuzenean eman eta programazio zabala izango du

Sevillako Cartujan jokatuko den norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian, baita Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere. Koparen bila lelopean, EITBk programazio eskaintza berezia prestatu du apirilaren 18ko finalera begira.

Finala aurkezpena Anoeta

Aurkezpena asteartean egin da, Anoetan. Argazkia: EITB.

EITBk zuzenean emango du datorren apirilaren 18an Realak eta Atletico de Madrid taldeak jokatuko duten Errege Kopako finala. ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian ikusteaz gain, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da norgehiagoka zirraragarria. 

Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, Koparen bila lelopean. Halaber, EITB Mediako lantalde zabala joango da Sevillara, eta bertatik bertara emango dute Kopa finalaren azken orduaren berri telebistan, irratian eta digitalean. Finalari begira, baliabide eta bitartekari guztiak jarriko ditu EITBk: 30 profesional baino gehiagoko lantaldea, zuzeneko saioak, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak…

Astearte honetan (martxoak 31) egin da jarraipen informatibo berezi horren aurkezpena Donostiako Anoeta estadioan. Bertan parte hartu dute Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak, Amane Ibañez EITB Mediako Kirol zuzendariordeak, Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko Kirol buruak, Gorka Saavedra Radio Euskadiko kirol buruak eta Odei Esnaola "Euskadi Quédate" saioko gidariak. Sevillara joango diren EITBko kirol, albistegi eta saioetako beste hainbat kide ere egon dira: Ana Ramos, Asier Aranguren, Jon Elortza, Iñaki Mikeo, Diego Alvarez de Arcaya, Juanan Larrañaga, Asier Otegui, Ainhoa Furundarena, Maitane Urbieta, Iñaki Berastegi, Unai Urreaga, Rafa Mungia, Olatz Foruria, Diego Arambalza, Mikel Llorente eta Iker Garate. Realaren aldetik, Joseba Ibarburu lehendakariordea eta Igor Zubeldia jokalaria egon dira.

ETB1eko eta ETB2ko kiroletako albistegiak Sevillatik egingo dituzte apirilaren 17 eta 18an, Ana Ramosek eta Jon Balentziagak aurkeztuta. Partidaren egunean, "Koparen Bila" atariko saio berezia eskainiko da ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus-en, Jon Balentziagak (Sevillatik) eta Amane Ibañezek eta Iñigo Barrenak (Bilbotik) gidatuta. Zuzeneko saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitutakoan, norgehiagoka aztertzeko. ETB2n, bere aldetik, "Euskadi Quédate Especial Koparen Bila" saio berezia izango da ikusgai, Sevillatik zuzenean, 19:00-21:00 bitartean, Odei Esnaolak aurkeztuta.

Aurkezpenean azaldu dutenez, atariko aste horretan EITBko albistegi eta saioetan jarraipen estua egingo diote Kopa finalari. Apirilaren 17an, esaterako, "Egun On" albistegiak eta "Biba Zuek!" saioak bidali bereziak izango dituzte Sevillan: Asier Otegui eta Xabier Sukia, hurrenez hurren.

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ahalegin eta jarraipen berezia egingo diote astean zehar norgehiagokari, eta saio bereziak eta konexioak izango dira finalaren bezperan eta egunean bertan, Sevillatik.

Digitalean ere finalaren inguruko informazio eguneratua izango dugu, bai kirolakeitb.eus atarian eta Instagram kontuan, baita ORAIN albiste zerbitzuan ere.

Azkenik, EITBk presentzia nabarmena izango du Donostiako Alderdi Ederren egongo den zaleen gunean. Hala, zenbait musika emanaldirekin gozatuko dute bertaratzen direnek, baita haurrei zuzendutako MAKUSI gunearekin ere. Bestalde, ETB1eko partidaren emankizuna jarraitu ahal izango da Donostiako udaletxeko pantaila erraldoian.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X