Athletic finalean izango da, Granadan galdu arren (2-1)
Athletic Errege Kopako finalerako sailkatu da ostegun honetan, nahiz eta 2-1 galdu duen Granadaren aurka, Nuevo Los Carmenes estadioan. Alabaina, joaneko neurketan lortutako 1-0ekoak txapelketan aurrera egitea eta apirilaren 18an izango den behin betiko neurketa jokatzea ahalbidetu die zuri-gorriei.
Andaluziako taldeak bere aldeko izan du kanporaketa une batean, Carlos Fernandezek eta German Sanchezek bigarren zatian sartutako golei esker; aitzitik, Yuri Berchichek 81. minutuan egindakoak etxekoen ametsak zapuztu ditu.
Gaizka Garitanok aurreikuspenak bete ditu, eta Mikel San Joseren aldeko hautua egin du hasierako hamaikakoan ateratzeko, zigortuta zegoen Dani Garciaren lekua bete zezan, Granadaren geldikako jokaldiak hobeto defendatzeko asmoz.
Horrez gain, Derioko entrenatzaileak hiru erdiko atzelariz osatutako defentsa lerroa zelairatu du, bertan izan dira Yeray, Unai Nuñez eta Iñigo Martinez.
Neurketari zuhurtziaz ekin diote talde biek, arrisku handirik hartu gabe; hori bai, etxekoak sarriago lotu dituzte erasoko jokaldiak. Dena den, jokoak apenas izan du erritmorik, talde bateko zein besteko faltak elkarren atzetik pilatu baitira hastapenean.
Aitzitik, hogeigarren minututik aurrera, lehiak bizitasun handia hartu du. Neurketako lehendabiziko abagune garbia bilbotarren aldekoa izan da, 23. minutuan. Williamsek ihes egin du eskuin hegaletik abiaduraz. Area barrura erdiratu du, eta, baloia alderatzeko asmotan zebilen Victor Diaz atzelariak bere atearen aurka errematatu du. Rui Silva atezainak gelditu bikaina egin behar izan du gola eragozteko.
Bost minutu geroago, San Joserena izan da saiakera. Korner baten ostean, Yurik barneraldia egin du ezkerretik, atzera erdiratu du, eta area txiki barruan zegoen erdilari nafarraren jaurtiketa ez da atera joan gutxigatik. Ia jarraian, Williamsek baloia lapurtu die atzelari andaluziarrei, eta hark ere atzeraka erdiratu du Raul Garciaren bila, baina haren errematea ere eskasa izan da.
Ondoren, lehen zatiak ordu erdia bete duenean, etxekoen txanda izan da. Bi hurbilketa arriskutsu kateatu dituzte Unai Simonen inguruetan. Horietako bigarrenean, Simon nahasi egin da baloi bat urruntzeko garaian, eta estutasuna eragin du zelaira bertaratu diren zale zuri-gorrien artean.
Granadak lehen zatiko azken unean izan du bere aukerarik nabarmenena. Yangel Herrerak buruz errematatu du korner bat, eta Iñaki Williamsek urrundu behar izan du atepetik baloia, ateko marra zeharkatzeko zorian zegoela.
Haatik, andaluziarrek berehala orekatu dute kanporaketako markagailua atsedenalditik bueltan. Izan ere, Carlos Fernandezen burukada bikain baten bidez 1-0ekoa lortu dute, Machisek ezkerretik jarri duen erdiraketa baliatuta. Aurrelari andaluziarrak Unai Simon inoiz heldu ezin zen tokian jarri du baloia.
Partida nola zegoen ikusita, Garitanok lehendabiziko aldaketa egin du bigarren zatiko hamabosgarren minutuan, Iñigo Cordoba zelairatu eta Capa kenduz. Horrek defentsaren eraldatzea ekarri du, Yeray pasatu baita eskuin hegalera.
Hala ere, taldearen egituran egindako eraldaketa horrek ez dio espero zuen emaitzarik ekarri talde zuri-gorriari, eta sufritzen jarraitu du hurrengo minutuetan ere, Granadak ekinean jarraitu baitu du. Hartara, etxekoei saria etorri zaie 76. minutuan. Korner bat atera dute, eta Germanek garbi gainditu du Unai Nuñez jauzian, baloia sare barrura bidaltzeko.
Kanporaketak itxura txarra hartu du lehoientzat, Los Carmenes zelaian jaia nagusi baitzen une horretan. Garitanok berehala egin du bigarren aldaketa, Aduriz jokoan jarri baitu San Joseren ordez. Alabaina, neurketa zailen zegoenean, Athleticek partidako jokaldirik onena antolatu du ezker hegaletik. Yuri area barruan barneratu da Vesgak sakonean emandako pase batekin, eta zarauztarraren zartakoaren aurrean Rui Silva atezainak ez du erantzunik izan.
Azken txanpan, Granada ahalegindu da finalera eramango zuen golaren bila, baina Machisek gaizki egindako erremate bat besterik ez du lortu arrisku moduan.
Horrenbestez, apirilaren 18an Sevillako Cartuja estadioan jokatuko den Kopako finalak bi euskal talderen arteko derbia hartuko du, bertan izango baitira Athletic eta Reala nor baino nor gehiago.
Fitxa teknikoa:
Granada: Rui Silva, Foulquier (Fede Vico, 84. min), Victor Diaz, German, Domingos Duarte, Carlos Neva (Antoñin, 84. min), Gonalons, Yangel Herrera (Yan Eteki, 60. min); Antonio Puertas, Machís eta Carlos Fernández.
Athletic Club: Unai Simon, Capa (Cordoba, 59. min), Yeray, Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, San Jose (Aduriz, 79. min), Vesga, Raul Garcia, Muniain (Sancet, 92. min) eta Williams.
Goles: 1-0, 48. min: Carlos Fernandez. 2-0, 76. min: German. 2-1, min. 81: Yuri.
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: German (Granada); Yeray eta Vesga (Athletic).
Zure interesekoa izan daiteke
Maroan: “Hurrengo partidetan dena emango dugu”
Maroan Sannadi Athleticeko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Getaferen aurka 2-0 galdu ondoren.
Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (2-0)
Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ia ez dute aurkariaren atea urduritu, eta amore eman dute Getaferen aurrean.
Athleticek azken hatsean irabazi dio Levanteri (0-1)
Athleticek asko kostata irabazi dio Levanteri, F Moeve Ligako azken sailkatuari, hain justu ere. Partida oso parekatua izan da. Talde zuri-gorriak, baina, ez du amore eman, eta Ane Camposek 92. minutuan sartu du garaipenaren gola.
Valverde: “Nico Williams oso ondo dago, minik gabe eta jokatzeko aukerekin"
Nico Williamsen itzulera da nobedade nagusietako bat Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak Getaferen aurka igande honetan jokatuko duen partidarako deitutako 24 futbolarien zerrendan.
Clara Pinedo Athleticeko jokalaria, berritasun nagusia Espainiako selekzioaren deialdian
Irene Paredes legazpiarra berriro sartu da zerrendan, eta Adriana Nanclares Athleticeko atezaina eta Aiara Agirrezabala Realeko atzelaria ere ageri dira bertan.
Yerayk jokatzeko baimena du, hamar hilabeteko zigorra beteta
Athleticeko erdiko atzelariak positibo eman zuen, 2025eko maiatzean, doping-kontrol batean. Otsailaren 2an hasi zen Lezaman entrenatzen, eta orain, Ernesto Valverdek hala erabakiz gero, baimena du berdegunera bueltatzeko.
Jon Uriartek bi egunetan lortu ditu Athleticeko presidentetzarako bere hautagaitza balioztatzeko gutxieneko 2.070 abalak
Momentuz, talde bilbotarraren hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri duen bazkide bakarra da; hauteskundeak maiatzaren 8rako deituta daude.
Jon Uriartek bere hautagaitza ofizial egin du: “Athletic askoz handiagoa egitera gatoz"
Bilboko taldearen bulegoetan aurkeztutako hautagaitzak oraingoz beste zortzi kide ditu: Jon Salinas, Xabi Alvarez, Ibon Naberan, Nacho Uriguen, Roque Echaniz, Jon Ruigomez, Laura Ruiz de Azua eta Josetxu Urrutia.
Athleticek ezin izan du Atletico menderatu, nahiz eta koltxoneroak bat gutxiago izan (1-2)
Athleticek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu dute F Moeve Ligako 24. Jardunaldiko partida. Atletico jokalari bat gutxiagorekin geratu da 35. minutuan eta Nerea Nevadok gola sartu du ia jarraian. Hala ere, Penalvo eta Oterminen golek garaipena eman diete Atleticori.
Athleticeko Kudeaketa Batzordeak ofizialki deitu ditu hauteskundeak maiatzaren 8rako
Hautagaitzak "formalki eta osorik" aurkezteko epea apirilaren 9an hasi eta hilaren 18an amaituko da.