Zierbena nagusitu da Barbanza Arousa Banderan, estropada bikaina eginez
Zierbenak Barbanza Arousa Bandera irabazi du larunbat honetan Ribeiran (Galizia) jokatu den Eusko Label Ligako zazpigarren jardunaldian. Urdaibairekin borroka gogorra izan du, baina amaierako luzean ihes egin dio, eta Bermeoko traineruak Donostiarrak bigarren txandan ezarritako denbora ere ez du hobetu.
Hasierako txandan, Bueu, San Pedro, Kaiku eta Lekittarra atera dira uretara. Bi traineru bizkaitarren arteko etengabeko lehia izan da, are gehiago Kaikuri lehen ziabogan arraunetako bat hautsi zaionean, bigarren luzea zaildu baitio. Hala ere, estropada bikaina egin du eta Lekittarrarengandik zortzi segundora sartu da, bigarren. Lekittarrak 21 minutu eta 1 segundoko denbora egin du. Hirugarren San Pedro izan da (+22) eta laugarren Bueu (+49).
Bigarren txandan, Ondarroa, Donostiarra, Cabo eta Getaria aritu dira. Hemen ez da eztabaidarik izan; Donostiarra gustura aritu da arraunean, gainerakoei txanda borrokatzeko aukerarik eman gabe. 20 minutu eta 38 segundoko denbora eginda, lehen postuan sartu da. Ondoren, Ondarroa (+18), Getaria (+23) eta Cabo (+27) iritsi dira.
Ohorezko txandan, Urdaibai, Zierbena, Orio eta Hondarribia atera dira. Zierbena aurre egin dio Urdaibairi, eta bigarren ziabogatik aurrera txanda gidatu du. Azkenean, Zierbenak irabazi ditu txanda eta bandera, 20 minutu eta 30 segundoko denbora eginda. Urdaibai bigarren sartu da, 10 segundora; hirugarren Orio izan da (+23) eta laugarren Hondarribia (+52).
Horrela, Zierbenak irabazi du Barbanza Arousa Bandera, bigarren Donostiarra izan da eta hirugarren Urdaibai. Sailkapen nagusian, Urdaibaik jarraitzen du lider, bost bandera irabazita. Zierbena dago bigarren, bi garaipenekin, eta Orio hirugarren.
Zure interesekoa izan daiteke
Galipoak, gustura denboraldiarekin, bandera falta bazaie ere
Zierbena Eusko Label Ligako bigarren sailkatua da, maila bat gehiago erakusten ari den Orioren atzetik. Galipoak denboraldi bukaina egiten ari dira bere erregulartasuna aprobetxatuta, baina bandera bat irabaztea falta zaie uda biribil bat osatzeko.
Peio Lopez (Zierbena): “Orio faborito da, baina ez dut uste garaitezinak direnik"
Zierbenako arraunlaria gustura agertu da galipoek Ligako lehen jardunaldian lortutako bigarren postuarekin. Gipuzkoarrak faborito nagusiak dira eta traineru bizkaitarra gauzak ahalik eta zailen jartzeko prest dago.