Realak lidergoa sendotu du Celtaren aurka garaipena lortuta
Realak garaipena lortu du Celtaren aurka (0-2) Balaidosen ostegun honetan jokatu duen Santander Ligako 11. jardunaldiko partidan eta lidergoa sendotu du. Talde txuri-urdina sailkapeneko lehen postuan da 24 punturekin eta hiru puntu ateratzen dizkie atzetik dituen Real Madrili (bigarren), Sevillari (hirugarren) eta Betisi (laugarren).
Lehen bost minutuetan bi abagune argi izan ditu Celtak: Nolitok kanpora bidali du jaurtiketa oso gutxigatik etxeko taldeak bigarren minutuan egin duen kontraeraso azkar baten ostean, eta hiru minutu beranduago Ryan atezainak eragotzi du Vigoko taldearen gola, Denis Suarezen erremateari erantzun bikaina emanda. Realari kosta egin zaio norgehiagokari neurria hartzea, baina 12. minutuan gola sartzeko bi aukera izan ditu: Portuk atzean utzi ditu aurkariak, pasea eman dio Januzaji, eta belgikarraren jaurtiketa kanpora joan da; ondoren, Isakek area barrutik egin duen jaurtiketa Dituro atezainak desbideratu du, gola eragotzita.
Norgehiagokako lehen ordu laurdenean lau abagune egon dira, bi talde bakoitzarentzat, baina ondoren Celta eta Reala ez dira gola sartzeko aukerak sortzeko gai izan, neurketa atsedenaldira iristear zenera arte; 44. minutuan, Ryanek talde galiziarraren gola eragotzi du, lehenengo Denis Suarezen jaurtiketa desbideratuta eta ondoren Santi Minaren erremateari erantzun ona emanda.
Bigarren zatiaren hasieran ere Realeko atezaina izan da protagonista, Celtaren gola saihestu baitu Brais Mendezen errematea geldituta. Handik gutxira, talde txuri-urdinak kontraeraso baten bidez erantzun, eta Isakek gola sartu du (0-1): Portuk pasea eman dio Januzaji, Dituro atezainak belgikarraren jaurtiketa desbideratu du, baina aldaratzea Isakek jaso eta sare barrura bultzatu du baloia.
Talde txuri-urdinak gola sartu eta hurrengo jokaldian Celtak abagune bikoitza izan du, baina Ryan azaldu da gelditu bikoitza eginda; lehenengo gola saihestu du Iago Aspasekin izan duen buruz burukoan, eta jarraian Santi Minaren errematea desbideratu du. Ekinean jarraitu du Galiziako taldeak, eta Reala atzean sartu da, kontraerasora irteteko zain. Hala, 65. minutuan, talde txuri-urdinak kontraeraso azkarra egin du, Isak area barruan sartu da, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.
Celta nagusi izan da, arriskua eraman du Realaren ate ingurura eta gola sartu du 75. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du Brais Mendez jokoz kanpo egon delako errematea egin duenean. Bost minutu beranduago, ordea, Realak bigarren gola sartu du; kornerra atera du talde txuri-urdinak, Merinok errematea egin, eta Elustondok 0-2koa jarri du markagailuan baloiak bere bizkarrean jo eta Dituro atezaina gainditu baitu.
Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldearen bigarren golak erabakita utzi du partida. Celta saiatu da aldeak murrizten, baina Reala sendo egon da defentsako lanean. Aamaieran, hiru puntuak eskuratu ditu talde txuri-urdinak.
Fitxa teknikoa:
0 – Celta: Dituro, Hugo Mallo (Galhardo, 78. min), Aidoo (Araujo, 88. min), Murillo, Galan, Beltran (Cervi, 68. min), Brais Mendez, Denis Suarez (Solari, 78. min), Nolito (Tapia, 68. min), Iago Aspas eta Santi Mina.
2 – Reala: Ryan, Zaldua, Le Normand, Aritz, Aihen (Diego Rico, 84. min), Zubimendi, Merino, Januzaj (Zubeldia, 65. min), Silva (Turrientes, 65. min), Portu (Sorloth, 65. min) eta Isak (Lobete, 78. min).
Golak: Isak (0-1, 55. min), Elustondo (0-2, 80. min).
Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera dio Fran Beltran (45. min) Celtako jokalariari.
Zure interesekoa izan daiteke
Soroetak puntu bat salbatu du Sanserentzat Zubietan (1-1)
Bigarren zatian berdegunean sartu den Donostiako aurrelariak Fabriciok Teneriferentzat sartu duen gola berdindu du, partidaren azken txanpan atezainaren gainetik ondo errematatu ondoren.
Realak ofizialki aurkeztu du Gorka Alvarez
Gorka Alvarez entrenatzaile lasartearrak ilusio handiz hartu du Realeko emakumeen lehen taldea zuzentzeko ardura. Bestalde, Maider Castillo Realeko Futbol arduradunak kritikatu egin du Arturo Ruizek denboraldia hasi ostean utzi izana kluba.
Heart of Midlothian, Eskoziako txapelduna, Realaren aurkaria Europa Cupeko atarikoan
Gorka Alvarezen taldeak Heartsen aurka neurtuko ditu indarrak irailaren 22 edo 23an eta irailaren 30an edo urriaren 1an. Joaneko partida Edinburgon jokatuko du; itzulikoa, Donostian.
Jon Martin: “Golak ez dira sartu, baina kontentu defentsan egin dugun lanarekin”
Realak hutsean utzi du markagailua Anoetan, Celtaren aurkako partidan. Ez dira gutxi izan gola sartzeko izan dituzten aukerak, batzuk argiak. Hala ere, Jon Martin kontentu agertu da defentsa lanarekin.
Golik gabeko berdinketa Realaren eta Celtaren artean (0-0)
Markagailua ez da mugitu ate aurrean bietako batek ere ez baitu asmatu. Realak eraman du jokoaren pisua lehen zatian, baina Celtak lehia orekatu du atsedenaldiaren ostean.
Ainhoa Moraza: “Gure maila non dagoen jakiteko balio behar digute horrelako partidek”
Reala Txapeldunen Ligatik at geratu da Chelsearen aurka 0-1 galdu ostean. Ainhoa Morazarek azaldu du “taldeak partida oso landua” egin duela, markagailua guztiz kontra eduki arren. Hala ere, “bide onetik” doazela adierazi du donostiarrak.
Hauxe izan da Reala-Chelsea partidako gol bakarra
Realak 0-1 galdu du Chelsearen aurka, Txapeldunen Ligako hirugarren sailkatze-txandako itzuliko partidan, Zubietan. Keira Walshek sartu du talde ingelesaren aldeko gola, 54. minutuan.
Realak ahalegin handia egin du Chelsearen aurka, baina galdu du Zubietan, eta Txapeldunen Ligatik at gelditu da (0-1)
Keira Walshek, 54. minutuan, hirugarren sailkatze-txandako itzuliko partidako gol bakarra sartu du. Horrenbestez, euskal taldeak Europa Kopa jokatuko du. Chelseak erakutsi du talde bikaina dela, baina Reala ondo aritu da bigarren norgehiagoka honetan, eta kanporaketan ere bai.
Erik Bretos: “Munduko klub guztiek nahiko lukete Mikel Oyarzabal izan, baina berak Realean egon nahi du”
Realaren Futbol zuzendariak, asteazkenean, amaitu berri den fitxaketetako merkatua izan du hizpide; agerraldian, Realaren kapitainaren gainean mintzatu da: “Merkatuan egon nahiko balu”, adierazi du, “mila eskaintza izango genituzke”.
Mikel Goti Real Oviedora, utzita
Erdilaria Realetik utzita helduko da Asturiaseko taldera, 2026-27 denboraldiaren amaierara arte.