Osasunak markagailua irauli eta garaipena eskuratu du Balaidosen
Aspasek aurretik jarri ditu etxekoak, baina Marcos Alonsoren kanporaketak partida aldatu du eta Barjak eta Budimirrek markagailua irauli dute.
Osasunak partida irauli eta Celtari irabazi dio (1-2) Balaidosen, EA Sports Ligako lehen jardunaldiko partidan. Gorritxoak atsedenaldiaren ostean suspertu dira eta buelta eman diote neurketari, hiru puntuak bereganatuz.
Etxekoek aurrea hartu dute Iago Aspasen golari esker. Osasunak zelai erdian izandako galera baliatu du aurrelariak area inguruan baloia kontrolatu eta Sergio Herrera gainditzeko.
Bigarren zatian, Marcos Alonsoren kanporaketak neurketa baldintzatu du. Celtako atzelariak txartel horia ikusi du lehenengo Iker Muñozi egindako sarrera gogor batengatik, baina epaileak VAReko ekintza berrikusi du, txartel gorria kendu dio eta txartel gorria atera dio Alonsori.
Kike Barjak partida berdindu du 54. minutuan. Osasunako hegalekoak erdiraketa bat aprobetxatu du errematatu eta markagailuan 1-1ekoa jartzeko.
Budimirrek penalti puntutik amaitu du markagailua iraultzeko lana. Aurrelari kroaziarrak hamaika metroetatik jaurti du, Javi Galanek area barruan eskuarekin ukitu ondoren, eta behin betiko 1-2koa lortu du.