Itzulia Basque Country

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Badator 2026ko Itzulia, luxuzko kartel batekin, eta mendia protagonista nagusi duela

Del Toro, Ayuso, Lipowitz, Roglic, Mikel Landa eta Ion Izagirre txirrindulariek, besteak beste, 809 kilometroko ibilbidea, 29 mendate puntuagarri eta 16.000 metroko desnibela gainditu beharko dituzte.

Txirrindularitza Euskal Herriko Itzulia 2026
Itzulia Basque Country 2026. Argazkia: EITB

Astelehenean abiatuko da Itzulia, Juan Ayuso espainiarra eta Isaac del Toro mexikarra (faborito nagusiak) aurrez aurre jarriko dituen lehen etaparekin. Lasterketak 6 etapa, 29 mendate puntuagarri eta 16.000 metro baino gehiagoko desnibela izango ditu 2026ko edizio honetan.

Tadej Pogacar eta Jonas Vingegegard ez dira aurten bertan egongo, baina izena eman dutenen zerrendan egungo txirrindulari esanguratsuenak daude.

Apirilaren 6tik 11ra, astelehenetik larunbatera, ez da atsedenik izango. Lehen mailako 4 mendate, bigarren mailako 7 mendate eta hirugarren mailako 18 mendate izango ditu Joao Almeida portugesaren lekua hartzeko borroka handiaren eszenatokiak.

Isaac del Toro (UAE) eta Juan Ayuso (Lidl Trek) izango dira lasterketako faborito nagusiak. 22 urteko mexikarra sasoi onean iritsi da, emaitza bikainak lortuta: 5 garaipen lortu ditu jada denboraldi honetan, tartean Arabiar Emirerri Batuetako Tourreko sailkapen nagusia eta Tirreno-Adriatico lasterketa.

Bestalde, Ayusok, 2024ko edizioko irabazleak, protagonismoa partekatuko du Mattias Skjelmose daniarrarekin Lidl Trek taldean.

Roglic, Lipowitz, Landa eta Seixas

Podiumerako lehia oso garesti egongo da edizio honetan. Red Bullek Primoz Roglic esloveniarra eta Lipowitz aurkeztu ditu sailkapen nagusirako lehian. Esloveniarra ez dago 2018an eta 2021ean Itzulia irabazi zuenean erakutsi zuen sasoi berean, baina sorpresa eman dezake. Alemanak, bestalde, gora egin du, Kataluniako Voltan hirugarren postua eskuratuta erakutsi duen bezala.

Interes handia piztu du, bestalde, Frantziako txirrindularitzaren harribitxi eta itxaropen berriak: Paul Seixas (Decathlon). 19 urteko txirrindularia bigarren izan zen Algarven, Faun Ardeche Klasikoa irabazi zuen eta Pogacarrek bakarrik gainditu zuen Strade Bianchen.

Euskal ordezkaritza

Euskal txirrindularien artean, Mikel Landa (Soudal Quick-Step), Pello Bilbao, Ion Izagirre (2019ko Itzulia irabazi zuen, eta larunbatean, Indurain Sari Nagusia) eta Alex Aranburu nabarmentzen dira.

Ibilbidea

Itzulia Bilbon hasiko da, 13,9 kilometroko erlojupeko batekin.

Bigarren etapa Nafarroan jokatuko da, eta hirugarrena (Basauri-Basauri) eta laugarrena (Galdakao-Galdakao) Bizkaian hasi eta amaituko dira.

Ostiralean, etapa nagusia jokatuko da, Eibarren. Jardunaldi gogorrenak 176 kilometroko ibilbidea izango du.

Itzulia larunbatean amaituko da, Bergaran, 113 kilometroko etapa laburrarekin.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X