Levante menderatuta, Athleticek garaipena lortu du etxetik kanpo hiru hilabete geroago (0-2)
Levante vs Athletic Argazkia: EFE
Athleticek 0-2 irabazi dio Levanteri, eta etxetik kanpoko bolada txarrari amaiera eman dio behingoz; izan ere, abuztutik ez zuen garaipenik lortzen San Mamesetik urrun.
Robert Navarrok eta Nico Williamsek sartu dituzte golak. Garaipen honi esker, talde zurigorria Europako postuetara begira jarri da EA Sports Ligako sailkapenean.
Ernesto Valverderen taldea bikain aritu da lehen zatian, eta orain arte ez bezala, atea aurrean eraginkorra izan da. Robert Navarrok sartu du lehen gola, neurketa hasi eta berehala; bigarrena, berriz, Nico Williamsek egin du, atsedenaldia baino lehen. Gol ederra izan da, baloia atezainaren gainetik loratuta bidali baitu sarera.
Levantek ez du ezer egin lehen zatian, baina atsedenaldiaren ostean, hobeto aritu da zelaian. Edonola ere, nahi eta ezin ibili dira etxekoak, eta ez dute ahalmenik izan arrisku nahikorik sortzeko.
Athletic, ostera, ez da lehen zatian bezain fin aritu, baina ondo kudeatu du abantaila, golik jaso gabe amaitu du norgehiagoka eta hiru puntu garrantzitsu lortu ditu etxetik kanpo, datozen partidei konfiantzarekin heltzeko: Real Madril, Atletico eta PSG izango ditu aurkari.
0-1: ROBERT NAVARROREN GOLA
0-2: NICO WILLIAMSEN GOLA