Osasunak puntu bat atera du Lugoren aurka, 2 eta 0 galtzen hasi ostean
Osasunak bina (2-2) berdindu du Lugoren aurka Anxo Carro zelaian jokatu duen neurketa, 2 eta 0 galtzen hasi ostean. Gorritxoek sendo jarraitzen dute lidertzan puntu bat gehiagorekin, nahiz eta bigarren den Granadak eta hirugarren den Albacetek garaipenak lortu dituzten jardunaldi honetan.
Lugok erasokor ekin dio neurketari eta pare bat abisu eman dizkio Osasunari lehen minutuetan. Talde gorritxoaren erantzuna azkar iritsi da, baina Brandonek ez du asmatu errematea egiterakoan. Abagune argiegiak sortu ez arren, erasokorragoa izaten ari zen Galiziako taldea, eta Lugoren ekinak saria jaso du, 21. minutuan Cristian Herrerak sartu duen golari esker (1-0). Gola jaso ostean, Osasunak berdinketaren bila jo du, eta bi gol aukera izan ditu. Hala ere, Ruben Garcia eta Brandon ez dira gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
Bigarren zatiari ere Osasunak baino hobeto ekin dio Lugok. Gainera, etxeko taldeak aukera izan du abantaila handitzeko 56. minutuan, baina Miguel Vieiraren errematea kanpora joan da. Partidako 60. minutuan, ordea, Lugok bigarren gola sartu du Dani Escricheren bitartez (2-0). Falta atera du Tete Morentek, eta Escrichek errematea sare barrura bidali du.
Bigarren gola jasota, Osasunak desabantaila murriztea zuen lehen jomuga. Gorritxoek azkarregi iritsi nahi zuten aurkariaren ate ingurura, eta ez du lortu abagune argiak sortzea. Hala ere, 66. minutuan, David Garciak 2-1ekoa sartu du Ruben Garciak ateratako korner baten ostean.
Norgehiagoka ireki egin da Osasunak gola sartu ostean. Eraso-saiakerak egon dira talde bien aldetik, baina aukera nabarmenik ez. Talde gorritxoak aukera izan du 78. minutuan, eta Lugok hurrengo jokaldian. Fran Meridak jokaldi ona egin, pasea eman du, eta Rober Ibañezek kanpora bota du jaurtiketa. Lugoren erantzunean, Osasunako defentsa erne ibili da Luis Ruizi atepean errematatzen ez uzteko.
Azken txanpan erasora jo du Osasunak bete-betean, eta berdinketa lortzeko aukerak izan ditu. Kike Barjak 83. minutuan egin duen errematea Lugoko atezainak gelditu du, eta etxeko taldeko defentsa ondo ibili da, eragotzi egin baitu Brandonek atepean errematea egitea. Ekinean jarraitu du Osasunak, eta ekinak saria jaso du 91. minutuan Xiscok sartu duen golarekin (2-2). Buruz erremate bikaina eginda sartu du gola aurrelari gorritxoak.
Behin partida berdinduta, luzapenean, Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak lehia irabazteko aukera izan du, baina Juan Villarrek zutoinera bidali du errematea. Ondoren, epaileak baliorik gabe urzi du Roberto Torresen gola, jokoz kanpo baitzegoen. Amaieran, berdinketa Anxo Carro zelaian.
Fitxa teknikoa:
2 - CD Lugo: Juan Carlos; Campabadal, Miguel Vieira, Josete, Luis Ruiz; Tete Morente, Aburjania, Sergio Gil, Lazo (Iriome, 75. min); Escriche (Jose Carlos, 84. min) eta Cristian Herrera (Toni Martinez, 78. min).
2 - CA Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc; Roberto Torres, Oier Sanjurjo (Kike Barja, 65. min), Fran Merida, Robert Ibañez; Brandon (Xisco, 74. min) eta Ruben Garcia (Juan Villar, 81. min).
Golak: 1-0, 21. min: Cristian Herrera. 2-0, 60. min: Escriche. 2-1, 67. min: David Garcia. 2-2, 91. min: Xisco.
Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Natxo Vidal (10. min), Oier Sanjurjo (20. min), Robert Ibañez (64. min) eta David Garcia (83. min) jokalariei, baita del Sergio Gil (52. min), Josete Malagon (71. min) eta Jose Carlos (95. min), Lugoko futbolariei. Juanlu Bernal Lugoko entrenatzailea egotzi du (41. min).
Zure interesekoa izan daiteke
Lisci: “Osasunari ondo ematen ez zaion aurkaria dugu aurrean"
Osasunako entrenatzaileak Betisen aurka jokatuko duten EA Sports Ligako 31. jardunaldiko partidaz hitz egin du.Â
Iker Muñozek 2030era arte berritu du kontratua Osasunarekin
Klubak akordioa lortu du futbolariarekin beste hiru urtez gorritxo bezala jarraitzeko.
Sergio Herrera, kritiko bigarren penaltiarekin
Osasunako atezainak Alavesen aurka lortutako berdinketaren ostean hitz egin du (2-2) Mendizorrotzan jokatu den EA Sports Ligako 30. jardunaldiko euskal derbian.
Lisci: “Oso partida ezberdina izango da, aurrekoekin alderatuz"
Osasunako entrenatzaileak EA Sports Ligako 30. jardunaldian Alavesen aurka jokatuko duten euskal derbiari buruz hitz egin du.
Muñoz: "Oso garrantzitsua zen gaur irabaztea"
Iker Muñoz Osasunako jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partidan Gironaren aurka 1-0 irabazi ostean.
Budimirren golak merezitako saria eman dio Osasunari Gironaren aurkako partidan (1-0)
Lisciren mutilek hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte. Gazzaniga atezainaren geldiketek nafarrek markagailu zabalagoa lortzea saihestu dute.Â
Lisci: "Denok ehuneko ehuna ematen dugunean, guztiei aurre egiteko gai gara"
Osasunako entrenatzaileak Gironaren aurkako EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partidari buruz hitz egin du. Horren arabera, irabazteko joaneko partidan baino partida hobea egin behar dute.
Moncayola: "Argi dago zuzendu egin behar ditugula gauza batzuk"
Jon Moncayola Osasunako jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan Realaren aurka 3-1 galdu ostean.
Lisci: "Partida jokatzeko eta egoera iraultzeko gogoak ditugu"
Osasunako entrenatzailea EA Sports Ligako 28. jardunaldian Realaren aurka jokatuko duten partidari buruz aritu da. Horren arabera, urteko gaurik gogorrenak Realaren aurkako partiden ostean izan dira.Â
Osasunak puntu bat lortu du Mallorcaren aurka, azken hasperenean partida iraulita (2-2)
Talde gorritxoak azken minutuan irauli du markagailua Malllorcaren aurka, 2-2 berdinduz, 89. minutura arte 0-2 galtzen joan ostean. Kike Barjak egin du lehen gola, 89. minutuan, eta Budimirrek berdinketa ezarri du 93.ean, epaileak jokalari bi kanporatu izanak markatu duen partidan.