Penalti jaurtiketetan galdu du partida Athleticek (2-1)
Athleticek 2-1 galdu du Gironaren aurka, EA Sports Ligako 9. jardunaldiko neurketa. Zuri-gorriek hiru penalti jaurtiketa izan dituzte euren alde, eta guztiak alferrik galdu dituzte; Berenguerrek, Iñaki Williamsek eta Ander Herrerak ez dute asmatu Gazzanigaren aurrean. Christian Stuani etxekoen aurrelariak, aldiz, ez du kale egin 99. minutuan izandakoan.
Neurketa oso parekatuta hasi da, bi taldeetako bat ere gailentzen ez zela, eta lehen zatiko lehen ordu laurdena bete den arte ez da jokaldi arriskutsurik ikusi. Orduan, zuri-gorriek bi jaurtiketa kateatu dituzte Gazzanigaren atearen aurka minutu gutxiren buruan: lehenengoan, Gorka Guruzeta urrutitik ahalegindu da, baina horren zartakoak ez dio arazorik eragin Gironako atezainari; bigarrenean, Berenguerrek oso gertu izan du gola, baina nafarraren ahalegina desbideratuta atera da, ozta-ozta.
Handik gutxira, 27. minutuan, aurrelari nafarrak berak barneraldi arriskutsua egin du ezker hegaletik, eta area barruan erori da, atzelari batekin estropezu eginda. Epaileak ez du penaltirik adierazi hasiera batean; alabaina, VARa begiratzera joateko eskatu diote, eta irudiak ikusitakoan, erabakia aldatu du. Dena den, zuri-gorriek ez dute aukera paregabe hori baliatu markagailuan aurretik jartzeko, Gazzanigak erraz gelditu baitu Berenguerren jaurtiketa.
Dena den, Valverderenak ez dira burumakur geratu, eta hainbat abagune izan dituzte hurrengo bost minutuetan, argienak Herrerak eta Guruzetak izandakoak. Haatik, etxekoek egin dute norgehiagokako lehen gola, jokaldi lelo batean. Asprillak baloia erdiratu du eskuinetik, eta, inork ukitu gabe, Padillaren ate barrura sartu da. Zarauzko atezainari Gironako jokalari batek egin dio enbarazu, baina ez zegoen jokoz kanpo, eta, hartara, gola balekoa izan da (38. minutua). Aurretik, Padillak geldiketa ikusgarria egin dio Danjumari katalanen gola ekiditeko.
Bilboko taldearen erantzuna berehala etorri da. Berenguerrek baloi ederra bidali dio Sanceti defentsaren gainetik, eta zuri-gorriek denboraldi honetan duten golegile finenak sareetara bidali du. Zoritxarrez, jokaldi horretan bertan min hartu du Mendillorrikoak, eta Unai Gomez atera da haren ordez (41. minutua).
Hortik eta atsedenaldira arte, talde biek aukera argiak izan dituzte beste golen bat egiteko, baina ez Danjuma eta ez Berenguer ez dira zorrotz agertu.
Bigarren zatiari ezin biziago ekin diote bi taldeek, gora begira, eta aukera ugarirekin. Horietako batean, Iñaki Wiliams Gironaren area barruan erori da, eta epaileak penalti adierazi du, berriro ere, VAReko irudiak berrikusi eta gero. Haatik, ezin sinisteko moduko egoera gertatu da. Williamsek berak bota du penaltia, eta Gazzanigak gelditu egin dio. Atezaina, ordea, ez zegoen ateko marra zapaltzen, eta epaileak jaurtiketa errepikatzeko agindu du. Herrerak hartu du ardura orduan, baina horrek ere ez du asmatu. Beraz, Athleticek bi penalti alferrik galdu ditu (hiru, lehenengo zatikoa kontuan hartuta).
Egoera horrek Michelenak suspertu ditu, eta ordutik aurrera estu eta larri ibili dira zuri-gorriak golik ez jasotzeko. Pare bat baloi atera dituzte atepean, jokaldi zoroen ostean, eta Padillak ere geldiketa onak egin ditu, batez ere Yangel Herreraren eta Stuaniren burukaden aurrean. Atezain gipuzkoarra bikain ibili da neurketa osoan zehar.
Epaileak 9 minutu luzatu du lehia, eta tarte horretan ere hainbat gauza jazo dira. Besteak beste, Aitor Paredesek penalti garbia egin dio Krejciri korner batean, Gironako jokalariari behin eta berriro elastikotik helduta. Epaileak VARera joan behar izan du, hirugarren aldiz, jokaldia berrikusi eta penalti adierazteko.
Stuanik bota du, eta Padilla gelditzeko zorian egon da, baina gola izan da. Zoritxarreko jokaldi horretan, Paredesek bi txartel hori ikusi ditu, bigarrena protesta egiteagatik, eta Athleticek hamar jokalarirekin amaitu du neurketa.
Dena erabakita zirudien ordurako, baina Valverderen taldeak markagailua parekatzeko abagune ezin hobea izan du ia azken minutuan. Djalo area barrura sartu da eskuin hegaletik, eta atzera bidalitako baloia atzelari baten gorputzaren aurka bidali du Unai Gomezek.
Fitxa teknikoa:
2 - Girona FC: Gazzaniga; Arnau (Juanpe, 101. min), David López, Krejci, Miguel; Herrera, Iván Martín (Misehouy, 93. min); Asprilla (Alejandro Francés, 101. min), Van de Beek, Danjuma (Bryan, 59. min); eta Abel Ruiz (Stuani, 93. min).
1 - Athletic Club: Padilla; De Marcos, Paredes, Vivian, Adama (Yuri, 78. min); Ruiz de Galarreta (Jauregizar, 59. min), Ander Herrera (Prados, 79. min); Williams, Oihan Sancet (Unai Gómez, 43. min), Berenguer; eta Guruzeta (Djaló, 59. min).
Golak: 1-0, 39. min: Asprilla. 1-1, 41. min: Sancet. 2-1, 99. min: Stuani (penaltiz).
Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Gironako Krejci (31. min), Gazzaniga (56. min), David López (57. min) eta Herrera (min. 91. min) jokalariei; eta Athleticeko Vivian (48. min) eta Paredesi (97. min). Paredes kaleratu du, bigarren txartel horia erakutsita (98. min).
Zure interesekoa izan daiteke
Valverde: “Hiru puntu nola edo hala lortzeko premia dugu"
Ernesto Valverdek ohartarazi du egun Athleticek “lasai egoteko puntuak” falta dituela, eta orain helburua “nola edo hala” irabaztea dela, Europarako txartel ematen duten postuetara begira egon beharrean.
Maroan: “Hurrengo partidetan dena emango dugu”
Maroan Sannadi Athleticeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Getaferen aurka 2-0 galdu ondoren.
Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (2-0)
Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ia ez dute aurkariaren atea urduritu, eta amore eman dute Getaferen aurrean.
Athleticek azken hatsean irabazi dio Levanteri (0-1)
Athleticek asko kostata irabazi dio Levanteri, F Moeve Ligako azken sailkatuari, hain justu ere. Partida oso parekatua izan da. Talde zuri-gorriak, baina, ez du amore eman, eta Ane Camposek 92. minutuan sartu du garaipenaren gola.
Valverde: “Nico Williams oso ondo dago, minik gabe eta jokatzeko aukerekin"
Nico Williamsen itzulera da nobedade nagusietako bat Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak Getaferen aurka igande honetan jokatuko duen partidarako deitutako 24 futbolarien zerrendan.
Clara Pinedo Athleticeko jokalaria, berritasun nagusia Espainiako selekzioaren deialdian
Irene Paredes legazpiarra berriro sartu da zerrendan, eta Adriana Nanclares Athleticeko atezaina eta Aiara Agirrezabala Realeko atzelaria ere ageri dira bertan.
Yerayk jokatzeko baimena du, hamar hilabeteko zigorra beteta
Athleticeko erdiko atzelariak positibo eman zuen, 2025eko maiatzean, doping-kontrol batean. Otsailaren 2an hasi zen Lezaman entrenatzen, eta orain, Ernesto Valverdek hala erabakiz gero, baimena du berdegunera bueltatzeko.
Jon Uriartek bi egunetan lortu ditu Athleticeko presidentetzarako bere hautagaitza balioztatzeko gutxieneko 2.070 abalak
Momentuz, talde bilbotarraren hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri duen bazkide bakarra da; hauteskundeak maiatzaren 8rako deituta daude.
Jon Uriartek bere hautagaitza ofizial egin du: “Athletic askoz handiagoa egitera gatoz"
Bilboko taldearen bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi Alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.
Athleticek ezin izan du Atletico menderatu, nahiz eta koltxoneroak bat gutxiago izan (1-2)
Athleticek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu dute F Moeve Ligako 24. Jardunaldiko partida. Atletico jokalari bat gutxiagorekin geratu da 35. minutuan eta Nerea Nevadok gola sartu du ia jarraian. Hala ere, Penalvo eta Oterminen golek garaipena eman diete Atleticori.