Eibarrek galdu egin du Sevillan, lehen itzuli onari amaiera eman dion partidan
Eibarrek 3-0 galdu zuen igandean Sevillaren kontra, F Ligako lehen itzuliko azken partidan. Hala amaitu zuten armaginek lehen mailarako itzuleraren denboraldiaren hasiera. Yerai Martinek gidatzen duen taldea hamabigarren dago sailkapenean, 13 puntu eskuratuta, jaitsiera postuetatik 6 puntura.
Entrenatzaile andoaindarrak X sarean egindako adierazpenenetan azaldu zuenez, taldeak partida ona egin zuen, emaitzak hala islatu ez arren. Jokalariak zoriontzeko ere aprobetxatu zuen mezua, ez bakarrik Sevillaren aurkako lehian egindako ahaleginagatik eta lanagatik, baita lehen itzuli osoagatik ere.
Realak, bestetik, bana berdindu zuen Zubietan, Madrid CFFren aurka, azken minutuan Jensenek sartutako gol bati esker. Madrildarren gola Leek egin zuen, 18. minutuan. Natalia Arroyoren taldea zazpigarren dago F Ligan, 22 punturekin.