Real Madrilek hamabosgarrenez irabazi du Europako Kopa
Real Madrilek irabazi du 2023-2024 denboraldiko Txapeldunen Liga, Wembley estadioan jokatu den finalean, Borussia Dortmund mendean hartuta. Carvajalek eta Viniciusek sartu dituzte zurien golak, bigarren zatiaren azken laurdenean.
Borussia Dortmundekoek ausardiaz jokatu dute hasieratik, eta partida ia osoan nagusi izan dira. Hainbat aukera garbi izan dituzte gola sartzeko, baina ez dute asmatu Courtoisen ate aurrean, eta larrutik ordaindu dute azkenean.
Real Madrilek asko sufritu du, baina partida amaitzeko 15 bat minutu falta zirenean, Carvajalek aurretik jarri du Ancelottiren taldea, korner batean gola buruz eginda. Gol horrek norgehiagoka aldatu du, eta handik minutu gutxira iritsi da zurien bigarrena. Viniciusek sartu du.
Hortxe amaitu da finala. Real Madrilek bere historiako 15. Europako Kopa bereganatu du, eta azken 11 urteetan lortu ditu azken seiak.
FITXA TEKNIKOA
0- Borussia Dortmund: Kobel; Ryerson, Hummels, Schlotterbeck, Maatsen; Can (Malen, 80. min), Sabitzer; Sancho (Bynoe-Gittens, 87. min), Brandt (Haller, 80. min), Adeyemi (Reus, 72. min); Füllkrug.
2- Real Madril: Courtois; Carvajal, Rüdiger, Nacho, Mendy, Valverde, Camavinga, Kroos (Modric, 85. min), Bellingham (Joselu, 85. min); Rodrygo (Militao, 91. min) eta Vinicius (Lucas Vazquez, 94. min).
Golak: 0-1, 74. min: Dani Carvajal. 0-2, 83. min: Vinicius Junior.
Epailea: Slavko Vincic. Txartel horia atera die Schlotterbecki, Sabitzerri, Hummelsi eta Viniciusi.