HYPERMOTION LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sansek markagailua irauli du Malagaren aurka, arnasa hartzen jarraitzeko (2-1)

Txuri-urdinen bigarren taldeak aurrerapauso garrantzitsua eman du sailkapenean, etxean aurkari zuzen bat mendean hartuta, alternatiba askoko duelu estu batean.

Miekl Rodriguez, Job Ochieng eta Gorka Gorosabel
Mikel Rodriguez, Job Ochieng eta Gorka Gorosabel. Irudia: @RSZubieta_

Sansek 2-1 irabazi dio Malaga CF taldeari astelehen honetan Anoetan, Hypermotion Ligako 26. jardunaldiko partidan, eta hiru puntu lortu ditu. Ondorioz, jaitsiera postuetatik hiru puntura geratu da. Andaluziako taldea, berriz, seigarren postura jaitsi da.

Kanpoko taldea 15. minutuan aurreratu da, Larrubiak burukada eman eta Joaquin Muñozen erdiraketa gurutzatu duenean. Horrela, Malagako harrobiko jokalariak bere hirugarren gola sinatu du azken bi partidetan.

Minutu batzuk geroago, Gorka Carrerak Malagako atezainaren aldaratze bat aprobetxatu du, Gorosabelek urrutitik egindako jaurtiketa baten ostean. Aurrelariak denboraldiko hamaikagarren gola sartu du horrela, eta atsedenaldia baino lehen berdindu du markagailua.

Aldageletatik bueltan, defentsa malagarrak kornerrera bidali duen erdiraketa arriskutsu baten ostean, Ochiengek buruz errematatu du korner jaurtiketa 2-1ekoa sinatzeko eta markagailua iraultzeko.

Txuri-urdinak bere onenean zeudenean, Gorka Gorosabelek bigarren txartel horia ikusi du 74. minutuan eta hamar jokalarirekin utzi du taldea.

Jokalari bat gehiagorekin, Malagak azken hasperenera arte sakatu du eta abagune argiak izan ditu, baina izandako asmatze faltak eta Sansek defentsan egindako esku-hartzeek berdinketa saihestu dute, eta hiru puntuak Donostian geratu dira azkenean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X