LIGAKO 9. JARDUNALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Orio eta Arraun Lagunak nabarmen gailendu dira Hondarribiko uretan

Gizonezkoetan, Oriok aurkari guztiak birrindu ditu, Hondarribiko Bandera eskuratzeko, eta emakumezkoetan, Arraun Lagunakek gauza bera egin du Txingudiko Bandera bereganatzeko. Biek ala biek erakutsi dute lider sendoak direla.
Orio eta Arraun Lagunak gailendu dira Hondarribiko uretan. Argazkia: Aitor Arrizabalaga | ACT
Orio eta Arraun Lagunak gailendu dira Hondarribiko uretan. Argazkia: Aitor Arrizabalaga | ACT

Orio eta Arraun Lagunak nagusitasun handiz gailendu dira larunbat honetan Hondarribiko uretan jokatu den Eusko Label eta Euskotren ligetako 9. jardunaldian.Ā 

Gizonezkoetan, Gorka Aranberrik zuzendutako kuadrillak aurkari guztiak birrindu ditu, Hondarribiko XXXVIII. Bandera eskuratzeko, eta emakumezkoetan, Arraun Lagunakek gauza bera egin du Txingudiko XVII. Bandera bereganatzeko. Horrela, biek ala biek erakutsi dute lider sendoak direla.

Gizonezkoen mailan, Oriok irteera ona egin du. Hasieratik eman du egurra, eta lehendabiziko luzea bukatu orduko, zazpi segundoko abantaila zuen Zierbenarekiko.

Hurrengo luzeetan, oriotarrak erritmo biziarekin segitu dute eta, ondorioz, zuloa areagotuz joan da. Garaipena poltsikoan zuten. Zierbenak, bitartean, bigarren tokia galdu, Donostiarraren mesedetan. Hondarribia, berriz, oso atzeran geratu da, lehiatik kanpo.

Orio hasieratik bukaeraraino izan da jaun eta jabe. 20 minutu eta 19 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta minutu erditik gorako tartea atera die Donostiarrari (+28), Zierbenari (+31) eta Hondarribiari (+36).

Bigarren txandan, Urdaibaik oso lan ona egin du, eta nagusitasunez gailendu da. Bou Bizkaia-k 20 minutu eta 34 segundo behar izan ditu estropada gauzatzeko. San Juani 16 segundo atera dizkio, eta askoz atzerago sartu dira Getaria (+28) eta Ares (+52).

Lehendabiziko txandan, berriz, Lekittarra izan da azkarrena, Kaiku, Ondarroa eta Caboren aurretik, hurrenez hurrren.

Denbora horiek guztiak kontuan hartuta, Oriok bereganatu du Hondarribiko Bandera, Urdaibai izan da bigarrena eta Donostiarra hirugarrena. San Juanek, berriz, eskuratu du laugarren tokia, eta, ondorioz, Zierbena bigarren txandan lehiatuko da igandean, Lekeitioko uretan.Ā 

Horrez gain, azpimarratzekoa da Oriok jada 20 puntu ateratzen dizkiola Zierbenari Eusko Label Ligako sailkapen nagusian.

20250802195426_martxel-aldai_
18:00 - 20:00
Hondarribiko Banderaren sailkapena. Hondarribiko Banderaren sailkapena.
Euskolabel Ligako sailkapena. Euskolabel Ligako sailkapena.

Arraun Lagunakek erakustaldia eman du, eta Orio hondoratu egin da

Emakumeen probari dagokionez, Arraun Lagunakek erakustaldia emanda bereganatu du Txingudiko Bandera, eta lidertza sendotu du Euskotren Ligan. Tolosaldea eta Astillero izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren; eta Oriok, berriz, bosgarren tokian bukatu du estropada, Zumaiaren atzetik. Ā 

Juan Mari Etxaberen neskak hasieratik indarrean atera dira, eta ez diote inolako aukerarik eman gainerako traineruei. Orio bigarren joan da, Tolosaldearekin batera, baina kanpoaldean asko sufritu du Maider Etxanizek zuzendutako ontziak, eta pixkanaka-pixkanaka, atzean geratu da.

Arraun Lagunakek garaipena ziurtatuta izan du ordurako, baina ez du erritmoa moteldu. Alderantziz, azken luzean airean joan da, Orio hondoratzen ari zela jakinda, eta, azkenean, 11 minutu eta 3 segundoko markarekin bereganatu du Txingudiko Bandera.

Ohorezko txandan, Tolosaldea izan da bigarrena (+16), eta Orio, berriz, 31 segundoko atzerapenarekin sartu da. Hibaika izan da azkena, 37 segundora.

Lehendabiziko txanda, bestalde, ikusgarria izan da. Lehen luzean, Zumaia joan da buruan, eta ziabogan, sei segundoko aldea izan du Astillerorekiko, zortzi segundokoa Hondarribiarekiko eta 14 segundokoa Donostiarrarekiko.

Alabaina, bueltako luzean erabateko aldaketa izan da. Astillerok atzetik aurrerakoa egin du, eta helmugan Zumaiari gailendu zaio, segundo bakarreko tartearekin izan bada ere. Donostiarrak ere beste horrenbeste egin du, eta Hondarribiaren aurretik sailkatu da.

Bederatzigarren jardunaldia amaituta, Arraun Lagunakek lidertzan indartsu jarraitzen du. Oriok, aldiz, kolpe handia hartu du gaurkoan, eta bosgarren tokian bukatu duenez, igandeko estropadan, Lekeition, ohorezko txandatik kanpo lehiatu beharko du.

20250802182600_udane-goenaga_
18:00 - 20:00
Txingudiko Banderaren sailkapena. Txingudiko Banderaren sailkapena.
Euskotren Ligako sailkapena. Euskotren Ligako sailkapena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X