Sophie Istillartek futbola uztea erabaki du, 26 urterekin
Sophie Istillart Athleticeko jokalaria denboraldiaren amaieran erretiratuko da, 26 urterekin. Hala jakinarazi du klubak astelehen honetan (apirilak 25) ohar baten bidez.
Istillartek eskuin belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatua hautsi zuen Levanteren aurkako partidan. Martxoaren 2an ebakuntza egin zioten, eta errehabilitazioa "arazo gabe" aurrera doala adierazi du Athleticek.
2020ko udan iritsi zen Sophie Istillart Athleticera, Bordeleko Girondinsetik. Frantziako taldeko kapitaina zen. Bi denboralditan, 42 partida ofizial jokatu ditu talde zuri-gorriarekin.
Klubak datarik zehaztu ez duen arren, Baionako erdilariak prentsaurrekoa eskainiko du futbola uzteko erabakia hartzera bultzatu duten arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko.