Athletic, Kopako txapeldun!
Athleticek 2023-24 denboraldiko Errege Kopa irabazi du, larunbatean, Sevillako Cartuja futbol-zelaian, finalean Mallorca mendean hartuta. Bilboko taldeak, hala, Kopako txapelketan lortu duen 25. titulua erdietsi du; aurrekoa duela 40 urte irabazi zuen, 1984an. Athleticeko 70.000 bat zale izan dira Andaluziako hiriburuan Kopako finalaren harira, eta horietatik 40.000 bat izan dira Cartuja zelaian; azken horiek bertatik bertara gozatu ahal izan dute Bizkaiko taldearen garaipenaz.
Finala penaltietan erabaki dute. Partida 1-1 amaitu da; Dani Rodriguezek egin du 0-1ekoa, Mallorcarentzat, 21. minutuan, eta Oihan Sancetek jarri du 1-1ekoa, 50.ean, zuri-gorrientzat, eta luzapenean ez da beste golik izan. Horren ondorioz, titulua penalti jaurtiketetan erabaki dute; Julen Agirrezabalak bat gelditu du, Mallorcak kanpora bota du beste bat, eta Athleticek denak sartu ditu (4). Raul Garciak, Iker Muniainek, Mikel Vesgak eta Alex Berenguerrek asmatu egin dute, eta Kopa Bilbora bidean jarri dute horrela.
Izugarrizko balioa duen garaipena da Athleticentzat, titulu historikoa. Lau hamarkada eman ditu Athleticek irabazi ezinik, baina zuri-gorriek lortu dute, berriro . Etengabe ibili da Bilboko taldea haren bila, eta eskuratu egin du, azkenean. Betiko gogoan izateko moduko gaua da.
Ez da ezustekorik izan hasierako hamaikakoetan; Ernesto Valverdek eta Javier Aguirrek aurreikusitako jokalariak zelairatu dituzte. Athletici dagokionez, Oihan Sancet titular izan da, Gorka Guruzetaren atzetik, eta Iñaki eta Nico Williams hegaletan; Beñat Prados eta Iñigo Ruiz de Galarreta izan dira zelai erdian. Mallorcan, berriz, Muriqi eta Larin izan dira aurrealdean.
Nico Williamsek egin du partidako lehenengo errematea, desbideratuta, kontraeraso azkar batean, aurreneko minutua bete aurretik. Norgehiagokako lehenengo minutuetan ikusi denez, bi taldeak oso kontzentratuta zelairatu dira, sendo presioan biak ala biak, aurkariari argi utzita Kopa irabazi nahi zutela.
16. minutuan, Iñigo Ruiz de Galarretak jaurtiketa ona egin du ezkerrez areaz kanpotik, eta Greifek kornerrera bidali du. 19.ean, Athleticek galdutako baloi baten ondorioz, Muriqik urrunetik jaurti du, eta Agirrezabalak ondo erantzun dio; jokaldi hori, baina, garrantzitsua izan da, horren ostean etorri baita 0-1ekoa. Mallorcaren aldeko bi korner izan dira, eta bigarrenean, aldaratze batzuen ostean, Dani Rodriguezek hartu du baloia area barruan, eta Athleticeko atezainak ezin izan du gelditu haren jaurtiketa. 21. minutua zen.
Golak are gehiago sendotu du Mallorca, Aguirreren taldea oso sendo hasi baita lehietan. Athletic, aldiz, deseroso zebilen. Sancet ahalegindu da areaz kanpotik, asmatu gabe, eta Guruzetak arrisku handiagoa sortu du ia jarraian, jaurtiketa ona eginez. Athleticek zelai erdia berreskuratu du, eta gehiago eta argiago hasi da iristen aurkariaren areara. 40. minutuan, Nico Williamsek Greif gainditu du, Athleticen jokaldi bat bukatuta, baina aurrelari zuri-gorria jokoz kanpo zegoen, eta gola ez da balekoa izan. Lehen zatiaren luzapenean, baloi sakon bat jaso ostean, Nicok berak zutoinetik oso gertu errematatu du, eta gauza bera egin du Guruzetak, urrundik, aurreneko zatiko azken jokaldian.
Mikel Vesgak Beñat Prados ordezkatu du atsedenaldian, eta Julen Agirrezabalak geldiketa bikaina egin dio Larini bigarren zatiko aurreneko jokaldian. Athletic erritmoa ahalik eta gehien bizitzen saiatu da, eta horrela, 50. minutuan, Nico Williamsek sakoneko baloi polita jarri dio Oihan Sanceti, ezkerretik, eta nafarrak, trebe, 1-1ekoa egin du.
Muriqiren erdiraketa-jaurtiketa batek zutoina doi-doi ukitu du gero, baina Athleticen golak suspertu egin ditu zuri-gorriak, eta azkarrago eta zehatzago hasi dira jokatzen. 60. minutuan, Nicok jokaldi ederra egin du hegaletik, baina inork ezin izan du errematatu. Vesga zelai erdian egoteak asko eman dio Athletici, eta euskal taldeak eskuratu du partidaren kontrola, baina Mallorca ere ondo aritu da erasoko jokaldi batzuetan.
Yuri Berchiche 78. minutuan saiatu da, Athleticen erasoko jokaldi luze bati amaiera emanda. Zuri-gorriak baloia mugitzen aritu dira, zuloaren bila, partida azken minutuetan sartzear zegoela. Unai Gomez Ruiz de Galarretaren ordez zelairatu du Valverdek orduan. Nekea nabaritzen zen Cartujako berdegunean, eta akatsa egiteko beldurra ere bai; horrek azken minutuak baldintzatu ditu. Dani Vivianek, areatik kanpo egindako jaurtiketa indartsu baten bidez, oso gertu izan du gola, luzapena hasi aurretik.
Luzapena hasi aurretik, Iker Muniain, Alex Berenguer eta Raul Garcia irten dira berdegunera, Sanceten, Guruzetaren eta Iñaki Williamsen ordez. Athleticeko kapitainak izan du luzapenean aurreneko aukera, Unai Gomezek jokaldi ona egin ostean, baina nafarraren ezkerkada ez da Greifen aterantz zuzendu. Muniainek berak, ondo ateratako falta arriskutsu batean, gutxigatik jaurti du kanpora. Iñigo Lekue izan da Ernesto Valverderen azken aldaketa; bilbotarra Yuri Berchicheren ordez atera da, zarauztarrak karranpak zituelako utzi baitu zelaia.
111. minutuan, Oscar de Marcos bikain sartu da areara, area txikira erdiratu du, eta Nico Williamsen errematea atzelari batek desbideratu du; abagune oso argia izan da. Ia jarraian, Julen Agirrezabalak geldiketa oso ona egin du Muriqiren burukada arriskutsuari erantzunez.
Horrela, finala penaltietan erabaki behar izan dute, eta Athleticek lan ezin hobea egin du horietan. Lau jaurtiketa egin, eta denak sartu ditu, eta, gainera, Agirrezabalak Mallorcaren bigarrena gelditu du, Morlanesek egindakoa. Hurrengo txandan, Radonjicek kanpora jaurti du. Berenguerrek sareratu du Athletici Kopa eman dion azken penalti historikoa. Bilbo 40 urte itxaron behar izan duen festa prestatzen ari da dagoeneko!
Fitxa teknikoa
1 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri (Lekue, 106. min); Prados (Vesga, 46. min), Galarreta (Unai Gomez, 79. min); Iñaki Williams (Berenguer, 91. min), Sancet (Muniain, 91. min), Nico Williams; eta Guruzeta (Raul Garcia, 91. min).
1 - Mallorca: Greif; Gio Gonzalez, Valjent (Maffeo, 91. min), Raillo, Copete (Nastasic, 107. min), Lato (Van der Heyden, 109. min); Samu Costa, Sergi Darder (Antonio Sanchez, 62. min), Dani Rodriguez (Radonjic, 73. min); Larin (Morlanes, 62. min) eta Muriqi.
Golak: 0-1, 21. min: Dani Rodriguez. 1-1, 50. min: Sancet.
Penaltiak: Muriqik, gola: 1-0. Raul Garciak, gola: 1-1. Morlanesek, Agirrezabalaren geldiketa: 1-1. Muniainek, gola: 1-2. Radonjicek, kanpora: 1-2. Vesgak, gola: 1-3. Antonio Sanchezek, gola: 2-3. Berenguerrek, gola: 2-4.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero (Andaluziako Batzordea). Txartel horia atera die Paredes (27. min) Athleticeko jokalariari eta Muriqi eta Radonjic (91. eta 118. min) Mallorcakoei.
VAReko epailea: Eduardo Prieto Iglesias (Nafarroako Batzordea).
Gertakizunak: Errege Kopako finala, Cartujan (Sevilla). 60.000 zale izan dira bertan, bi heren Athleticeko zaleak.
Zure interesekoa izan daiteke
Maroan: “Hurrengo partidetan dena emango dugu”
Maroan Sannadi Athleticeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Getaferen aurka 2-0 galdu ondoren.
Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (2-0)
Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ia ez dute aurkariaren atea urduritu, eta amore eman dute Getaferen aurrean.
Athleticek azken hatsean irabazi dio Levanteri (0-1)
Athleticek asko kostata irabazi dio Levanteri, F Moeve Ligako azken sailkatuari, hain justu ere. Partida oso parekatua izan da. Talde zuri-gorriak, baina, ez du amore eman, eta Ane Camposek 92. minutuan sartu du garaipenaren gola.
Valverde: “Nico Williams oso ondo dago, minik gabe eta jokatzeko aukerekin"
Nico Williamsen itzulera da nobedade nagusietako bat Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak Getaferen aurka igande honetan jokatuko duen partidarako deitutako 24 futbolarien zerrendan.
Clara Pinedo Athleticeko jokalaria, berritasun nagusia Espainiako selekzioaren deialdian
Irene Paredes legazpiarra berriro sartu da zerrendan, eta Adriana Nanclares Athleticeko atezaina eta Aiara Agirrezabala Realeko atzelaria ere ageri dira bertan.
Yerayk jokatzeko baimena du, hamar hilabeteko zigorra beteta
Athleticeko erdiko atzelariak positibo eman zuen, 2025eko maiatzean, doping-kontrol batean. Otsailaren 2an hasi zen Lezaman entrenatzen, eta orain, Ernesto Valverdek hala erabakiz gero, baimena du berdegunera bueltatzeko.
Jon Uriartek bi egunetan lortu ditu Athleticeko presidentetzarako bere hautagaitza balioztatzeko gutxieneko 2.070 abalak
Momentuz, talde bilbotarraren hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri duen bazkide bakarra da; hauteskundeak maiatzaren 8rako deituta daude.
Jon Uriartek bere hautagaitza ofizial egin du: “Athletic askoz handiagoa egitera gatoz"
Bilboko taldearen bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi Alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.
Athleticek ezin izan du Atletico menderatu, nahiz eta koltxoneroak bat gutxiago izan (1-2)
Athleticek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu dute F Moeve Ligako 24. Jardunaldiko partida. Atletico jokalari bat gutxiagorekin geratu da 35. minutuan eta Nerea Nevadok gola sartu du ia jarraian. Hala ere, Penalvo eta Oterminen golek garaipena eman diete Atleticori.
Athleticeko Kudeaketa Batzordeak ofizialki deitu ditu hauteskundeak maiatzaren 8rako
Hautagaitzak "formalki eta osorik" aurkezteko epea apirilaren 9an hasi eta hilaren 18an amaituko da.