Aretxabaletak Urrutikoetxearen lekua hartuko du laugarren jardunaldian
Andoni Aretxabaleta Binakako Txapelketara itzuliko da berriro, oraingoan Aimar Olaizolarekin batera bikotea osatzeko. Markinako atzelaria eskuineko eskuan min hartuta dabilen Mikel Urrutikoetxearen ordez arituko da laugarren jardunaldian.
Aretxabaletak dagoeneko jokatu ditu bi neurketa aurtengo txapelketan; izan ere, Bengoetxearekin batera jardun zuen lehen bi jardunaldietan, Mariezkurrenaren tokia hartuta. Norgehiagoka horietako lehendabizikoan, galdu egin zuten Olaizola eta Urrutikoetxearen aurrean (22-21). Gerora, ordea, irabaztea lortu zuten Laso eta Zabalaren aurka (22-21).
Olaizolak eta Urrutikoetxeak osatzen duten bikoteak garaipen bat eskuratu du orain arte, eta Altuna eta Galarza izango dituzte aurrez aurre larunbatean, Iruñean.