Hondarribiak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Santurtziko Ikurrinan, eta Urdaibaik lider jarraitzen du
Hondarribiak bigarren garaipena lortu du 2023ko Eusko Label Ligan, igandean, Santurtziko Ikurrinan, eta, bitartean, Urdaibaik lider jarraitzen du sailkapen nagusian. Bermeotarrak estu ibili dira aurreneko postu horri eusteko; izan ere, hamargarren tokian ere izan dira, estropadan zehar, baina, azkenean, bigarren helmugaratu da Urdaibai. Hondarribiak, irabazlea bera, estropada bikaina egin du.
Nabarmentzeko moduko hainbat xehetasun utzi ditu estropadak. Ematen zuen Hondarribiak aukera oso ona zuela Urdaibairi sailkapen nagusian aurrea hartzeko; Gorka Aranberri patroi duen taldeak ez du ondo ekin jardunaldiari, eta behin-behinean bederatzi puntura ere ikusi dute Gipuzkoako taldea. Ligako liderrak, nolanahi ere, egoera irauli du; azken luzean ederto ibilita, Zierbena gainditu du ia helmugan, eta, azkenean, bigarren postua eskuratu du. Horrenbestez, sailkapenean, puntu bateko aldea du oraindik.
Ikurrina irabazteko lehia alde batera utzita (Zierbena ere izan da borroka horretan), Lekittarrak egindako estropada ikusgarria ere bada azpimarratzekoa: bizkaitarrek laugarren tokia erdietsi dute, lehen txandan arituta. Samertolameuk zazpigarren egin du, eta Santurtzirekin duen desabantaila murriztu du. Soterako arraunlariek zorte oso txarra izan dute etxeko Banderan: lehen txandako aurreneko postuan zeudela, lehen ziabogan, aurrekalaria galdu dute, azken hori uretara erori baita. Taldekideak azken postuan helmugaratu dira, hortaz.
Lehenengo txandan, Lekittarra izan da azkarrena, 19:33 eginda; alegia, Samertolameu baino zortzi segundo gutxiago behar izan ditu. Lekeitioko taldeak, Santurtzik izandako ezbeharraren ostean, txandako onena izan da, eta berretsi egin dute Ligan erakutsitako maila ona. Kaiku hirugarren helmugaratu da; estropadako sailkapenean, Sestaoko taldeak hamargarren amaitu du.
Bigarren txandako lau traineruak aurreneko txandako irabazlearen atzean sailkatu dira. Orio izan da onena, 19:37 eginda, eta Cabo eta Ondarroa (19:43) eta Getaria (20:03) atzetik sartu dira.
Emozioa handia izan da ohorezko txandan. Zierbena irten da ondoen, eta Hondarribia eta Donostiarra gertu-gertu zeuden, baina Urdaibai ia irteeratik izan da atzerago. Joseba Amunarrizen taldea berehala kokatu da Zierbenaren parean, eta, bitartean, Urdaibaik ez zuen topatzen aurkariengandik hurbilago egoteko modurik, are gehiago, gero eta urrunago ikusten zituen, estropadak aurrera egin ahala. Bermeotarrek, baina, bidea aurkitu egin dute, azken luzean. Estropadan lortu duten bigarren postuari esker, lider jarraitzen dute; Hondarribia puntu batera dute, eta azken talde horrek Liga irabazteko aukera guztiak bizirik ditu.
Ikurrinako sailkapena
Sailkapen nagusia
Zure interesekoa izan daiteke
Miren Garmendia eta Joseba Amunarriz, denboraldiko patroirik onenak
Gaur banatu dira denboraldiko patroirik onenen sariak. Bai gizonen eta bai emakumezkoen kasuan Hondarribiko patroiei eman dizkiete, Miren Garmendia eta Joseba Amunarrizi, hain zuzen ere.
Joseba Amunarriz: ''Berriz gora iristeko, pauso bat eman behar dugu atzera; eta hori ari gara lantzen''
Joseba Amunarriz Hondarribiaren ikurretako bat da zalantzarik gabe. Ia bizi guztia darama berdeen patroi lanetan eta lorpen handiak eskuratu ditu. Berarekin izan gara eta helburu bat badu denboraldi honetarako: Ama Guadalupekoarekin bere 94. bandera astintzea.
2025eko Eusko Label Ligako Orio Kanpina Bandera: Hondarribiaren estropada, traineru barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Orio Kanpina Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.
2025eko Eusko Label Ligako OMC-Valves Bandera: Hondarribiaren estropada, traineru barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Pasai Donibaneko uretan jokatu den OMC-Valves Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.
2025eko Eusko Label Ligako Petronor Bandera: Hondarribiaren estropada, ontzi barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Eusko Label Ligako Petronor Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.