EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Athleticek Elx menderatu du, Guruzetak bi gol sartuta, eta hiru garaipen jarraian lortu ditu Ligan (2-1)

Aurrelari donostiarrak 64. minutuan egin du 1-0ekoa, Andre Da Silvak jarri du 1-1ekoa, penaltiz, eta 89.ean egin du Guruzetak Athleticen bigarrena, penaltiz. Valverderen taldeak, horrela, Ligako azken 4 partidetan jokoan izan dituen 12 puntuetatik 10 poltsikoratu ditu.

Gorka Guruzeta (Athletic-Elx)
Gorka Guruzetak sartu ditu Athleticen bi golak. Argazkia: EFE.

Athleticek 2-1 menderatu du Elx ostiral gauean San Mamesen, 2025-2026 denboraldiko EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partidan. Gorka Guruzetak sartu ditu Athleticen bi golak, 64. minutuan eta 89.ean, azken hori penaltiz, eta, aurretik, Andre Da Silvak egin du behin-behineko 1-1ekoa, penaltiz. Hala, Athleticek hiru garaipen jarraian daramatza Ligan, eta azken lau partidetan jokoan izan dituen 12 puntuetatik 10 poltsikoratu ditu. Zuri-gorriek 34 puntu dituzte jada sailkapenean, eta, oraingoz, 8. postuan daude.

Vivian hasierako hamaikakoan izan da, atzealdeko erdian, Laporterekin batera; Rego izan da, Ruiz de Galarretarekin, zelai erdian, eta Unai Gomez ere aritu da hasieratik. Lehen minutuetan, Athleticek aukera oso ona izan du: Elxek ez du asmatu baloia ateratzeko orduan, Ruiz de Galarretak ostu du, eta Sanceti eman dio, baina nafarraren jaurtiketa langaren gainetik joan da. Jokaldiak konfiantza eman dio Valverderen taldeari, eta zuri-gorriek, lehen ordu erdian, gertu izan dute gola Guruzetaren bi errematetan eta Regoren jaurtiketa batean.

Athletic vs Elx (2-1): partidako laburpena

37. minutuan, Yurik oso ondo berreskuratu du baloia, eta pase sakona bidali dio Iñaki Williamsi; horrek jaurtiketa ona egin du, baina Elxeko atezainak, Diturok, geldiketa ikusgarria egin du. Hala, ez da golik izan lehenengo zatian, baina Athleticek hainbat aukera argi sortu ditu markagailuan aurrea hartzeko.

Euskal taldeak presioan gogor jarraitzen du bigarren zatiaren hasieran. Diturok, beste behin, geldiketa ona egin dio Sanceti, Athleticek baloia berriro berreskuratu ostean. Zuri-gorriek ez ziruditen lehen zatian bezain eroso, baina, kontraeraso batean, Ruiz de Galarretak ezkerrera zabaldu du, Yurik bikain erdiratu, eta Guruzetak sare barrura bidali du baloia. 64. minutua zen.

1-0: Gorka Guruzeta

Ia-ia jarraian, Sancetek oso gutxigatik ez du 2-0ekoa sartu, baina, hurrengo jokaldian, Elxek partida berdindu du. Iñigo Lekuek penaltia egin dio Valerari, eta Andre Da Silvak sartu du gola. Bigarren saiakeran egin du gola Elxeko jokalariak, lehenengoan bi aldiz ukitu baitu baloia. 

1-1: Andre Da Silva

Eder Garcia Bilbao Athleticeko erdilariak debuta egin du ondoren. Hurrengo minutuetan, bi taldeak ari ziren ahalegintzen, baina ez diote elkarri minik egin. Izetak, 82.ean, eskuinetik jaurti du. Ruiz de Galarretak areara erdiratu du, eta Pedro Bigas Elxeko atzelariaren hankak Aymeric Laporte jo du. Epaileak penaltia adierazi du, eta Gorka Guruzetak, oso ziur, bigarren gola sartu du. 

2-1: Gorka Guruzeta

2-1ekoaren penaltia

2-1ekoa 89. minutuan egin du Athleticek, eta, ondoren, 10 minutu gehiago jokatu dituzte; izan ere, epaileak 8 minutu luzatu du partida. Bizkaiko taldeak ez du arazo handirik izan garaipenari eusteko, eta, horrenbestez, hiru garaipen jarraian daramatza Ligan. 

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Unai Simon; Lekue (Areso, 80. min), Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Rego (Vesga, 70. min); Iñaki Williams (Izeta, 80. min), Sancet (Navarro, 74. min), Unai Gomez (Eder Garcia, 70. min); eta Guruzeta.

1 - Elx: Dituro; Chust, Bigas (Adam, 92. min), Petrot (Affengruber, 74. min); Tete Morente (Sangare, 74. min), Febas, Aguado, Cepeda, German Valera (Pedrosa, 81. min); Da Silva eta Alvaro Rodriguez (Rafa Mir, 74. min).

Golak: 1-0, 64. min: Guruzeta. 1-1, 69. min: Da Silva, penaltiz. 2-1, 89. min: Guruzeta, penaltiz.

Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez (Kanarietako Batzordea). Athleticeko Unai Gomez, Lekue eta Guruzeta, eta Elxeko Febas eta Cepeda zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 46.654 zale izan dira San Mamesen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X