Mallorca-Reala eta Atletico Madril-Athletic, Kopako finalerdietako kanporaketak
Mallorca-Reala eta Atletico Madril-Athletic dira Errege Kopako finalerdietako kanporaketak. Hala egokitu da, ostiral honetan (urtarrilak 26), Las Rozaseko (Madril) Futbolaren Hirian egindako zozketan.
Ondorioz, txuri-urdinek eta zuri-gorriek kanpoan jokatuko dituzte joaneko partidak, baina itzulikoak Anoetan eta San Mamesen izango dira hurrenez hurren. Mallorca-Reala kanporaketako joanekoa otsailaren 6an jokatuko da 21:00etan; itzulikoa, aldiz, otsailaren 27an Anoetan 21:30ean. Bestalde, Atletico-Athletic kanporaketako joanekoa otsailaren 7an izango da, Metropolitanon, 21:30ean, eta itzulikoa San Mamesen hilaren 29an, hau ere 21:30ean.
Zozketan, kanporaketako joaneko neurketa etxean jokatuko duten bi taldeen izenak atera dituzte lehenengo: Mallorcarena atera da estreinakoan, eta Atletico Madrilena jarraian. Gero, hirugarren bola Realaren izena zeramana izan da; eta, ondorioz, Balearretako eta Donostiako taldearen arteko kanporaketa zehaztuta geratu da. Athleticen izena zeraman bola azkena izan da irteten; horrenbestez, erabakita geratu da koltxoneroen eta zuri-gorrien arteko kanporaketa.
Finalerdietako kanporaketak:
Mallorca-Reala
Atletico Madril-Athletic