Reala, lehen finalista
Realak Mirandes gainditu du bigarrenez Anduvan jokatutako Errege Kopako itzulerako partidan (0-1), Mikel Oyarzabalek penalti puntutik egindako golaren bidez. Etxekoek apenas izan dute garaipena lortzeko aukerarik, eta, hartara, donostiarrek merezimendu osoz bereganatu dute finalean izateko eskubidea, 32 urte eta gero.
Partida Mirandesek hasi du erasoan, baina bi taldeetako inork ez du aukera argirik izan lehen minutuetan, Januzajek egindako saiakera bat izan ezik. Izan ere, belgikarrak ez du urruti izan gola, baina bere burukada Limonesen atetik gora atera da, Monrealek ezkerretik egindako erdiraketa batean.
Dena den, Andoni Iraolaren mutilak ondo kokatuta zeuden, eta aurkaria baino erosoagoa itxuraz, txuri-urdinek ez zutelako jokaldirik erraz lotzen. Gainera, Realak ez du estutasunik pasatu nahi izan lehen zatian, eta baloia luze ateratzen ibili da ia gehienetan, gorritxoen presioa ekiditeko.
Alabaina, lehen zatiko ordu erdirantz gerturatuta, Imanol Alguacilen taldeak baloiaren jabetza bereganatu du, eta ordura arteko abagunerik argienak eduki ditu. Lehenik, Willian Joseren urrutiko jaurtiketa baten bidez, Limonesek arazoekin urrundu duena; eta, ondoren, Januzajen oinetan izandako aukera, baina Franquesa bikain gurutzatu da belgikarraren saiakera kornerrera bidaltzeko.
Txuri-urdinek gero eta arrisku handiagoarekin hurbiltzen jarraitu dute, eta, halako batean, Zalduaren erdiraketa batean, Malsak nabarmen jo du baloia eskuarekin. Horren aurrean, epaileak ez du penaltia adierazteko zalantzarik izan, eta Oyarzabalek, beste behin ere, ez du hamaika metroetatik barkatu.
Aldageletatik bueltan, grinatsu ibili den Januzaj kanporaketa behin betiko erabakita uzteko zorian egon da, baina areaz kanpotik egindako bere jaurtiketak langaren kontra jo du.
Gerora, bigarren zatiak aurrera egin ahala, Reala neurketako erritmoa kudeatzen hasi da, bere interesen mesedetan, etxekoek arriskua sortzeko modurik aurkitzen ez zuten bitartean.
Matheus eta Mario Barco saiatu dira azken txanpan, baina donostiarren defentsa bikain aritu da une oro.
Horrenbestez, txuri-urdinak Sevillan izango dira apirilaren 18an, Kopako final handia jokatzen.
Fitxa teknikoa:
0-Mirandes: Limones, Alexander Gonzalez (Carlos Julio, 60. min), Sergio, Odei, Franquesa, Malsa, Guridi, Alvaro Rey (Mario Barco, 81. min), Antonio Sanchez (Marcos Andre 71. min), Merquelanz eta Matheus.
1-Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Merino, Zubeldia, Odegaard (Guevara, 88. min), Januzaj, Oyarzabal (Barrenetxea, 77. min), Willian Jose (Isak, 65. min)
Gola: 0-1, 39. min: Oyarzabal (penaltiz).
Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Alexander Gonzalez, Alvaro Rey (Mirandes); Monreal, William Jose eta Januzaj (Reala).
Zure interesekoa izan daiteke
Sansek barkatu egin du Ceutan, eta saririk gabe geratu da (0-0)
Talde txuri-urdina nagusi izan da eta abagune onenak sortu ditu, baina ate aurrean asmatu ez izanak eta aurkariaren atezainaren lan onak eskura zirudien garaipena eragotzi dute.
Matarazzo: “Badakigu zer datorkigun, baina orain Alavesen aurkako partida da garrantzitsuena"
Pellegrino Matarazzok azpimarratu du Realak Alavesen aurka larunbat honetan jokatuko duen derbia soilik daukala buruan, Kopako finalerako astebete gelditzen bada ere.
Jon Martin: “Ongi defendatzen badugu, irabazteko aukera asko izango ditugu”
Jon Martin Realeko jokalariak datorren apirilaren 18an Atletico Madrilen aurka jokatuko duten finalaz hitz egin du elkarrizketa honetan. Partida parekatua dela iruditzen zaio Martini, eta irabazteko aukerekin ikusten du taldea.
Juanan Larrañaga: “Reala ondo dago; erakutsi zion Altletico Madrili gai dela aurre egiteko”
Errege Kopako atarian, Juanan Larrañaga Realeko jokalari ohia elkarrizketatu dugu. 87ko partidaz eta ostean bizitzakoaz aritu gara berarekin. Oraingoan, ordea, Larrañagak “beste leku batetik eta lasaiago” ikusiko du finala.
Sansek porrota jaso du Sportingen aurka, Gijonen (1-0)
Txuri-urdinek Asturiasko taldea asko estutu dute azken minutuetan, baina ezin izan dute norgehiagoka berdindu.
Aguirre: “Begirada gora izan behar da beti, eta honek indarra ematen digu"
Ibai Aguirre Realeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan debutatu eta Levanteren aurka 2-0 irabazi ondoren.
Realak Europarako postua sendotu du Levanteren aurka 2-0 irabazita
Jon Martinek markagailua ireki du, eta Brais Mendezek partida erabakita utzi du, Alex Remirok atea hutsean mantendu duen bitartean.
Realak “bostekoa" eman dio Alhamari (1-5)
Reala 1-0 galtzen hasi da Alhamaren aurka etxetik kanpo jokatu duen partida, baina berehala erreakzionatu du, eta nagusitasun handiarekin gailendu zaio: 1-5.
Matarazzo: “Pausoz pauso eta partidaz partida joan behar dugu"
Pellegrino Matarazzok adierazi du ulertzen duela zaleak Kopako finalean pentsatzen egotea, baina Realeko entrenatzaileak azpimarratu du aurretik Ligako bi partida jokatu behar dituztela, eta horren harian esan du taldea larunbat honetan Levanteren aurka etxean jokatuko duen partidan kontzentratuta dagoela.
Jon Ansotegi: “Partida berezia da neretako, jokalariendako eta hemen gauden guztiendako"
Jon Ansotegik prentsaurrekoa eman du ostegun honetako derbiari begira. Sanseko entrenatzaileak taldearen lan bikaina azpimarratu du, nahiz eta Almeriaren aurkako partida kaskarra izan. Partidarako eskuragarri izanen dituen jokalari guztiak ezagutzeko, lehen taldearen beharren zain daudela adierazi du Ansotegik. Gainera, derbi honen berezitasuna nabarmendu du, izan ere, Eibarreko hainbat jokalarik Realan jokatu dute iraganean.