Hauteskunde-prozesua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jon Uriartek bere hautagaitza ofizial egin du: “Athletic askoz handiagoa egitera gatoz"

Talde bilbotarraren bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.

uriarte_jon_athletic_EFE
Jon Uriarte, Athleticeko presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE

Jon Uriarte Athleticeko presidente ohiak ofizialki aurkeztu du astelehen honetan talde zuri-gorriko presidente eta Zuzendaritza Batzorderako bere hautagaitza, "kirol, ekonomia eta gizarte" arloan Athletic "askoz handiagoa" egiteko helburuarekin, baina klub zuri-gorriaren "baloreei, filosofiari eta estiloari" zintzo izanda.

Talde bilbotarraren bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi Alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.

"Lau urte geroago, umiltasunez, autokritikaz, baina anbizio berarekin gatoz, askoz handiagoa izango den Athletic bat egitera, kirol arloan ez ezik, arlo ekonomikoan eta sozialean ere. Beti bere balioei, filosofiari eta estiloari leial", adierazi du presidentegaiak sareetan argitaratutako bideo batean.

Uriartek defendatu du duela lau urte "ilusioz beteta" iritsi zirela Athleticera, eta bere horretan mantentzen dutela Athleticen alde lan egiten jarraitzeko, azken ureetan "ikasitakoarekin eta hartutako eskarmentuarekin". "Horregatik aurkeztuko gara berriro Athleticeko hauteskundeetara, eta zuen babesa eskatzen dizuegu, klubaren alde indarrak batzen eta erabakietan asmatzen jarraitu ahal izateko, eta noski, gaizki hartu ahal izan ditugun erabakiak zuzentzeko", gaineratu du.

Bilbotarrak aitortu du Athleticera iritsi zirenean klubaren zenbakiek "bertigoa" ematen zietela, baina azken lau urteetan "buelta ematea" lortu dutela nabarmendu du. "Orain balantze sendoa duen klub bat dugu, bankuan dirua duena, zorrik gabe eta hainbat urtez jarraian superabita izan duena. Baina uste dugu ildo horretan lanean jarraitu behar dela kirol mailarik handiena lortu ahal izateko", gaineratu du.

Orain arte, Jon Uriarte da Athleticeko presidentetzarako eta Zuzendaritza Batzorderako maiatzaren 8ko hauteskundeetarako hautagai bakarra. Hala ere, presidente izateko hautagaiek babesak lortzeko izapideak apirilaren 9ra arte egin ditzakete, orduan irekiko baita hilabete bereko 18an amaituko den epea, hautagaitzak formalki eta osorik aurkezteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X