Larrañagak eta Eto'ok Williams zoriondu dute bere markarengatik
Radio Euskadiko "Fuera de Juego" saioak Iñaki Williams elkarrizketatu du astearte gauean, Espainiako Lehen Mailan jarraian jokatutako partiden marka (203) hobetu izana aitzakia moduan hartuta.
"Oso harro nago lortutakoaz, nire taldekideei, entrenatzaileei eta gurasoek eman didaten genetikari esker", adierazi du Athleticeko aurrelariak.
Williamsek titular gisa jokatu zuen Alavesen aurkako derbia iragan jardunaldian, eta horri esker Juan Antonio Larrañaga Realeko atzelari ohiak ordura arte zeukan marka hobetu zuen. Azken horrek Radio Euskadiko mikrofonoetan esan duenez, Williamsek orain arte egin duena "oso handia" da, eta "hala egiten jarraituko du", txuri-urdinaren ustez.
Ezustekoa Williamsi
Elkarrizketaren une batean, saioak sorpresa bat eman nahi izan dio aurrelari zuri-gorriari, horren idoloetako bat, Samuel Eto'o, harekin harremanetan jarrita. Kamerundarrak, "futbolaren historiako aurrelaririk onenetakoa", Williamsen esanetan, ez du zuri-gorriari zorionak emateko aukera galdu, ezta bere ibilbide profesionaleko zenbait pasadizo kontatzeko ere.
(Elkarrizketaren jatorrizko audioa, gaztelaniaz)