Oyarzabalek eta Lamine Yamalek Espainiaren garaipen argia bideratu dute Austriaren aurka (3-0)
Realeko aurrelariak beste bi gol sartu ditu ostegun honetan, eta dagoeneko lau egin ditu Munduko Txapelketa honetan. Eibartarrak Luis de la Fuenteren taldea aurreratu du lehen zatian, Pedro Porrok bigarren gola egin du atsedenaldiaren ostean, eta gipuzkoarrak hirugarrena sartu du azken minutuetan.
Mikel Oyarzabal, Austriaren aurka sartu duen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Espainiako selekzioak Austriari irabazi dio gaur (3-0) Los Angeleseko SoFi Stadiumean, Ameriketako Estatu Batuetako, Mexikoko eta Kanadako Munduko Txapelketako final-hamaseirenetan, Mikel Oyarzabalek bi gol eta Pedro Porrok beste bat eginda. Final-zortzirenetarako sailkatzeaz gain, Luis de la Fuenteren taldea bertsio onena itzuli da.
Espainiak zalantzak uxatu ditu, futbol azkar eta zuzenarekin, baina defentsan duen sendotasuna galdu gabe.
Gainera, Unai Simon arabarra Munduko Txapelketetako historian boladarik onena izan duen atezaina bihurtu da, bere atea hutsean 518 minutu baino gehiagotan mantenduta. Murgiako atezainak Walter Zenga italiarra gainditu du.
Mikel Oyarzabal eibartarraren (29) golek desorekatu dute Austriaren aurkako lehia. Bere bi golekin Fernando Morientes gainditu du, eta seigarren postuan Fernando Hierrorekin berdindu du. Aurrelari gipuzkoarrak lau gol egin ditu jadanik txapelketa honetan.
Ralf Rangnicken taldearen erresistentzia lehen zatian behera etorri da. Pedrik gidatu du erasoa, eta Cucurellak pase bikaina eman dio Mikel Oyarzabali, gipuzkoarrak Espainiaren lehen gola sartu zezan.
Aldageletara joan aurretik, Baenak baloia langara bidali falta jaurtiketa batean, eta Laminek errenta bikoizteko beste aukera bat izan du.
Bigarren zatian iritsi da Espainiaren bigarren gola. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, Baenaren erdiraketa buruz errematatu du Pedro Porrok, sare barrura bidaliz.
Azken minutuetan heldu da partidako hirugarren eta azken gola. Espainiak sakontasuna aurkitu du berriro Cucurellaren bitartez ezker hegalean. Eta lehen golean gertatu bezala, Real Madrileko jokalari berriak Oyarzabal bakar-bakarrik ikusi du area barruan, eta gipuzkoarrak baloia bultzatu besterik ez du egin behar izan.