Salsamendik Orioko entrenatzaile izateari utzi dio, eta Arostegik hartuko du haren lekukoa
Jon Salsamendik ez du Orioko gizonezkoen taldea zuzentzen jarraituko. Hala jakinarazi du oriotarrak berak gutun bidez ostiral honetan, urriaren 20an. Ordu batzuk geroago, klubeko zuzendaritza berriak jakinarazi du Mikel Arostegi dela gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria.
Salsamendiren gutuna honela hasten da: "Urriak 10 astearte gauean jasotako telefono deiaren ondoren, familia eta 2023 denboraldian nirekin batera aritutako arraunlariei adierazi nien 2024 denboraldian ez nintzela ORIO AEko entrenatzaile izango. Ordutik honaino, arraun elkarteko hauteskunde prozesu bat medio, beste inon ez dut adierazpenik egin nahi izan, betiere, prozesu horri eta Elkarteari diodan errespetu eta maitasunagatik. Urriak 17 asteartean berriz, behin betiko zuzendaritza batzorde berria aurkezteko ezohiko batzarraren ondoren, presidente berriaren adierazpenak entzunda, nire izenak, berriro ere ORIO AEren 2024 proiektuarekin nolabaiteko binkulazioa eduki zezakeela airean geratu zela iruditu zitzaidan. Gauzak horrela, batzuk era batera eta beste batzuk bestera, denetarik esan edo entzun daitekeela onartuz, nire aldetik, esatekoak, ixiltasunetik askoz hobeago ulertuko zaidalakoan nago".
Ondoren, eskerrak eman dizkie zaleei, klubari eta babesleei: "Gaur, urriak 20, ostirala, gauza bat bakarra dut esateko. Laster 53 urte beteko ditut, 38 jarraian arraunean eta horietatik 27 Orion. Orio AE osatzen duen komunitate osoari, zaleei, babesleei eta Orioko udal eta herritar guztiei, ESKERRIK ASKO. Momentu zoragarriak bizitzeko emandako aukeragatik, ESKERRIK ASKO. Kirol emaitzak albo batera utziz, hainbeste urtetan, hainbeste arraunlarirekin (ehundaka) bizitakoa elkarrekin bizitzen uzteagatik, ESKERRIK ASKO. Zaleen pozak, tristurak, baina, batez ere, ilusioak elkarbanatzeagatik, ESKERRIK ASKO. Konfiantza eman didazuen guztiei eta kritikatik hobea izatera bultzatu nauzuenei ere, ESKERRIK ASKO".
Eskutitzaren amaieran, hauxe esan du: "Bukatzeko, aurreko bi zuzendaritza taldeei eta, bereziki, hurrengo lau urteetarako elkartearen zuzendaritza kudeatzera konprometitu den lantaldeari, oso jende gutxik hartuko lukeen erantzukizuna hartzeagatik, ESKERRIK ASKO, eta indartsu mantendu aurrera begira. Honekin batera, eskaera bat zale eta, batik bat, herritar guztiei: babes ditzagun denon artean lantalde honen erabakiak, eta, batik bat, elkarte barruko "gorabeherak" ez dezala inondik inora herri bizikidetza nahastu. Iritzi ezberdinak zilegi dira, bai, baina herri bizikidetza zaintzen ez badugu, beste guztiak ez luke inongo zentzurik. Mila esker denoi bihotzez, eta AUPA ORIO!".
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Elorza: “Errotazioak eginda txalupa ondo ibiltzea oso garrantzitsua da guretzat”
Iñaki Elorza, Orioko arraunlariari, gaurko estropada lurretik ikustea tokatu zaio. Hala ere, oso kontentu dago bere taldearen garaipenarengatik eta, bereziki, traineruak erakutsi duen mailarengatik, nahiz eta arraunlari aldaketak egin azken estropadarekin konparatuta. Hurrengo estropadetan ezin direla lasaitu ere esan du, beste ontzien maila oso altua baita.
Xanti Zabaleta: “Ilusio handiz gaude, etxeko estropadan gure lana erakutsi nahi dugu”
Hamairu arraunlari berri ditu Oriok aurtengo denboraldian, eta igandean etxean ariko da Euskotren Ligako estropadan. Denboraldiko hitzordu berezienetako bat izango da oriotarrentzat, zaleen aurrean lehiatzeko aukera izango baitute. Xanti Zabaleta entrenatzaileak adierazi duenez, taldeak ilusioz bizi du etxeko estropada. “Etxeko parrokiaren aurrean denboraldi hasieratik egindako lana erakutsi nahi dugu, baita taldeak dituen gogoa eta ilusioa ere”, esan du Zabaletak.
Euskotren Ligako Orio taldeko 16 arraunlarik oharra kaleratu dute, Zuzendaritza kritikatuz
Oharrean diote Zuzendaritzak zalantzan jarri duela eta ez dituela baloratu taldeak 2025eko denboraldian egindako lana, lortutako emaitzak eta izandako profesionaltasuna. Horrez gain, salatu dute gutxietsiak izan direla emakumeak izateagatik.
2025eko Euskotren Ligako Getariako Ikurrina: Orioren estropada, traineru barrutik ikusita
Orio hirugarren sailkatu da Getariako Ikurrinan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.
Patxi Francesek ez du Orioko arraun taldea entrenatzen jarraituko
Taldeak argitaratutako oharraren arabera, Francesek ez ditu Orioko arraunlariak gidatuko datorren sasoian, lau denboraldiren ostean.