Illarramendik Athleticen aurkako Errege Kopako finala jokatu ahalko du
Asier Illarramendi Realeko jokalariak Athleticen aurkako 2019-2020 Errege Kopako finala jokatu ahalko du apirilaren 3an, aurtengo Kopako final-zortzirenetan Betisen aurka txartel gorria ikusteagatik bete beharreko zigorra, datorren denboraldiko (2021-2022) Errege Kopako lehen norgehiagokan beteko baitu.
Realak kontsulta egin zion Espainiako Futbol Federazioari, Illarramendik iazko Kopako finala jokatu ahalko zuen ala ez argitzeko. Donostiako Klubak jakinarazi duenez, Espainiako Futbol Federazioak Realari argitu dio Asier Illarramendik 2021-2022 denboraldiko Errege Kopan lehen partidan beteko duela Betisen aurka txartel gorria ikusteagatik bete beharreko zigorra. Beraz, Imanol Alguacilek deialdian sartu ahalko du erdilaria apirilaren 3ko finalerako.
Mateu Lahoz epaileak txartel gorria aterata egotzi zuen Illarramendi Betisek eta Realak Benito Villamarinen jokatu zuten aurtengo Errege Kopako final-zortzirenetan. Realak Lehiaketa Batzordean eta Apelazio Batzordean helegiteak jarri zituen, baina biek berretsi zuten partida bateko zigorra Asier Illarramendirentzat.