Osasunak porrot egin du La Ceramicako gol festan (4-2)
Osasunak 4-2 galdu du Vila-realen aurka gaur La Ceramica estadioan jokatu duten partidan. Iruñeko taldea 3-0 galtzen joan da atsedenaldira, eta norgehiagokaren azken txanpan soilik suspertu da, aurkaria estu hartzeko eta Ruben Garciaren eta Aimar Orozen golekin markagailua nolabait itxuratzeko.
Marcelino Garcia Toralen taldeak, berriz, ez du sekulako neurketa egin, jokoari dagokionez, baina erasoan oso eraginkorra izan da, eta sortutako abaguneak bikain baliatu ditu.
Osasunari hasieratik zaildu zaio partida, Ayozek bigarren minuturako jarri duelako Vila-real aurretik markagailuan, ezker hankarekin gol polita sartuta.
Ezusteko gol azkar horrek talde gorritxoaren hasierako plana aldatzea ekarri du, eta Osasunak urrats bat aurrera egin behar izan du, Marcelinoren taldeari baloia kentzeko, eta hori ez da batere erraza, Vila-realek oso gustuko baitu baloiaren jabetza izatea jokoan nagusitzeko.
Vicente Morenoren mutilak pare bat aldiz iritsi dira aurkariaren area ingurura, eta beste aukeraren bat gehiago izan dute estrategiako jokaldietan, baina ez dute arrisku nahikorik sortu eta Luiz Junior atezainak ez du inolako estualdirik izan.
Vila-real, berriz, eroso egon da zelaian, kontraerasoan beste gol aukeraren bat sortzeko zain.
Horrela, bada, lehen ordu-erdia bete denean egin du etxeko taldeak bigarren gola. Pepek pase ona eman dio Thierno Barryri, eta honek baloia loratuta gainditu du Sergio Herrera.
Handik minutu gutxira, Ayozek egin du 3-0ekoa, Thierno Barry eta Peperekin egindako jokaldi bikainari amaiera ezin hobea emanda.
Kolpe handia hartu du Osasunak lehen zatian: hiru gol 40 minutuan. Jokoari dagokionez, zelaian ez da horrenbesteko aldea izan bi taldeen artean, baina Vila-real oso eraginkorra izan da erasoan, eta gorritxoek, berriz, ez dute arriskurik sortu.
Bigarren zatian, Vicente Morenok Bryan Zaragoza zelairatu du, neurketa astintzeko asmoz, baina lehen zatiko gidoia errepikatu da, eta Vila-realek gola egiteko aukera izan du lehen minutuan. Comesañaren zartakoak, dena den, langa jo du.
Markagailuak baldintzatuta, partidak bizitasuna galdu du, minutuak igaro diren heinean. Osasuna konfiantza handirik gabe joan da golaren bila, eta Vila-real kontraerasoan ateratzeko zain geratu da atzean.
Horrela, gorritxoen gola ustekabean heldu da. Juan Foythek baloia galdu du Budimirren aurrean, eta honen pasea Ruben Garciak baliatu du, 3-1ekoa egiteko.
Alabaina, pozak gutxi iraun dio. Vila-realek berehala erantzun baitio Osasunari, laugarrena sartuta. Alex Baenak erdiratu du, eta Peperen burukada sarera joan da.
Dena galduta zuela ikusita, markagailua itxuratzea izan du helburu Osasunak, eta 81. minutuan lortu du aldea murriztea, Aimar Orozek penaltiz gola sartuta.
Norgehiagokaren hondarrean, gorritxoek estu hartu dute Vila-real, baina Marcelinoren taldeak ondo eutsi dio emaitzari bukaeraraino, eta ez da miraririk izan. Osasunak lehen zatia bota du, beranduegi suspertu da, eta Vila-realek merezita irabazi du.
FITXA TEKNIKOA
4 - Vila-real: Luiz Junior; Kiko Femenia (Pau Navarro, 46. min), Foyth (Kambwala, 75. min), Costa, Cardona; Pepe, Parejo (Denis Suarez, 82. min), Comesaña, Gueye (Buchanan, 70. min); Barry (Alex Baena, 70. min) eta Ayoze.
2 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Barja, 88. min), Boyomo, Unai Garcia (Iker Muñoz, 60. min), Herrando, Bretones; Torro, Moi Gomez (Bryan Zaragoza, 46. min), Aimar, Ruben Garcia (Ruben Peña, 76. min) eta Budimir (Raul, 76. min).
Golak: 1-0, 2. min: Ayoze. 2-0, 32. min: Barry. 3-0, 39. min: Ayoze. 3-1, 65. min: Ruben Garcia. 4-1, 71. min: Pepe. 4-2, 81. min: Aimar, penaltiz.
Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Vila-realeko Pau Navarrori, Comesañari, Buchanani eta Alex Baenari, eta Osasunako Aresori eta Vicente Morenori.
Zure interesekoa izan daiteke
Lisci: “Osasunari ondo ematen ez zaion aurkaria dugu aurrean"
Osasunako entrenatzaileak Betisen aurka jokatuko duten EA Sports Ligako 31. jardunaldiko partidaz hitz egin du.
Iker Muñozek 2030era arte berritu du kontratua Osasunarekin
Klubak akordioa lortu du futbolariarekin beste hiru urtez gorritxo bezala jarraitzeko.
Sergio Herrera, kritiko bigarren penaltiarekin
Osasunako atezainak Alavesen aurka lortutako berdinketaren ostean hitz egin du (2-2) Mendizorrotzan jokatu den EA Sports Ligako 30. jardunaldiko euskal derbian.
Lisci: “Oso partida ezberdina izango da, aurrekoekin alderatuz"
Osasunako entrenatzaileak EA Sports Ligako 30. jardunaldian Alavesen aurka jokatuko duten euskal derbiari buruz hitz egin du.
Muñoz: "Oso garrantzitsua zen gaur irabaztea"
Iker Muñoz Osasunako jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partidan Gironaren aurka 1-0 irabazi ostean.
Budimirren golak merezitako saria eman dio Osasunari Gironaren aurkako partidan (1-0)
Lisciren mutilek hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte. Gazzaniga atezainaren geldiketek nafarrek markagailu zabalagoa lortzea saihestu dute.
Lisci: "Denok ehuneko ehuna ematen dugunean, guztiei aurre egiteko gai gara"
Osasunako entrenatzaileak Gironaren aurkako EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partidari buruz hitz egin du. Horren arabera, irabazteko joaneko partidan baino partida hobea egin behar dute.
Moncayola: "Argi dago zuzendu egin behar ditugula gauza batzuk"
Jon Moncayola Osasunako jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan Realaren aurka 3-1 galdu ostean.
Lisci: "Partida jokatzeko eta egoera iraultzeko gogoak ditugu"
Osasunako entrenatzailea EA Sports Ligako 28. jardunaldian Realaren aurka jokatuko duten partidari buruz aritu da. Horren arabera, urteko gaurik gogorrenak Realaren aurkako partiden ostean izan dira.
Osasunak puntu bat lortu du Mallorcaren aurka, azken hasperenean partida iraulita (2-2)
Talde gorritxoak azken minutuan irauli du markagailua Malllorcaren aurka, 2-2 berdinduz, 89. minutura arte 0-2 galtzen joan ostean. Kike Barjak egin du lehen gola, 89. minutuan, eta Budimirrek berdinketa ezarri du 93.ean, epaileak jokalari bi kanporatu izanak markatu duen partidan.