FIFA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

FIFAk Athletic sartu du bere zerrenda beltzean, eta 2028ra arte fitxatzea galaraziko lioke

Jatorria Pumas talde mexikarrak FIFAri helarazitako kexa batean dago, haien ustez, bilbotarrek ez zutelako zuzen jokatu Padilla atezaina berreskuratzeko prozesuan. Balizko zigorrak fitxaketak egin ahal izateko hiru leiho barne hartuko lituzke. 

ATHLETIC-JON-URIARTE-MIKEL-GONZALEZ-01

Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria. Artxiboko irudia: EITB

Futboleko Nazioarteko Federazioak (FIFA) "baneatutako" kluben zerrendan sartu du Athletic. Zigorrak – atzo, asteazkena, indarrean sartu zen – hiru fitxaketa-leihori eragingo lieke, eta horrek hurrengo bi udak eta 2026-27 denboraldiko negua ekarriko lituzke, 2027-28ko negura arte iritsiz.

Ia egunero eguneratzen den zerrenda da. Athleticez gain, munduko futbolaren erakunde gorenak Libiako bi talde eta Venezuelako bat sartu ditu zerrenda horretan. Gaur Argentinako talde historiko bat ere sartu du, Banfield. Espainiako Estatuan Algeciras eta Velez ere daude zerrenda horretan.

Athletic zerrendan sartzeko erabakia Pumas talde mexikarrak FIFAri helarazitako kexa batean oinarrituta dago. Pumaseko arduradunen arabera, talde bilbotarrak ez zuen zuzen jokatu Alex Padilla atezaina berreskuratzeko prozesuan.

FIFA Registration Ban List, munduko futbola zuzentzen duen erakundearen webgunean kontsulta daitekeena, duela bi urte sartu zen indarrean, gardentasuna sustatzeko eta FIFAren eta bere organo judizialen jarduerei buruzko informazio guztia zabaltzeko.


Ibaiganek ez du azalpen ofizialik eman zerrenda beltz honetan sartu ondoren, baina FIFAren arabera, klubei ezartzeko ahalmena duten diziplina neurrien artean dago jokalariak inskribatzeko debekua.

Hala ere, baliteke talde zuri-gorriak FIFAk eta klubak berak zehaztu ez duten  urraketa garaiz zuzentzea, eta inolako ondoriorik ez izatea. 

"Eskubideen inguruko desadostasuna"

Zentzu horretan,  EFE albiste-agentziak kontsultatutako talde zuri-gorriko iturriek ziurtatu dutenez, Athletic zerrenda horretan sartzeak "ez du zigorrik ekarriko" eta "datozen orduetan konponduko diren futbolari baten eskubideen inguruko desadostasuna da".

Iaz antzeko egoeran izan ziren Rayo Vallecano eta Mallorca, eta egun gutxitan konpondu zuten.       

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X