Federazioak ordubete aurreratu du Athletic–Osasuna Kopako itzulikoa
Espainiako Futbol Federazioak asteazken honetan jakinarazi duenez, ordubete aurreratu ditu Errege Kopako finalerdietako itzuliko partiden ordutegiak. Horrenbestez, bai apirilaren 4an jokatuko den Athletic-Osasuna lehia, bai egun bat geroago, apirilaren 5ean, izango den Bartzelona-Real Madril norgehiagoka, 21:00etan hasiko dira, 22:00etan hasi ordez.
Bilbotarren eta iruindarren artekoari abantailarekin helduko diote nafarrek, 1-0eko emaitzarekin gailendu baitziren joanekoan, Abdek sartutako golari esker. Partida horretan gertatu zen legez, bigarren norgehiagoka hori ere zuzenean ikusteko aukera izango da ETB1en.
Beste kanporaketari dagokionez, Bartzelona aurretik dago kanporaketan, Real Madril 0-1 menderatu baitzuen Bernabeun.