Realak Osasuna kanporatu du, eta final-laurdenetara sailkatu da (0-2)
Realak aurrera egin du Osasunaren aurkako Errege Kopako kanporaketan, txuri-urdinak (0-2) gailendu baitira txapelketako final-zortzirenei zegokien lehian. Donostiarren gol biak bigarren zatian iritsi dira: lehendabizikoa, Mikel Oyarzabalek lortu du penaltiz (56. minutua); bigarrena, neurketa amaitzear zela etorri da (97. minutua), eta Mikel Merinok egin du, Aitor Fernandezek Brais Mendezi gelditu dion beste penalti baten aldaratzean.
Etxekoek bizi ekin diote lehiari, eta hirugarren minutua bete orduko jokaldi eztabaidagarri bat egon da Realaren arean. Gorritxoek penalti eskatu dute Zubeldiak Budimir trabatu duelakoan, baina epaileak ez du halakorik ikusi, eta VARetik ere ez diote kontrako abisurik eman. Erabaki horrek Sadarren bildutako zale gorritxoen haserrealdia eragin du.
Horren ostean, jokoaren ekimenak Jagoba Arrasateren jokalariena izaten jarraitu du hurrengo minutuetan ere, nahiz eta Remiroren ate inguruan arrisku garbirik sortu ezin; Reala, bere aldetik, bi-hiru pase elkarlotu ezinda zebilen.
Apurka-apurka txuri-urdinak neurketara egokitu eta baloiaz jabetu dira, eta Barrenetxearen eskutik ezinegona sortu dute Osasunaren atzeko lerroan pare bat aldiz. Dena den, norgehiagokak erritmo gutxi izan du lehen zatian, geldialdi ugari egon baitira batak zein besteak egindako falta ugariengatik.
Atsedenaldira heldu aurretik, gorritxoena izan da hurbilketarik nabarmenena berriro ere. Orduko horretan, Budimirrek larregi gurutzatu du bere jaurtiketa, Realaren atetik urruti.
Partidari indartsu berrekin dio Realak, eta zenbait abagune kateatu ditu: lehendabizikoan, Zakharyanek ez du ondo baliatu Merinok bidalitako pasea. Gerora, 52. minutuan, Silvak Catenaren gorputzaren aurka bidali du area barrutik egindako errematea. Jokaldiak aurrera jarraitu du, eta aldaratzea Zakharyani heldu zaio area ertzean. Errusiarraren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Aitor Fernandez atezainak, eta baloia kornerrera aldendu du.
Minutu bat geroago, epaileak penaltia adierazi du Osasunaren aurka, Catenak Le Normandi heldu diola ikusita. Hernandez Hernandezek ez du zalantzarik izan futboleko zigor gorena adierazteko; alabaina, VARa ikustera joan behar izan du atzelari gorritxoari erakutsi beharreko txartela zein koloretakoa izan behar zen argitzeko. Hala, hasiera batean, txartel horia erakutsi badio ere, VARa ikuskatu ostean, gorri kolorekoa bihurtu da. Ondorioz, Osasuna 10 jokalarirekin geratu 56. minutuan.
Oyarzabalek, beste behin ere, 11 metroetatik aparteko abilezia duela azaldu du, eta gola lortu du bere taldearen alde.
Jokalari bat gutxiagorekin egon arren, Osasunak bultzatu egin du berdinketa lortzeko asmoz, eta Realak, ostera, kontraerasoak bilatu ditu kanporaketa behin betiko erabakitzeko. Horietako batean, partida ia amaituta zegoela, Brais bakar-bakarrik geratu da Aitorren aurrean, eta atezain eibartarrak penaltia egin dio. Brais bera saiatu da penaltia gauzatzen, baina Osasunaren atezainak gelditu egin du galiziarraren saiakera. Hori bai, aldaratzea Mikel Merinori heldu zaio, eta hark ez du barkatu bigarren gola erdiesteko.
Horrenbestez, Imanol Alguacilen taldea Athleticen batera egongo da ostiralean, urtarrilaren 19an, 13:00etatik aurrera egingo den final-laurdenetako kanporaketan.
Fitxa teknikoa:
0 – Osasuna: Aitor Fernández; Areso, Catena, David García, Juan Cruz, Mojica (Peña, 65. min); Moncayola, Torró (Rubén García, 65. min), Aimar (Pablo Ibáñez, 84. min); Arnaiz (Kike Barja, 79. min), Budimir (Raúl García, 79. min).
2 – Real Sociedad: Remiro; Aritz (Aramburu, 80. min), Le Normand, Zubeldia, Tierney; Zakharyan, de Zárate (Turrientes, 60. min), Merino, Barrene (Brais Méndez, 60. min); André Silva (Magunazelaia, 74. min), Oyarzabal (Sadiq, 74. min).
Golak: 0-1, 57. min: Oyarzabal. 0-2, 96. min: Merino.
Epailea: Alejandro José Hernández Hernández. Txartel horiak: Areso (Osasuna); Magunazelaia eta Le Normand (Reala). Txartel gorri zuzena atera dio Osasunako Catenari, penaltia egiteagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Osasunak garaipena lortu du Racingen aurka udako lehen lagunartekoan (2-0)
Luis Miguel Ramisen Osasuna abian da. Talde gorritxoak Racingen aurka jokatu du Mendigorrian eta uda honetako lehen garaipena lortu du 2-0 irabazita. Golegileak Raul Garcia de Haro 56. minutuan eta Iker Muñoz 87. minutuan izan dira.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.
Athleticek bere munduko hiru txapeldunak eta De la Fuente omenduko ditu
Espainiako selekzioko hiru jokalari zuri-gorriek parte-hartze garrantzitsua izan zuten Munduko Kopako finalean, eta horiei Luis de la Fuente hautatzailea gehitu behar zaie, Athleticeko jokalari gisa aritutakoa.
Ane Etxezarreta: “Momenturik onena Granadako Erregina Kopako finala izan da"
Ane Etxezarretak futbola utziko duela iragarri du. Beasain, Oiartzun, Reala eta Eibarretik igaro ondoren, bere kirol ibilbidean bizitakoa partekatu du. Hartu duen erabakiaz konbentzituta dago eta momentu onean hartu duela uste du. Bere momenturik zoriontsuena zein den argi du baita ere.
Zein partida jokatuko dituzte denboraldiaurrean Alavesek, Athleticek, Osasunak eta Realak?
2026-2027 denboraldiko EA Sports Liga abuztu erdialdean hasiko da; aurretik, uztailean eta abuztuko lehen hamabostaldian, Lehen Mailako taldeek hainbat lagunarteko partida jokatuko dituzte.
Realak Jon Martinen kontratua 2032ra arte luzatu duela iragarri du
20 urterekin, Lasarteko erdiko atzelaria ezinbestekoa da Matarazzorentzat Realaren atzealdean.
Athleticek Sestao River hartu du mendean, denboraldiaurreko hirugarren neurketan (0-2)
4.000 bat zalek harmailak bete dituzte. Edin Terzicen taldeak garaipena lortu du Gorka Guruzetaren eta Oihan Sanceten golei esker. Zuri-gorriek hurrengo partida larunbatean jokatuko dute, Zamudion, Eibarren kontra.
Andrea Esteban: “Helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da, ahalik eta azkarren”
Alaveseko jokalariak aurredenboraldi gogorra egiten ari dira. Andrea Esteban entrenatzaileak F Ligan berriro jokatzeko egiten ari diren lanaz hitz egin digu, baita taldearen helburuak zeintzuk diren azaldu ere.
Harrera beroa egin diote Mikel Oyarzabali Zubietan
Estatu Batuetatik iritsi berritan, Zubietan izan da Mikel Oyarzabal. Entrenatzen zebiltzan taldekideek txalo artean hartu dute eibartarra Munduko Txapelketa irabazi duelako.