Realak galdu egin du Monakoren aurka eta PSVri irabazi behar dio sailkapena lortu ahal izateko
Realak galdu egin du Monakoren aurka (2-1) ostegun honetan Luis II.a estadioan jokatu duen Europa Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partida. Ondorioz, talde txuri-urdinak final-hamaseirenetara sailkatzeko duen aukera bakarra da azken jardunaldian PSVri irabaztea.
Monakok (11 puntu) B multzoko lidergoa bermatu du, eta hurrengo fasean egongo da. PSV (8 puntu) bigarren da, azken sailkatua den Sturm Grazi (1) irabazi egin baitio (2-0). Reala hirugarren postuan dago, 6 punturekin.
Lehen minutuak parekatuak izan dira, eta bi taldeetako bat ere ez da gai izan baloiaren jabetza lortzeko. Norgehiagokako lehen abagunea Monakok izan du, 7. minutuan, baina Ben Yedderren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Realaren erantzuna 25. minutuan iritsi da; Aihen Muñozek pase bikaina eman dio Januzaji, eta belgikarrak gora bota du errematea. Bi minutu geroago, Monakok baloia berreskuratu du zelai erdian, jokaldi azkarra antolatu du, eta Golovinek hegaletik eman duen pasea ate barruan sartu du Vollandek (1-0).
Talde txuri-urdinari asko kostatu zaio baloia jokatuta ateratzea, eta Monako nagusi izan da. Etxeko taldeak bigarren gola sartzeko aukera izan du 30. minutuan, baina Ryan atezainak desbideratu egin du Ben Yedderren jaurtiketa. Monako Reala baino hobeto jokatzen ibili da. Hala ere, talde txuri-urdinak partida berdintzea lortu du 35. minutuan: Januzajek pase bikaina egin, eta Isakek berdinketa jarri du markagailuan (1-1), Nübel atezaina maisuki gaindituta.
Pozak, ordea, ez dio asko iraun Realari, gola sartu eta bi minutura aurrea hartu baitu Monakok. Ezker hegaletik egindako erdiraketa Badiashilek ukitu du bigarren zutoinean, eta Fofanak 2-1ekoa egin du, atepean egin duen errematea Ryanen atean sartuta.
Erasokorrago zelairatu da Reala bigarren zatian, baina kostatu egin zaio abagune argiak sortzea. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura, nahiz eta jokaldiei amaiera ona ematea falta izan zaion. Realak 59. minutuan izan du norgehiagoka berdintzeko aukera. Merinok pase bikaina eman dio Isaki, suediarrak jaurtiketa egin du area barrutik, eta Nübel atezainak gola eragotzi du, baloia kornerrera desbideratuta.
Baloiaren jabe izan da talde txuri-urdina bigarren zatian. Monako taktikoki ondo kokatuta egon da, eta zulo gutxi utzi dizkio aurkariari. Nico Kovacek zuzentzen duen taldeak kontraerasoan egin nahi izan dio min Realari, eta neurketa erabakita uzteko abagune argia izan du 79. minutuan. Boaduk area kanpotik egin du jaurtiketa, eta kanpora joan da, gutxigatik.
Partidako 86. minutuan, Monako jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Fofanak ostikoa eman diolako atzetik Turrientesi, eta epaileak txartel gorria atera baitio.
Erasora jotzen saiatu da talde gipuzkoarra azken txanpan, eta Oyarzabalek izan du neurketa berdintzeko aukera Monakok defentsan egin duen huts baten ostean, baina kapitainaren jaurtiketa kanpora joan da. Amaieran, Reala izan da galtzaile (2-1).
Fitxa teknikoa:
2 - Monako: Nübel, Sidibe, Maripan, Badiashile (Disasi, 67. min), Henrique; Fofana, Volland (Matsima, 90. min), Jean Lucas, Diop (Martins, 74. min); Golovin (Matazo, 90. min) eta Ben Yedder (Boadu, 74. min)
1 - Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 46. min), Le Normand, Aritz, Aihen Muñoz; Zubimendi, Merino (Turrientes, 66. min), Silva (Barrenetxea, 46. min); Oyarzabal, Isak (Sorloth, 72. min) eta Januzaj (Portu, 74. min).
Golak: 1-0, 27. min: Volland. 1-1, 35. min: Isak. 2-1, 37. min: Fofana.
Epailea: Ivan Kruziak (Eslovakia). Txartel gorria atera dio Fofana Monakoko jokalariari 86. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Maripan, Golovin eta Nübel Monakoko futbolariei, baita Zaldua, Januzaj eta Zubimendi Realeko jokalariei ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Sansek 1-2 menderatu du Albacete, eta denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu ditu
Arkaitz Mariezkurrenak, 6. minutuan, eta Gorka Gorosabelek, lehen zatiko luzapenean, egin dituzte Jon Ansotegiren taldearen bi golak; Albacetek partidako 80. minutuan sartu du berea, Bernabeuren eskutik.
Aihen Muñoz: “Aukerak izan ditugu berdintzeko, baina azkenean ez dugu lortu"
Realak 1-0 galdu du Sevillan Betisen aurka, aurtengo LaLigako estreineko partidan.
Realak ezin izan du punturik batu Betisen zelaian, Ligako lehen partidan (1-0)
Riquelmek sartu du, 63. minutuan, Andaluziako taldeari hiru puntuak eman dizkion gola. Realak, Oskarssonen eta Susicen bidez, oso gertu izan du berdinketa, baina, azkenean, talde txuri-urdinak neurketa galduta joan behar izan du aldageletara.
Matarazzo: “Jokalariak prest daude; mugimenduak espero ditugu hurrengo asteotan”
Realak gaur egin du azken entrenamendua. Bihar 21:00etan Elxen aurkako partida izango dute eta 24 jokalari eramango ditu Matarazzok, tartean Sanseko bost. Estatubatuarrak eskaini duen lehen prentsaurrekoan “datozen asteotan mugimenduak” espero dituela adierazi du.
Carlos Soler: “Iaz gol gehien jaso zituen taldea izan ginen, argi dago zerbait aldatzen saiatu behar garela"
Erdilari valentziarraren ustez, talde txuri-urdina "gol gutxiago jasotzen saiatu behar da, taldearen defentsa lana hobea izatea, iaz ez baitzen hala izan". Carlos Solerren hitzetan, Realak "denboraldiaurre ona" egin du. Gainera, pozik dago lehen denboraldiaurre osoa izan delako berarentzat, joan den udan talde gipuzkoarrera iritsi ostean.
Javi Lopez, utzita Feyenoordera
Realak eta Herbehereetako klubak akordioa itxi dute, hegalekoak Rotterdamen jarrai dezan hurrengo denboraldian.
Realak badaki dagoeneko Txapeldunen Ligako atariko kanporaketaren itzuliko partida noiz jokatuko duen
Txuri-urdinek irailaren 2an, asteazkenean, 19:00etan, Zubietan jokatuko dute neurketa erabakigarria.
Chelsearen eta Realaren arteko lagunartekoaren golak (3-1)
Realak 3-1 galdu du Chelsearen aurkako lagunartekoa. Rogersek eta João Pedrok egin dituzte etxekoen golak, azken honek bi sartu dituelarik. Aramburuk, berriz, Realekoa.
FUTBOLA ZUZENEAN: Chelsea vs Reala
Ikusi Chelseak eta Realak jokatuko duten lagunarteko partidaren zuzeneko emanaldia.
Liga hasiera kaskarra Sanserentzat, Castelloren aurka galduta (0-1)
Ousmane Camararen gol goiztiarrak punturik gabe utzi ditu txuri-urdinak, gutxinaka hoberantz joan direnak, baina sendotasuna falta izan zaie azken metroetan.